ZENIT 3 REALA 1

Opariek kondenatuta

Dinamika txarrari ezin izan dio bueltarik eman Realak, eta ondo merezita galdu du Zeniten zelaian. Azken lau partidetan hamabi gol jaso dituzte txuri-urdinek

Xabi Prieto Realeko jokalaria baloiarekin aurrera egiten saiatzen, Miha Mevlja eta Matias Kranevitter Zenitekoen zaintzapean. ANATOLI MALTSEV / EFE.
jon eskudero
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Golak. 1-0: Rigonik (5. min). 2-0: Kokorinek (23. min). 2-1: Llorentek (42. min). 3-1: Kokorinek (60. min). Epailea. Andre Marriner (Ingalaterra). Bestelakoak. 45.000 ikusle inguru Krestovski estadioan, munduko garestienean. Realeko hainbat zale izan ziren harmailetan.

Ahoan bilo handirik gabe, Europa ligarako itzuleran helburu nagusia garaikurra irabaztea zela adierazi zuten Realeko entrenatzaileak eta jokalari batek baino gehiagok duela hiru aste. Hitz horiek aintzat, zale gehienek ere ilusioa sentitu izango zuten, baina lanak hobeto egin beharko dituzte txuri-urdinek ganorazko ibilbidea izan nahi badute. Besteak beste, azkenaldiko dinamika txarrarekin jarraitu eta ondo merezita galdu baitzuten atzo, Zeniten zelaian. Batez ere, lehen zatiko opariek kondenatu zuten porrotera Eusebioren taldea, baina etxekoek eurek ere erakutsi zuten gehiago direla, gaur-gaurkoz. Aski ongi irakurri zuen partida hasieratik, eta askorik sufritu beharrik gabe lortu zuen multzoko lidergoa. Realak, berriz, zuzendu beharko du multzokako fasea gainditzeko.

Logikari eutsiz, hasierako hamaikakoan aldaketak egin zituen Eusebiok. Espainiako Ligan ere onbidera itzuli beharrean da taldea, eta etzi Betisi irabazteko aulkian utzi zituen hainbat jokalari garrantzitsu. Illarramendiren tokian Pardoren presentzia izan zen berritasun nagusia. Apustu sendoa egin zuen entrenatzaileak, baina ez zitzaion ondo atera. Ezta gutxiago ere. Galduta jokatu zuen errioxarrak, eta hark pase soil batean eginiko okerra baliatuta iritsi zen Zeniten lehen gola, 5. minutuan. Rigonik sartu zuen.

Hasi orduko, partida nahi zuten tokian jarri zuten etxekoek. Behin aurrea hartuta, atzean itxi eta kontraerasoan jokatzera mugatu zuten euren jokoa. Realak ez zuen erantzunik izan, eta Zenit espazio guztiak ederki estalita aritu zen. Une oro txuri-urdinek izan zuten baloia oinetan, baina alferrik. Atera jaurtitzeko imintziorik ere ez zuten egin. Hala, etxekoen bigarren gola heldu zen, berriro ere opari bati esker. Rullik baloiaren botea gaizki kalkulatu, atea hutsik utzi, eta Kokorinek ez zuen barkatu, 24.ean.

Lehenaz gain, maldan gora jarri zitzaion lehia Realari, eta jokoak ere ez zuen baikortasun mezu handirik ematen. Hots, Zenitek hirugarren gola gertu izan zuen, langara bidali baitzuen baloia jaurtiketa batean. Onena atsedenaldia ahalik eta azkarren iristea zela zirudien, baina ezerezetik, suspertu egin ziren txuri-urdinak. Kornerra motzean atera, Canalesek erdiratu eta atzetik aurrera bikain sartuta, itxaropenaren gola egin zuen Llorentek, buruz. Europa ligan hiru gol baditu sartuak. Bada zerbait.

Ondoen zenean, kolpea

Ezbairik gabe, lehen zatiko albisterik onena emaitza izan zen Realarentzat, eta gogo handiz zelairatu zen bigarrenean. Hasieratik agindu zuen jokoan, eta gol aukera arriskutsuak sortzea kosta egin bazitzaion ere, Januzajek eta Canalesek agerpen politak izan zituzten. Biak ala biak areaz kanpotik saiatu ziren. Ordea, taldea ondoen ari zenean iritsi zen gol erabakigarria. Kontraerasoan irten ondoren, ongi jositako jokaldiari amaiera ederra eman zion Kokorinek, 60.ean, eta hortxe amaitu zen partida. Egoera iraultzeko asmoz, Eusebiok aulkia mugitu zuen, eta Willian Jose, Juanmi eta Illarramendi atera zituen. Erabakiak ez zuen fruiturik eman. Azken lau partidetan hamabil gol hartu ditu Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA