Piraguismoa

Onenen artean ari da arraunean Nerea Garcia

Kirol ibilbidean sendo aurrera egiten eta hobetzen ari da Nerea Garcia piraguista, etenik gabe. Brontzezko domina lortu berri du sasoiko lehen Munduko Kopan, Hungarian, K2 modalitateko 500 metroko proban.

Carolina Garcia eta Nerea Garcia, lehian, Hungarian jokatutako Munduko Kopan. NEREA GARCIAK UTZITAKOA
Carolina Garcia eta Nerea Garcia, lehian, Hungarian jokatutako Munduko Kopan. NEREA GARCIAK UTZITAKOA
Jone Bastida Alzuru.
2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jolasean hasi zen Nerea Garcia piraguismoan (Irun, Gipuzkoa, 2001), eta onenekin lehiatzen ari da orain. Arraunkadaz arraunkada doa aurrera, eta horren erakusgarri da berriki lortu duena: brontzezko domina eskuratu du denboraldiko lehen Munduko Kopan, Hungarian, K2 modalitateko 500 metroko proban. 

Carolina Garcia galiziarra izan du ontzikide: «Oso pozik gaude. Duela lau aste hasi ginen elkarrekin ontzia prestatzen, eta ezusteko handia izan da hirugarren egitea. Finalean egotea eta sei onenen artean sartzea emaitza ona zen guretzat, eta hirugarren postuan amaitzea, bada, pentsa». 

Brandenburgoko Munduko Kopan, berriz, zazpigarren izan dira. «Giroa oso gogorra izan zen: euria, haizea... Hirugarren egitetik gentozen, eta zaila izan zen. Hala ere, orain pentsatuta, zazpigarren postua oso ondo dago». 

Bi piraguistek aurrez ezagutzen zuten elkar, baina orain ari dira aurrenekoz elkarrekin lehiatzen. Hori dela eta, Garciak uste du badutela hobetzeko tartea: «Hasieratik dena oso ondo joan da, eta geroz eta hobeto ari gara. Denboraldiko gure helburu nagusia Munduko Txapelketarako sailkatzea da, eta, lortzen badugu, final batera iristea sekulakoa litzateke». Abuztuan jokatuko dute, Polonian. 

Aurretik, baina, beste lehiaketa garrantzitsu bat dute: uztailean Kanadan jokatuko den Munduko Kopa: «Bederatzi onenen artean amaitu beharko dugu Munduko Txapelketarako zuzenean sailkatzeko». 

Anbiziotsua da Garcia, eta baditu baikor egoteko motiboak. Bigarren urtea du maila nagusian, eta iaz egin zuen debuta Munduko Txapelketa nagusian. Bikain, gainera: B finalerako sailkatu zen K1 modalitateko 200 metroko proban. 

Beste urrats bat egin du aurten, eta distantzia olinpikoan ari da lehiatzen, K2 modalitateko 500 metrokoan. «Los Angelesko Olinpiar Jokoetara begira jarri naiz.  Puntuak lortu behar ditugu sailkatzeko, eta bi urtez egon beharko gara lehiatzen. Hori da gure helburua». 

«Gogor» segituko du lanean, beraz. «Normalean, astelehenetik larunbatera entrenatzen naiz, egunero. Bederatzietatik ordu batera bizpahiru saio egiten ditugu, eta, arratsaldez, lauretatik seietara, beste saio bat eta gimnasia apur bat. Kilometro asko egin behar dira oinarri aerobikoa lortzeko». 

«Olinpiar Jokoetara begira jarri naiz. Bi urtez egon beharko gara lehiatzen; sailkatzea da gure helburua»

NEREA GARCIA Piraguista

Sevillan bizi da (Espainia), eta aitortu du etxetik kanpo hainbeste denbora igarotzea egiten zaiola zailena, baita ikasteko ordutegia antolatu behar izatea ere. Kirola eta ikasketak uztartzen ditu. Biologiako gradua amaitu zuen iaz, eta master bat egiten ari da orain. «Zaila da. Edozein momentu aprobetxatu behar duzu ikasteko, bidaiak-eta... Baina ahaleginduz gero lor daiteke. Kirola egitea ez da aitzakia». 

Denbora asko pasatzen du piraguan, baina gustura aritzen da, bai entrenatzen eta bai lehiatzen. «Sentitzen den adrenalina hori da gehien gustatzen zaidana». 

Etorkizun oparoa

Irungo Santiagotarrak kirol elkartean hasi zen Garcia piraguismoan. Lagun batzuek udako ikastaro batean eman zuten izena; gustatu, eta klubean geratu zen. Inolaz ere ez zuen espero halako bidea egitea: «Hasieran gutxi entrenatzen nintzen; ondo pasatzeko egiten nuen. Baina gero emaitzak etortzen hasi ziren... eta gaur arte». 

Kontatu du 16 urte zituela hasi zela kirola serioago hartzen, juniorretan; Munduko Txapelketarako sailkatzea lortu zuen orduan. Eta 18 urterekin egin zuen hurrengo urrats handia: Sevillako goi errendimenduko zentrora joan zen. Ordutik, jo eta su ari da. 

Dena den, gaztea da oraindik, eta etorkizun oparoa du aurretik. Dohainak baditu, eta gogoa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA