Ondarroak ezustekoa eman du Kontxako Banderako sailkapen estropadan. Bizkaitarrak izan dira azkarrenak, eta, horri esker, Kontxako Banderan jokatzeko estropadan ariko da, 23 urte geroago. Ondarroak 20.15,30eko denbora egin du, eta ezustekoa eman. Zazpi segundo atera dizkio bigarrenari.
Orio izan da bigarrena, eta 7,20ra sailkatu da. Sailkatu diren beste traineruak hauek izan dira: Santurtzi, 7,40ra; Hondarribia, 9,60ra; Urdaibai eta Kaiku, 11,50era; eta Zierbena, 16,80ra. Hots, Eusko Label ligako lehen zazpi sailkatuak eta Kaiku (bederatzigarrena da) lehiatuko dira hurrengo bi igandeetan. Zortzigarren Cabo da ligan, baina kanpoan geratu da gaur.
Heldu den igandean, lehen txandan aterako dira Kaiku, Santurtzi, Urdaibai eta Orio. Bigarren txandan arraun egingo dute Hondarribiak, Zierbenak, Ondarroak eta Donostiarrak.
23 urte dira Ondarroa ez zela sailkatzen Kontxako estropada jokatzeko. Pozik hartu dute herritarrek:
Turruna joko dute gaur Ondarroako portuan. Duela 23 urte, 1996an sailkatu ziren azken aldiz, eta zoratzen dira zaleak. "Berriz etorriko zera Ondarruko kaiera", abesten dute. Datorren bi igandeetan Donostiakora ere itzuliko dira. @berria#kontxa19pic.twitter.com/DgPgXG3zkD
— Jon Ander (@delarregi) August 29, 2019