Oporrak hartzeko irrikan

Athleticek Valentziari egingo dio bisita gaur, denboraldiko azken partidan

Julen Etxeberria.
2009ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Luzea, oso luzea egiten zaie denboraldia jokalariei. Ekainetik uztailera, 11 hilabete dira baloiari ostikoak ematen. Luzeagoa, nekezagoa egiten da oraindik azkeneko partidetan jokoan ezer ez dagoenean, helburu zehatzik ez dagoenean. Eta horixe gertatu zaio Athletici sasoi honetan, aspaldi bete zuela helburua, eta azken partidetan ez duela ezer jokoan.Horrexegatik daude talde zuri-gorriko jokalariak sasoia bukatzeko irrikan, oporrak hartzeko irrikan. Gaur 23:00 inguruan iritsiko zaie azkenik atseden hartzeko ordua, Mestallan Valentziaren aurka jokatu beharreko norgehiagoka bukatuta.

Igartzen da Bilbo aldean gaurko neurketak ez duela inolako garrantzirik. Aste honetan taldearen inguruan izan diren albisteak zeintzuk izan diren ikusi besterik ez dago: datorren denboraldirako fitxaketak, Ustaritzek Caparrosi egindako kritika zorrotzak... Valentziaren aurkako partidaz hitz pare bat besterik ez. Guztiz kontrakoa gertatu da Valentzian (Herrialde Katalanak), gaurko neurketa ez baita nolanahikoa Unai Emeryk zuzendutako taldearentzat. Etxeko taldeak badu zerbait jokoan gaur, UEFA kopara sailkatzea, hain zuzen ere. Hori lortzeko, gutxienez puntu bat eskuratu behar du. Galduta ere lor dezake helburua, baina horretarako Deportivok etxean Bartzelonari ez irabaztea behar du. Valentziak, hala ere, ez du aurkarien hutsen zain egon nahi. Etxeko lanak egin nahi ditu, eta ahal bada, irabazi, sasoia garaipen batekin amaitzeko. Beraz, Athletici falta zaion motibazioa izango du.

Caparrosek berak aitortu zuen atzo «zaila» dela gaurko partida jokatzeko motibazioa izatea. «Sasoia amaitzeko partida bat besterik ez da falta, eta normala da jokalariak atseden hartzeko irrikan egotea. Baina profesionalak gara».

'Ustaritz auzia', itxita

Espero zen bezala, kazetariek joan zen asteazkenean Ustaritzek egin zizkion kritiken inguruan galdetu zioten Athleticeko entrenatzaileari. Caparrosek, baina, ez zuen gaiaz hitz egiteko gogo askorik. Ustaritzekin aldagelan hitz egin duela jakinarazi zuen. Kazetariek, hala ere, solasaldia nola joan zen jakin nahi izan zuten, baina Caparrosek gaia «itxita» dagoela azpimarratu zuen. «Eta kito», bi horiek errepikatu zituen bizpahiru aldiz.

Taldeak egindako denboraldiaren inguruko iritzia eskatu ziotenean, orduan bai hitz egin zuen luze eta zabal. «Oso denboraldi polita izan da, arlo guztietan. Helburua bete dugu, eta gainera, jendeari ilusioa helarazi diegu. Hori oso garrantzitsua da, hazia erein dugulako». Espainiako Kopako finalera iritsi izana «lorpen handitzat» jo zuen. «Handia izan zen Kopako finalera iritsi izana. Zoritxarrez, Bartzelona izan genuen aurkari, egun hauetan munduan dagoen talderik onena. Bartzelona Unibertsitateko maila gorenean dago. Besteak, aldiz, OHO Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean gaude».

Gaurko partidako deialdiari dagokionez, Iker Muniain 16 urteko aurrelari iruindarra da berrikuntza nagusia. Muniainek gaur jokatuko balu, Athleticeko lehen taldearekin debuta egin duen jokalari gazteena izango litzateke. Halere, ezusterik ezean, nafarra ez da hasieratik ariko. Caparrosek hirujokalari utzi ditu deialditik kanpo arrazoi teknikoengatik: Iñigo Velez, Joseba del Olmo eta Joseba Garmendia. Sasoiko azken hasierako hamaikakoa, beraz, honakoa izango da: Iraizoz; Eneko Boveda, Amorebieta, Etxeita, Balentziaga; Muñoz, Orbaiz; David Lopez, Susaeta, Yeste; eta Llorente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.