Ongi etorri, Lehen Maila

Superligako lehiaketa sistema berritu egin dute, eta sasoi honetan 18 talde ariko dira lehian, tartean Athletic, Reala eta LagunakLehen derbia txuri-urdinek eta zuri-gorriek jokatuko dute, hilaren 29an, Zubietan

Ainara Manterola Realekoa eta Irene Paredes Athleticekoa, lehian, Euskal Kopako finalean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Donostia
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Superliga atzean geratu da. Hemendik aurrera emakumezkoen ligak, gizonezkoen antzera, Lehen Maila izena edukiko du. Bihar hasiko da Liga, eta azken bi denboraldietako esperimentuak atzean utzi ondoren, hemezortzi taldez osaturiko liga bakarra izango da —bi sasoi hauetan hiru multzotan banatu zituzten taldeak—. Ligaren berregituraketarekin, hiru euskal talde daude maila gorenean: Lagunak, Athletic eta Reala —Eibar jaitsi egin zen aurreko sasoian—.

Azken denboraldiekin alderatuta, ezberdina izango da bihar hastekoa den liga. Izan ere, lehiatzeko sistema berria ezarri dute, txapelketa lehiakorragoa izateko asmoz. Izen aldaketaz haratagoko itxuraldaketa izango du, beraz, Superligak. Atzean utziko dituzte azken bi sasoietan egindako asmakuntzak. Guztiak guztien aurka ariko dira, gizonezkoen ligan bezala. Gainera, hemezortzi talde lehiatuko dira, eta ez hamasei, azken bi sasoietan bezala. Ikuskizun aldetik aldaketa hoberako den arren, taldeek gastu handiagoak izango dituzte, bidaia batzuk luzeak izango direlako. Euskal taldeek, adibidez, Malaga, Extremadura, Bartzelona, Madril eta Mallorcara egin beharko dituzte bidaiak.

Joan den sasoian bezala, Rayo Vallecano izango da ligako areriorik gogorrena. Azken hiru denboraldietako txapelduna da, berriz ere, titulua eskuratzeko hautagai nagusia. Baina borroka horretan sartzen saiatuko dira, besteak beste, Espanyol, Bartzelona eta Athletic. Ezuste handirik ezean, goiko postuen lehian ariko dira talde horiek. Hori bai, Rayo Vallecanok diru arazoak dauzka, eta ikusi egin beharko da horrek nola eragiten dien.

Fitxaketak hiru taldeetan

Gora begira ekingo diote ligari Athleticek eta Realak, bizkaitarrek bereziki. Titulurako lehian sartzea izango da zuri-gorrien helburua, eta taldea indartze aldera, hiru pertsona fitxatu dituzte; entrenatzailea horietako bat. Juan Luis Fuentesek ordezkatuko du Alberto Berasaluze. Itxaropentsu dago Fuentes: «Aurreko sasoiko taldearen oinarriari eutsi diogu, eta fitxatutakoekin, helburu handiak dauzkagu».

Jokalariei dagokienez, Erika Vazquez eta Irene Paredes fitxatu ditu Athleticek; jokalari garrantzitsuak biak. Vazquez Espanyolen aritu zen joan den denboraldian, Bilbon sei urtez aritu ondoren. Etxera itzuliko da, beraz. Paredesek, berriz, Realetik Athleticerako bidea egin du.

2010-2011ko sasoian egindako lanaren ostean, gogotsu ekingo dio Realak sasoiari. Sei jokalari berri izango ditu Jose Manuel Etxabe entrenatzaileak. Bost jokalari fitxatu dituzte: Ane Bergara, Nerea Gabirondo, Itxaso Uriarte, Uxue Garmendia eta Ainara Manterola. Eta Txiki ere fitxaketa gisa har daiteke, joan den sasoian lesio larria izan zuelako. «Aurreko denboraldiko emaitzak berdintzen saiatuko gara, baina ez dugu burua galduko; eguneroko lanarekin lortuko dugu hori», adierazi du Etxabek.

Lagunak-ek asmo apalagoak izango ditu. Mailari eustea izango da nafarren helburua, nahiz eta liga hasiera zaila daukaten. Lehen jardunaldian Rayo Vallecano eta Levante indartsuak izango dira lehen bi jardunaldietako aurkariak. Sasoi zaila izango dute Ruben Berroguiren jokalariek. Jokalari dezentek utzi dute taldea, eta bost jokalari fitxatu dituzte, guztiak Osasunakoak: Maite Garde, Josune Urdano, Julia Iriarte, Maria Riesco eta Sara Ladiano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.