«Pozik» dago Joana Halzuet (Miarritze, Lapurdi, 1997), Arraun Lagunak-eko patroia. Baditu motiboak. Haren taldeak hirugarrenez jarraian irabazi du Euskotren liga, eta laugarrena du. Asteburuan ospatu dituzte ospatu beharrekoak, eta beste bandera preziatu bat dute orain begiz joa: Kontxakoa. Bada azpimarratu nahi izan duen beste kontu bat ere: «Aurten Iparraldeko lau aritu gara Euskotren ligan, eta hori garaipen bat da guretzat. Bixente Etxegarai Lapurdiko Arraun Taldeko presidentea eta beste zenbait itzaleko lanean ari dira, eta haiei esker gaude hemen».
Hasteko, zorionak. Zer moduz zaude?
Ongi, oso pozik, aje emozional pixka batekin. Aspalditik ari ginen momentu hau itxoiten. Sasoi guztian mailari eustea ez da erraza; ongi atera zaigu. Larunbatean ja bagenekien liga irabazita geneukala; orduan, horrek ere lasaitasuna eman zigun. Oso pozik gaude.
Gozatu zenuten atzoko eguna? Ospakizunak ondo?
Egia da arraunketa aldetik asteburu honetako estropadak ez zaizkigula nahi bezain ongi atera; ez dakit, faktore asko sartzen dira hor. Baina emaitza hortxe dago: liga irabazi dugu. Behar bezala ospatu genuen: bazkari handi bat egin genuen, banderak astindu, txaranga, kalejira Parte Zaharrean... Ongi, bai.
Entrenatzaileak eman dizue atseden hartzeko aukerarik? Edo entrenamendua duzue gaur?
Gaur entrenamendua bada; uretan ez, eta nahiko arina, baina bai, egingo dugu. Oraindik denboraldia ez da bukatu: beste erronka handi bat dugu aurrean.
Oro har, nola joan da liga? Nolako balorazioa egiten duzu?
Balorazio orokorra oso ona da. Egia da ez ditugula lortu joan den denboraldiko emaitzak, baina emaitza bikaina lortu dugu. Hamasei estropadetatik, lau kenduta, beste guztiak irabazi ditugu. Alde horretatik oso positiboa izan da, oso baikor gaude. Lortu dugu berriro ere egonkorrak izatea.
Larunbatean estropada irabazita borobildu zenuten ligako garaipena, orduan lortu baitzenuten matematikoki txapeldun izatea. Hori zen helburua?
Bai, ahal bezain azkar izan nahi genuen txapeldun. Igandereko, ahal bagenuen, burua lasai izan, eta liga ahal bezain azkar lortu; horren bila atera ginen. Egia da astebururo estropadaz estropada joan garela. Hori eskatu zigun Etxabek [Juan Mari, entrenatzailea]. Estropada bakoitza bata bestearen atzetik hartu dugu, eta azken biak ere horrelaxe.
Atzo, berriz, bigarren izan zineten Getarian, Tolosaldearen atzetik. Pena apur bat duzue?
Tira, pena ez dakit, frustrazio pixka bat bai. Bezperan, segundo bat-bi gure aurretik ibili ziren, eta, azkenean, lortu genuen haiek aurreratzea. Pentsatzen dut haiek ere amorru biziz lehiatu zirela larunbateko estropadarengatik. Gu seguru eta irmo atera ginen; agian, inkontzientean faktore batzuk badira, erlaxazio puntu bat edo. Ez da hori guk planteatu genuena, baina gertatu zen.
«Oso pozik gaude. Aspalditik ari ginen momentu hau itxoiten. Sasoi guztian mailari eustea ez da erraza; ongi atera zaigu»
Taldearen gaineko zurrumurruak eta zalantzak izan dira denboraldian, batez ere hasieran. Nola bizi izan zenuten hori?
Gure lana egiten segitu dugu. Uste dut Arraun Lagunak-ek urte zailak edo zailagoak ere izan dituela, eta emaitza bikainak ateratzea lortu du hala ere. Ekipoa pixkanaka sendotu da; lan handia egin da barrutik.
Konfiantza izan duzue une oro zeuen buruarengan?
Bai, bai. Landu dugu eta lortu dugu hori gure artean, lan eginez eta ikusiz entrenamenduetan azkar joaten zela trainerua. Horretan jarraitu dugu, eta pixka bat ahaztuz-edo inguruan esaten zena, ez kutsatzeko.
Hain zuzen, marka historiko bat ezarri zuen iazko sasoian Arraun Lagunak-ek, bandera guztiak irabazita. Oso zaila da hori lortzea. Gehiegi espero zen agian? Horrek estutu egin zaituzte?
Bagenekien historikoa zela joan den urtekoa, eta badakigu horren atzean zer lan ikaragarria dagoen. Badakigu emakumezkoen ligan maila igotzen ari dela, eta nik uste dut traineru bakoitzak salto bat eman duela. Aurten hori gehiago antzeman da agian, lehia estua izan delako. Baina presioa ez, badakigu denboraldi bakoitza beste zerbait dela, urte batetik bestera beste traineruetan ere aldatzen dela maila. Orduan, hasieratik esan genuen beste zerbait hastekoa zela. Dena dela, bandera guztiak ez, baina gehienak eraman ditugu, eta hori bigarren marka historikoa bezala da.
Zer nahiago: iazko denboraldia, dena aise irabazita, edo aurtengoa, lehiatuagoa?
Zaila da hori esatea, eta niretzat zaila da erantzutea, ez bainintzen egon joan den urtean. Baina tira, ez dakit, agian ikusleentzat eta gu ere gure erosoalditik ateratzeko polita izan da aurtengoa. Pentsatzen dut garrantzitsua dela lehia izatea traineruen artean; horrek erakusten du ezer ez dela erraza, eta joan den urtean egindakoa benetan historikoa dela. Lan gogorra dago gibeletik, eta lortutakoa ez da berez etortzen. Aurten hori gehixeago ikusi da agian. Erlaxazio momentu batengatik edo faktore txiki batengatik zure trainerua ez badago bete-betean, besteek ez dute huts egiten.
Zure lehen urtea izan da Euskotren ligan patroi lanetan. Zer moduz ibili zara?
Ongi. Uste dut sasoian aurrera egin ahala konfiantza hartu dudala, nire egiteko moduak-edo sendotu ditut, nire markak, eta ongi; gozatu dut.
«Uste dut sasoian aurrera egin ahala konfiantza hartu dudala, nire egiteko moduak-edo sendotu ditut, nire markak; gozatu dut»
Denboraldia oraindik ez da amaitu: Kontxako Bandera ate joka duzue. Nolakoak izango dira hurrengo bi asteak?
Bai, erronka handia dugu aurrean, beste erronka bat; hor ere ez dugu huts egin nahi. Prestatzaile fisikoak eramango du plana, eta entrenatzaileak, baina helburu horri begira jarriko gara lanean. Aurten ez dugu sailkapen estropadarik jokatuko; orduan, horrek modua emango digu bestela entrenatzeko, prestatzeko. Badakit ekipo guztia erabakitasunez dela eta horretara jarriko garela.
Aipatu bezala, ez duzue sailkapen estropadarik jokatu beharko, lehen aldiz. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Iruditzen zait, esan zen bezala, zuzenagoa dela. Donostiako bi talde gara, eta garrantzitsua da biak aukera berak edukitzea. Orduan, ongi deritzot. Aurten guri tokatu zaigu. Arraroa izango da, ez baita inoiz gertatu, baina ongi.
Tolosaldeak indartsu amaitu du liga; Orio ere ondo aritu da. Horrek ere ematen omen dio prestigioa eta ikusgarritasuna arraun denboraldiari. Bi traineru horiek dira zuen aurkari nagusiak?
Bai, pentsatzen dut baietz. Haiek egon dira hor liga guztian, eta, nire ustez, gure erabakitasun berarekin aterako dira Kontxako Banderaren bila. Bi traineru indartsu dira, eta ez digute utziko huts egiten.
Hain zuzen, Donostian jokatutako estropada Tolosaldeak irabazi zuen. Kontxako Bandera irabaztea azken urteetan baino zailagoa izango duzue?
Ez nituzke konparatuko ligako estropada hori eta Kontxa. Beste faktore batzuk badira: Kontxakoa oso bandera berezia da, eta horretarako prestatuko gara denak. Egia esan, ez dakit faboritorik baden edo ez, baina argi daukat traineru bakoitza saiatuko dela horren bila; orduan, ikusiko da. Guk gure lanean jarriko dugu arreta; beste Kontxa guztiak bezala prestatuko dugu. Gure arraunketa egin eta gustura aritzen saiatuko gara.
Modu berezian prestatuko duzue lehia? Ala ohiko entrenamenduak egingo dituzue?
Ez dakit zer datorren orain, egia esan [barrez]. Prestatzaile fisikoak du plana, baina badakit dena oso kontrolatua duela: epe bakoitzean zer egin, gorputzak eta burua nola zaindu... Besteak bezala prestatuko dugu, baina badakigu denok Kontxak baduela zera hori. Arraunlari bakoitzaren buruan, nirean eta denenean horixe dago: hurrengo gerlara goaz.
Gogoz zaudete?
Bai, oso-oso gogotsu.