Segalaria

Alaitz Imaz: «Oraindik ezin dut sinetsi bigarren egin dudala Europako Txapelketan»

Izaskun Larrartek Europako Sega Txapelketa irabazi zuen 1999an, eta Imazek bigarren postua lortu du orain. Bere kirol ibilbideko emaitzarik onena bildu du. Dena den, euskal selekzioak talde gisa egin duen lanak asebete du gehien.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Sega Txapelketan bigarren izan zenetik egun batzuk joan diren arren, zer lortu duen sinetsi ezinik dabil oraindik Alaitz Imaz (Hernialde, Gipuzkoa, 1994). Besteak beste, Euskal Herriko hemeretzi segalarik parte hartu zuten Bavariako Thundorf Airing herrian (Alemania) jokaturiko txapelketan, eta lau podiumetan izan ziren euskal ordezkariak. Inoizko emaitzarik onenak batu zituen euskal selekzioak, eta Imazen lana goraipatzekoa izan zen. Ospakizunetarako tarte handirik ez du hartu, etxeko belarrak egiten badauka-eta lana. «Hondartzan egon baino nahiago dut belarrean aritu», aitortu du.

Astebete da Alemaniatik itzuli zinetela. Barneratu al duzu zer-nolako balentria egin duzuen?

Sinetsi ezinik nago oraindik. Niri dagokidanez, lorpen izugarria izan da. Seigarren aldia nuen Europako txapelketa batean, eta orain arteko posturik onena duela bi urte lortu nuen, Eslovenian: zazpigarren izan nintzen. Lehen hamarretan sartzea sekulakoa zen, eta pentsa zer izan den bigarren egitea. Izugarri pozik nago, eta emaitza honek ilusioa eta motibazioa ematen dizkit entrenatzen jarraitzeko.

Gainera, euskal selekzioak ere inoizko emaitza onenak lortu ditu talde gisa.

Horrek asebetetzen nau gehien. Gizonezkoetan ez ditugu hain emaitza onak lortu, lehena Julen Gabirondo izan baitzen, hamaseigarren sailkatuta. Emakumezkoetan nik bigarren egitea lorpen ederra izan zen. 14 eta 18 urte artekoen mailan, emaitza bikainak bildu genituen. Nesketan, Izadi Arrospidek irabazi zuen, eta Inge Goikoetxea izan zen hirugarren. Mutiletan, Manex Olaitz sailkatu zen hirugarren. Guztira lau podiumetan izan ditugu ordezkariak. Gainera, gazteekin ikusi dugu etorkizuna bermatuta daukagula. 

Oihartzunik izan al du lortu duzuenak?

Inoiz baino handiagoa. ETBko kamerari batek bidaiatu zuen gurekin, eta, hari esker, txapelketaren berri zabaldu da Euskal Herrian. Gu hona etortzerako, jendeak bazekien zer lortu genuen, eta zorion mezu ugari jaso ditugu. Niri dagokidanez, herriko festak egokitu zaizkit Alemaniatik bueltan, eta jendearen esker ona nabaritu dut.

Euskal Herriko sega tradizionalarekin zerikusi gutxi du Europakoak. Nolakoa izaten da txapelketa?

Bi urtean behin antolatzen da Europako txapelketa, eta hiruzpalau eguneko festa izaten da. Lehen egunetan aurkezpenak, zozketak eta halakoak egiten dira, eta, oraingo honetan, sega txapelketa azken egunean jokatu dugu. Emakumezkooi dagokigunez, saio bakarrean 35 metro karratuko sail bat ebaki behar izaten dugu. Esprinteko lana izaten da, eta horixe da modalitate honen berezitasuna. Minutu baten bueltan ibiltzen da gure lana; beraz, momentu horretan bertan egin behar izaten dugu dena. Perfekzioa behar da. Olinpiar Jokoekin konpara daiteke. Jokoetan ere, lau urteko lana minutu eskasean erakutsi behar izaten dute kirol askotan, eta antzera ibiltzen gara gu ere.

Eta gustatzen al zaizu Europako modalitatea?

Oso ezberdina da gurearekin konparatuta. Hemen ordu erdiko edo ordubeteko lana egin behar izaten dugu, eta gero kiloen arabera zehazten da nor den garailea. Europan txukuntasunari erreparatzen diote, eta horrek eskatzen du teknikoki egoki aritzea. Alderdi teknikoa hobeto datorkit niri. Egia da minutu batean dena bikain egin behar horrek sortzen duen presioa ez dela ona, baina modalitate erakargarria da. Bai guretzat, bai ikusleentzat.

«Nik jendea animatuko nuke sega probatzera, euskal selekzioarekin bidaiatzea ere sari ederra baita»

Lanak bukatu zenituenean, espero al zenuen bigarren izango zinenik?

Inondik ere ez. Belarra ikusi nuenean, nabaritu nuen ebakitzeko zaila zela. Horregatik, erabaki nuen txukun moztea, eta denborari ez begiratzea. Minutu eta hogei segundoan egin nituen lanak. Epaileek euren lana egin zuten ondoren, eta iluntzean eman zizkiguten emaitzak. Lanak bukatu eta ordu batzuetara. Itxaronaldia ez zitzaidan luze egin, eta emaitzaren berri jaso nuenean izugarrizko poza hartu nuen.

Urrun geratu al zitzaizun lehen postua?

Bai, oso. Salzburgoko segalari batek irabazi zuen txapelketa, eta hirugarrenez txapela jantzi. Azken lau ekitaldietatik hiru irabazi ditu, eta irabazi ez zuen hartan bigarren egin zuen. Hura da onena, eta alde handia atera zigun gainerako guztioi. Nik ozta-ozta utzi nituen atzean hirugarrena eta laugarrena.

Izaskun Larrarteren marka berdintzetik urrun geratu zinen, beraz.

Marka hori berdintzea ia ezinezkoa izango da. Larrarte Europako txapeldun izan zen 1999an, euskal selekzioak Europako txapelketa jokatu zuen lehen aldian. Beste emaitza on batzuk ere izan dira ordutik. Jexux Goenagak bigarren egin zuen 2017an, Suitzan, eta Joxe Gabirondo hirugarren izan zen behin. Izen handi horien artean egotea ohorea da niretzat.

Gainerakoan, zer moduz dago segaren arloa Euskal Herrian?

Gaztelun sega eskola bat du Gabirondok, eta hogei bat gazte ari dira. Tolosaldean segalari asko gaude, baina egia da gainerakoan ahul dagoela. Egutegian badauzkagu txapelketa batzuk, baina zaila da sega plazara eramatea. Aizkora eta harri jasotzea modan daude, eta festetako egitarau ia denetan agertzen dira. Zaila da segarekin gauza bera lortzea, ez baitago modurik plaza batean aritzeko. Belazeak topatzea ere nekeza da. Dena den, nik jendea animatuko nuke sega probatzera, euskal selekzioarekin bidaiatzea ere sari ederra baita.

Pilotan lortu dute euskal selekzioa ofiziala izatea, baina zuek urteak daramatzazue horretan.

Gure artean sarri komentatu dugu gai hori. Harro gaude euskal selekzioa ordezkatzen dugulako, eta beste nazio denek badakite gu euskaldunak garela. Almitza sega elkarteak sortzetik beretik argi utzi zien denei gu euskaldunak garela. Gure kultura eta hizkuntza zabaltzen ditugu Europan zehar. Segalari eta antolatzaileon bidaia eta gastu guztiak ordaintzea ez da erraza, eta parte bat gure poltsikotik jartzen dugu. Babes handiagoa eskatu nahi nieke instituzioei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.