Bartzelona. Valdes; Alves, Pique, Busquets, Adriano (Maxwell, 77. min.); Mascherano, Xavi, Keita; Iniesta (Afellay, 90. min.), Messi eta Villa (Pedro, 71. min).
Xakhtar Donetsk. Piatov; Srna, Rakitski, Istxenko, Rat; Huebschmann (Eduardo, 84. min.), Mkhitaryan; Douglas Costa, Willian (Alex Teixeira, 75. min.), Jadson (Fernandiho, 70. min.); eta Luiz Adriano.
Golak. 1-0. Iniestak (2. min.);2-0. Alvesek (34. min.). 3-0. Piquek (53. min.). 3-1. Rakitskik (59. min.). 4-1. Keitak (61. min.). 5-1. Xavik (86. m
Epailea. Craig Thomson (Eskozia). Txartel horiak: Bartzelonako Iniestari; eta Xakhtarreko Rati, Rakitskiri eta Fernandinhori.
Bestelakoak. 90.000 ikusle inguru Camp Nou estadioan.
Haserre mintzatu zen Pep Guardiola Xakhtar Donetsken aurkako partidaren bezperan. «Ez zait batere gustatzen entzuten ari naizena. Talde honetan entrenatzailea naizenetik lehen aldiz sentsazio txarra dut kanporaketa baten atarian. Kanporaketatik kanpo du burua taldeak, kanporaketan baino gehiago». Espainiako Liga irabazitzat eta Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketa gainditutzat emateak ezinegona eragiten zion Bartzelonako entrenatzaileari, bigarrenak batez ere. Horrexegatik, abisua eman zuen: «Super-talde baten kontra ariko gara». Gehiegikeriatik asko zuen abisuak, arerio gogorra izan arren, Xakhtar ez baita super-talde bat. Helburua, baina, argia zen: inguruan zebilen euforia desagerraraztea eta taldea erne jartzea.
Esan eta egin. Bartzelonako jokalariek bere egin zuten entrenatzaileak helarazitako mezua, eta alde batean utzi zituzten gehiegizko konfiantza guztiak. Ondorioa, espero zena: garaipena eta finalerdietan egoteko urrats ia erabakigarria. Emaitza, hala ere, apur bat engainagarria izan daiteke. Xakhtarrek golen bat gehiago sartzeko aukera garbiak izan zituen, baina Ukrainako taldea pattal aritu zen azken metroetan, eta pattalago oraindik atzealdean. Huts larriak egin zituen defentsan, eta hori barkaezina da Bartzelonaren gisako talde baten aurrean. Itzuliko partida du orain atzoko irudia garbitzeko. Etxean ariko da, bere zaleen babesean, eta hori aprobetxatu nahi du Txapeldunen Ligari burua tente duela agur esateko. Bartzelonak, berriz, bere aurkari nagusia du zain finalerdietan, Real Madril, Espainiako taldeak ere esku-eskura baitu sailkapena, herenegun Tottenhami 4-0 irabazi ostean.
Bizi-bizia izan zen Camp Nouko partida, eta bizi-bizi iritsi zen ere lehen gola, minutu eta erdi eskasera. Iniestak ondo baliatu zuen Messik egindako pasea gola sartzeko. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta Xakhtarrek jada jasoa zuen lehen kolpea. Halere, bereari eutsi zion, eta bere erasoko jokalarien bizitasunari esker estu hartu zuen Bartzelonaren defentsa. Aukera garbiak izan zituzten Luiz Adrianok eta Willianek, baina alferrik.
Eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, hutsak garesti ordaindu zituen Xakhtarrek. 33. minutuan Iniestak pase bikaina eman zion Alvesi, eta brasildarrak ondo baliatu zuen Piatovek egindako hutsa bigarren gola sartzeko.
Bigarren zatia ere bizi-bizi joan zen, eta berriz ere etxeko taldeak gola sartu zuen jokoa hasi eta gutxira. Piquek sartu zuen gola, korner batean. Partida erabakita zegoen, eta kanporaketa ia-ia. Bisitariek, baina, emozioa eman zioten, Rakitskik sartutako golari esker. Bartzelonak, ordea, gauzak bere onera bueltatu zituen, Keitaren golarekin. Ez zen izan etxekoen azken gola. Xavik errematea eman zion Xakhtarri, bosgarren gola sartuta.
Manchester United nagusi
Jardunaldiko beste norgehiagokan, Ingalaterrako taldeen arteko lehian, Manchester Unitedentzat izan zen garaipena, Wayne Rooneyk 24. minutuan sartutako golari esker. Atzoko garaipenarekin, Alex Fergusonek zuzendutako taldeak urrats handia egin du finalerdietan aritzeko. Chelseak, ordea, buelta emango beharko dio kanporaketari, non eta Old Trafforden. Roman Abramovitxek hamaikagarren porrota jaso dezake.
Bartzelona 5. Xakhtar Donetsk 1
On egin dio abisuak
Bartzelonak astindua eman dio Xakhtarri, eta esku-eskura du Txapeldunen Ligako finalerdietarako txartela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu