TXIRRINDULARITZA

Omar Frailek irabazi du Itzuliko bosgarren etapa

Astana taldeko txirrindulari santurtziarra nagusitu da Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan, Eibarren. Primoz Roglicek aldea handitu du, eta Mikel Landa eta Ion Izagirre bigarren eta hirugarren dira orain sailkapen nagusian.

2018ko apirilaren 6a
09:58
Entzun

Euskal txirrindularitzak zorioneko eguna izan du gaur Euskal Herriko Itzulian, euskal herritar batek irabazi baitu etapa, Omar Fraile santurtziarrak (Astana). Bera izan da azkarrena esprintean zazpi txirrindularik osatutako taldetxoan. Bigarren izan da Primoz Roglic (Lotto-Jumbo), eta lehen postuan sendotu da sailkapen nagusian. Ion Izagirre (Bahrain), berriz, hirugarren sailkatu da. Sailkapen nagusian aldaketa dezente izan da. Lehen postuan ez, Roglicek jarraitzen baitu lider. Aldea handitu du, gainera. Baina Mikel Landa (Movistar) eta Ion Izagirre dira orain bigarren eta hirugarren, 1.57ra eta 2.14ra, hurrenez hurren. Julian Alaphilippe (Quick Step) laugarren da. Bi minutu pasatxo galdu ditu gaur, eta 2.55era dago.

Hamahiru txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia, hamabi talde ordezkatuta: Jose Joaquin Rojasek (Movistar), Pierre Latourrek (Ag2r), Omar Frailek (Astana), Mark Padunek (Bahrain), Jay McCarthy (Bora), Jose Herradak (Cofidis), Tosh Van der Sandek (Lotto-Soudal), Michael Albasinik, Carlos Veronak (Mitchelton), Alex Howesek (FDJ), Jonathan Castroviejo (Sky), Jai Hindleyk (Sunweb) eta Matteo Bonok (UAD). Etapa hasi eta berehala egin dute aurrera, baina Elosua igotzen sei geratu dira aurrean: Rojas, Latour, Fraile, Padun, Verona eta Castroviejo.

Ordurako Movistar egurrean zen tropelaren buruan. Horri esker, tropela hamazazpi txirrindularik osatutako taldetxo bat bilakatu da. Faborito guztiak zeuden bertan. Hori bai, Roglic bakarrik zegoen jada, taldekiderik gabe, eta 60 kilometro falta ziren oraindik, eta Endoia eta Azurki mendate gogorrak zituzten zain. Liderraren zorionerako, maldan behera, tropela batu egin da berriz ere, eta taldekideak iritsi zaizkio. Aurrekoei, berriz, Hindley, McCarthy eta Herrada batu zaizkie berriro.

Endoian gora Landak soka tenkatu du, eta liderrak eta Ion Izagirrek bakarrik eutsi diote haren erritmoari. Txirrindulariak batu zaizkie Endoian behera eta Azurkin gora, baina bakarrik geratu dira berriro oilarren artean. Azurkin behera harrapatu egin dituzte aurrean ihesean zirenak, eta azkenean zazpi txirrindulari elkartu dira lasterketaren buruan, Eibarrera bidean: Roglic, Ion Izagirre, Landa, Fraile, Jose Herrada, Verona eta Padun. Azken esprintean Fraile izan da azkarrena.

Ikusgarri espero da gaurko etapa ere, Eibarren hasi eta Arrateko santutegian amaituko den azken saioa. Zortzi mendate igoko dituzte 122,2 kilometroan. Izua (4,7 kilometroko luzera eta %8,8ko batez besteko pendiza) eta Usartza (3,1 kilometro eta %12,7) nabarmentzen dira. Azken horretako gailurretik helmugara bi kilometro eskas daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.