Taldekide gehienen gisan, gorputza «ohi baino nekatuago» duela oheratu da azken egunotan Joseba Zaldua bera ere (Donostia, 1992). Besteak beste, aldaketa handia ekarri baitie jokalariei David Moyesen etorrerak. Lan saioetan, bereziki. «Intentsitate izugarriko entrenamenduak egin ditugu, eta bi egunez goiz eta arratsaldez, gainera». Realeko eskuin hegaleko atzelaria, dena den, ez da kexu, taldeak «pizgarri eta ilusio beharra» bazuela uste baitu. Horregatik, lanaren fruituak helduko direla iritzi dio, eta, ahal bada, gaurtik bertatik hasita. Deportivoren aurka ariko dira txuri-urdinak.
Zer moduz hartu duzue entrenatzaile aldaketa?
Ongi, inolako arazorik gabe. Azken asteetan gutxi hitz egin izan da partidei buruz. Beti izan dira protagonista zelaitik kanpoko gauzak. Jokalariok saiatu gara zentratuta egoten, baina ez dugu guztiz lortu, ezinezkoa baita. Guri ere eragin digu hainbesteko zurrunbiloak. Orain, Moyesekin, normaltasunera itzuli gara, eta gustura gaude. Jokalari guztiok abiatu gara hutsetik, baita minutu gutxien jokatu dutenak ere. Horregatik, tentsioa eta intentsitatea nabaria da lan saioetan.
Zertan igarri duzu gehien aldaketa?
Intentsitatean eta gogortasunean. Orain, lehen ez bezala, oina gogor sartzen dugu lan saioetan. Horrez gain, beste diseinu bat dute entrenamenduek, eta, lehen baino motzagoak izan arren, gogorragoak dira. Nekatuta amaitzen dugu, eta, nik behintzat, ederki egiten dut lo gauetan. Hori bai: ongi pasatzeko ariketak ere egiten ditugu. Oso eramangarriak dira Moyesen entrenamenduak.
Nolakoa da Moyes?
Egia esan, oraindik ez dugu ongi ezagutzen. Lehen bistadizoan gizon serioa ematen du, baina umoretsua ere bada. Txantxak egitea gustatzen zaio. Gertukoa dela ere aitortu zigun; izan ere, haren ustez, jokalarion joko onena lortzeko asko hitz egin behar dute elkarren artean jokalariak eta entrenatzaileak.
Hizkuntza traba izan al da orain arteko lanean?
Ez. Taldekide gehienok bagara ingelesa ulertzeko adina. Ni eskolatik atera berria naiz, eta ongi ulertzen dut. Hori bai: ez eskatu niri ingelesez hitz egiteko [barrez]. Futbolari dagozkion azalpenak arazorik gabe ulertzen dizkiogu, eta, beste gauzetarako, hor daukagu itzultzailea. Ongi moldatzen ari gara.
Zergatik ez zuen arrakastarik izan Jagoba Arrasateren lanak?
Futbola halakoxea da. Jagobarekin lehen unetik okertu ziren gauzak. Europatik kanporatu izana porrota izan zen. Ezin izan genion horri buelta eman. Tarteka ondo jokatzen genuen, Real Madrilen aurka kasurako, baina jarraipenik gabe. Konfiantza falta genuen, defentsako lanean batez ere. Oraindik ez dut ulertzen zergatik ari garen horren eskas defentsan.
Arrasate kargutik kendu, eta, Asier Santana aulkian zela, Atletico Madrili irabazi zenioten. Nola, gainera. Nola azal daiteke hori?
Bitxia da, egia esan. Zurrumurruak egon dira: jokalariok Arrasate joatea nahi genuela; horregatik jokatu genuela ongi hura bota eta gero... Tira, zer esango dut ba nik! Kritikak onargarriak dira, baina gu beti saiatzen gara gure onena ematen. Jagobarekin konfiantza osoa genuen. Kasualitatez, ongi atera ziren gauzak Atletico Madrilen aurka, baina badakigu lehengo arazoak ez ditugula atzean utzi.
Zertan hobetu behar duzue gora egiteko?
Lehenik eta behin, defentsako lanean hobetu beharra dugu. Eta hori ez da soilik atzeko lerroaren zeregina, talde osoarena baizik. Hori lortuz gero, garaipenak iritsiko dira. Izan ere, estatistikek diotenez, Reala da aurkarien atera jaurtiketa gehien egiten dituen taldeetako bat. Erasoan kalitatea sobera daukagu.
Moyes defentsako lanean zentratu da gehien, hortaz?
Ez dut uste. Arlo guztiak jorratu ditugu, baita geldikako jokaldiak eta presioa aurrean egiteko ariketak ere. Moyesek ongi daki zeintzuk diren gabeziak, eta lanaren bidez hobetuko dugu. Ospe handiko entrenatzailea da, eta harekin goranzko jauzi bat egingo dugu jokalariok.
Bi asteko atsedenaren ondoren, Deportivoren zelaian ariko zarete gaur.
Haiek gure egoera berean daude, eta partida zaila izango da, gogorra. Lehen minutuetan golik ez jasotzea garrantzitsua izango da. Oker ez banago, zazpi hilabete inguru daramatzagu etxetik at irabazi gabe. Hori hobetu ezean, nekez egingo dugu gora. Anoetako jokoa kanpoan egiten saiatu behar dugu helburuak betetzeko.
Oraindik ere Europarako sailkatzea al da Realaren helburua?
Ez dakit. Dagoeneko joan zaigu denboraldiaren zati bat, eta beheko postuetan gaude. Epe motzeko helburua hortik ateratzea da, eta gero gerokoak. Nik behintzat ez dut Europan pentsatzen. Gainera, aurten inoiz baino zailago dagoela uste dut. Taldeak ongi indartu dira: Valentzia, Sevilla, Celta, Vila-real....
Zer moduz zabiltza zu?
Nahiko ongi. Azken partidan ez nintzen hasierako hamaikakoan egon, baina gero jokatu nuen, eta goleko pasea eman nion Imanoli [Agirretxe]. Baloia sareetan ikustean sekulako poza sentitu nuen. Konfiantza daukat, eta entrenatzaile berria konbentzitzeko gogoa. Orain urte eta erdi Realaren bigarren taldean nengoen. Oraindik ezin dut sinetsi bizitzen ari naizena. Amets bat da.
Joseba Zaldua. Realeko jokalaria
«Orain, lehen ez bezala, oina gogor sartzen dugu lan saioetan»
David Moyesen etorrerarekin, beste tentsio eta beste ilusio bat nabari du eskuin hegaleko atzelariak Zubietan. «Denok konbentzitu nahi dugu». Taldeak «gora eta hobera» egingo duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu