Aizkolaria

Nerea Sorondo: «Orain arteko txapel guztietan hau da meritu handienekoa, laugarrena»

Euskal Herriko Aizkora Txapelketa irabazi berritan, pozez gainezka dago Sorondo. Bihotza beteta dauka txapela jantzi duelako eta ingurukoek zorion mezuz josi dutelako, besteak beste.

Nerea Sorondo aizkolaria, txapela buruan duela. MIKEL ASKASIBAR / ELGOIBARKO UDALA
MIKEL ASKASIBAR / ELGOIBARKO UDALA
jon eskudero
2025eko urriaren 27a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pronostiko guztiak hautsita, Nerea Sorondok (Bera, Nafarroa, 1987) irabazi zuen larunbatean Euskal Herriko Aizkora Txapelketa, Elgoibarren (Gipuzkoa). Hasi eta buka, lan biribila osatu zuen, nabarmen hartu zien gaina bost aurkariei, eta laugarrenez jantzi zuen txapel preziatua. 2018an, 2019an eta 2021ean txapeldun izan zen, baina azken urteetan eginiko lanekin ez zegoen konforme. Bada, guztiz asebete zuen joan den larunbateko lanak. «Ikaragarri gozatu nuen egurren gainean». 38 urte izanagatik, txapelak berriro piztu dio aizkoran jarduteko gogoa, eta helburu berriak ditu buruan.

Txapela jantzi eta ordu batzuk igarota, barneratu al duzu lorturikoa?

Oraindik iruditzen zait amets bat bizitzen ari naizela, baina, pixkanaka, ari naiz barneratzen, eta oso pozik nago. Pozik, eta lasai, neure buruarekin bakean. Atzo azoka eguna genuen Beran, eta herritar guztiak hurbiltzen zitzaizkidan zorion mezuak ematera. Oso hunkigarria izan zen inguruko guztiak nigana etortzea eta aizkora kontuak mintzagai izatea. Txapelak ekarri didan guztia asko da niretzat.

Zorion mezu berezirik jaso al duzu?

Hasteko, finalean ziren beste aizkolariek zoriondu ninduten, eta hori eskertzekoa da. Aizkolari gutxi gabiltza plazaz plaza emakumezkoetan, guztiok lagunak gara, eta eskertzen da maitasun hori. Bestalde, sare sozialek indar izugarria daukate gaur egun, eta bide horretatik ere iritsi zaizkit zorion mezuak. Baina mezu berezienak etxekoenak dira. Hala bolada onetan nola txarretan, eurak egoten dira ondoan beti, eta sentitzen dut haiena ere badela txapela. Bihotza beteta daukat.

Etxekoei eskaini nahi al diezu txapela?

Etxekoei, lagunei eta nire prestatzaileei: Patxi Larretxeari eta Juanjo nire koinatuari. Haiek gabe ni ez nintzateke ezer. Aizkora oso kirol gogorra da, eta garestia. Inguru ona behar da aurrera egiteko. Txapelketa bat duin prestatzeko entrenamendu ugari egin behar dira, egur pila bat izan, eta egur hori nork prestatua ere bai. Beste kirol batzuk egin ditzakegu, prestaketari dagokionez: lasterka, gimnasioko lana… Baina, teknika lantzeko, aizkoran aritu beste aukerarik ez dago. Horregatik, ezinbestekoa da inguru ona izatea.

«Finalean ziren beste aizkolariek zoriondu ninduten, eta hori eskertzekoa da. Aizkolari gutxi gabiltza plazaz plaza emakumezkoetan, guztiok lagunak gara, eta eskertzen da maitasun hori»

Nola gogoratzen duzu finala?

Gozatu egin nuen, hasieratik bukaerara. Berehala hartu nuen aurrea; lan erdietan, ikusi nuen alde polita neukala, eta neure buruari esan nion aukera paregabea neukala txapeldun izateko. Beste aizkolariak presaka ikusten nituen, ni harrapatu nahian, eta ohi baino huts gehiago egin zituzten. Esaterako, Nerea Arrutik ez zuen asmatu hainbat egurretan. Dena den, luze egin zitzaidan lana, eta bukaerarako larri nintzen. Izugarri sufritu nuen. Nekea agertu zitzaidan, eta akaso, irabazteko beldurra ere bai. Sei enbor genituen guztira, laugarren enborrean gozakaitz aritu nintzen, eta Arruti gero eta gertuago nabari nuen. Aldeari eutsi nion nolabait, eta, azken aizkorakada ematearekin bat, lasaitu galanta hartu nuen.

Hemezortzi segundo kendu zenizkion Arrutiri.

Niretzat ere ezusteko handia izan zen hori lortu izana. Badakit zer den final batean faboritoa izatea, baina horrek ez dizu ezer bermatzen. Arrutik ez zuen bere egunik onena izan, eta nik baliatu nuen aukera. Uste dut sasoiz eta ahalez hura dela egungo aizkolaririk onena, baina gainerakoak ere ongi entrenatuta gaude. Hogei minututik jaitsi nahi nuen denbora, eta azkenean 20.16an bukatu nituen lanak. Dena den, hori da gutxienekoa, irabazteak balio zuen.

Laugarrenez irabazi zenuen txapelketa. Lehen txapelak adinako ilusioa piztu al zizun larunbatekoak?

Ilusioa ez dakit berbera izan zen, baina meritua bai. Hori ziur. Orain arteko txapel guztietan, hau da meritu handienekoa. Urtez urte, maila gero eta handiagoa daukagu, belaunaldi berriak indartsu datoz, eta garbi dut orain dagoen maila 2018koa baino askoz handiagoa dela. Urte hauetan guztietan oso kritikoa izan naiz neure buruarekin; gehiegi, akaso. Azken urteetako emaitzekin ez nengoen konforme: ez emaitzekin, ez lanarekin. Ez nuen gaitasunik etxean egindako lanak plazara eramateko. Aspalditik desio nuena larunbatean lortu nuen, eta hemendik aurrera lasaiago ariko naiz.

Autokritikoa izan zaren garai horretan pasatu al zaizu burutik aizkora uztea?

Hori beti pasatzen da burutik, baina beti pentsatu izan dut gehiago sufrituko nuela kanpotik begira egonda. Aizkora gustatu egiten zait; sufrimendua gorabehera, gozatu egiten dut, eta, 38 urte izanagatik, aurrera jarraitzeko ilusioz nago. Baditut hobetzeko gauzak: alor fisikoa, adibidez. Helburu berriak ditut jomugan, eta txapel gehiago lortzen saiatuko naiz.

«Aizkora utzi? Hori beti pasatzen da burutik, baina beti pentsatu izan dut gehiago sufrituko nuela kanpotik begira egonda. Aizkora gustatu egiten zait; sufrimendua gorabehera, gozatu egiten dut»

Zein izango duzu hurrengo helburua?

Donostiako Urrezko Kopa. San Tomas egunean jokatuko dugu, eta oso saio polita izaten da. 45 ontzako bost enbor moztu beharko ditugu, lan gogorra izango da, baina badut ilusioa. Nafarroako txapelduna izan naiz aurten, Euskal Herrikoa ere bai, eta urtea biribiltzeko modu ederra litzateke Donostian irabaztea.

Eta apusturik egingo al zenuke? Iker Vicentek eta Eneko Otañok lotu berri dute apustu bat.

Bai, baina emakumezkoetan ez da ohikoa. Oso aizkolari gutxi gara, beti elkarrekin gabiltza plazetan, eta apustu bat egiteak ez dakit onik egingo liguken. Nik neuk ez dut neure burua apustu batean ikusten. Oso urduria naiz, eta ez nuke eramaten jakingo horrek sortzen duen presio guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.