Baiona. Iginiz (Lea´Aetoa, 74. min.), Hegi (Roumieu, 50. min.), Baiocco (Avril, 44. min.); Boutaty, Filipo (Linde, 70. min.); Haare (Bernad, 40. min.), Baget (kap.), Martin; Audy (Gartzia, 71. min.), Boyet; Gerber, Mazars, Lacroix, Huget; Pietersen.
Racing. Lo Cicero, Noirot (Arganese, 67. min.), Tuugalaha (Orlandi, 67. min.); Nallet (Dellape, 56. min.), Qovu; Battut (Chabal, 47. min.), Leo, Le Roux; Durand (Loree, 59. min.), Wisniewski; Saubade, Steyn, Chavancy, ee; Masi.
Markagailua. 3-0; 10-0; 10-3; 17-3 (atsed.) 17-6; 20-6; 20-9; 23-9; 26-9; 26-16.
Epailea. Cyril Lafon.
Baionak partida garrantzitsua irabazi zion atzo etxean Racingi. Sailkapeneko lehen sei postuetan sartzeko, garaipena behar zuten baionarrek, eta beren eginbeharra ederki bete zuten Jean Daugerreko zaleen epelean. Fase erregularra bukatzeko hiru partida falta direlarik, oraindik aukera du Errobi eta Aturri bitarteko taldeak helburua lortzeko.
Parisko taldearekin jokatu aurretik, kezkaturik zeuden Lapurdi aldean, Racing sekulako denboraldia egiten ari baita eta joan zen astean Tolosa handiari itxura ederra emanez irabazi ziolako (42-21). Kezka horiek, baina, fite desagertu ziren, etxekoek behar bezala hasi baitzuten partida, eta atsedenaldirako alde handia zuten.
Lehen zatian erabaki zuten partida baionarrek. Hamargarren minutua pasatua zelarik, Yoann Hugetek sartu zuen lehen entsegua. Gibelekoek jokaldi ederra egin zuten, eta eskas marrari lotua zela, Hugetek edozein hegalekok sinatuko lukeen entsegua lortu zuen. Lehen zatia bukatzear zela, 10-0 zegoen aitzinetik Baiona. Alde ederra zen, baina baionarren aldeko bigarren entseguak partida are ederrago bilakatu zuen. Racingek aldea murriztu zuen lehenago, baina xuri-urdinek kontraeraso ederra abiatu zuten. Zelai erdian zulatu zuten eta baloia gibeleko lerro guztitik pasa zen. Sam Gerber beste hegalekoak sartu zuen bigarren entsegua: 17-3.
Gauzak ezin ziren hobeki hasi Baionarentzat.Aldageletatik itzultzean, Baionak bere aldea behar bezala kudeatu zuen. Racing entseatu zen berriz ere partidan sartzen, erasora joz, baina etxekoen defentsak ez zion zulo bakar bat ere utzi. Orduan, ostikatzaileek hartu zuten lekukoa. Wisniewskiren ostikoei Boyet baionarrak ihardetsi zien: 26-9. Partida bukaeran, erasoko puntua lortzear izan zen Baiona, baina ez zuen entsegu gehiagorik lortu. Racingek azken minutuan itxuratu zuen bukaerako emaitza.
Baiona 26. Racing 16
Oraindik bizirik dago
Baionak Heineken kopa jokatzeko borrokan sartuta segitzen du, erraz irabazi baitio Racingi etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu