Markel Bergara. Realeko jokalaria

«Oraingo Reala ez dago iragan sasoikotik hain urrun»

Realak azken asteetan «hobekuntza nabarmena» izan duela uste du, eta bi helburu finkatu ditu: Txapeldunen Ligako bi partidak irabaztea eta ligan Europako postuetan amaitzea urtea.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Asteburuan ligako neurketarik ez eta, ohi baino aste lasaiagoa izan dute Zubietan. «Bizitza pribilegiatua daukagu futbolariok, eta, halako asteetan, are pribilegiatuagoa. Eskertzen dira atsedenak». Ordu eta erdiko lan saioa egin eta masaje apur bat hartu ondoren, pozik agertu da hitzordura Markel Bergara (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). «Masajea beharrezkoa da tarteka. Lesiorik ez dut, baina jardunaren karga igartzen da giharretan». Ligako azken partidan Real Madrilen aurka kolpe handia jaso arren, Reala etengabe hobera egiten ari dela uste du erdilariak, eta baikor da luze gabeko etorkizunari begira. Europarako sailkatzea desioa ez «helburua» dela nabarmendu du.

Santiago Bernabeun 5-1 galdu eta itxura kaskarra eman ostean, zer moduz dago taldea?

Ahaztuta ez, baina gaindituta daukagu porrot hori. Taldea ondo dago, konfiantzaz, eta Bernabeun emandako itxurak ezin dizkigu baldintzatu hurrengo partidak. Celtaren kontra hasita, zortzi norgehiagoka izango ditugu bata bestearen jarraian, eta ezin gara atzera begira egon. Aurrera jarraitu beharra dago. Urtea ahalik eta hobekiena amaitzea da oraintxe gure helburua.

Egiari zor, talde handien zelaietan emaitza on bat lortzea asko kostatzen ari zaizue.

Garbi dago azken denboraldietan emaitza txarrak lortu ditugula Nou Campen eta Santiago Bernabeun. Txapeldunen Ligan, baita Manchester United eta Bayern Leverkusenen zelaietan ere. Ligari dagokionez, garbi dago hamasei bat talderen arazoa dela zelai zailetan ezin irabazi izana, ez gurea bakarrik. Dena den, horrek ez du justifikatzen lan hobea egiteko gai ez garenik. Zelai horietako emaitzek baino gehiago arduratzen naute ni beste batzuetan egindako lanek. Azken finean, gure liga ez da Real Madrilen eta Bartzelonaren aurkakoa.

Baina galtzetik galtzera aldea dago, eta zelai horietan hain garbi galtzeak min egiten du. Jarrera falta kritikatu zaizue.

Betiko kontua da hori. Askotan badirudi presiorik ez duzula egiten, behar bezainbeste indar ez duzula jartzen, ezta gogorik ere... Baina ez da horrela. Jendeak kontuan eduki behar du aurkaria hobea dela, eta, fisikoki, oso indartsua. Astean partida bat baino gehiago jokatzera ohituta daude, eta jardunaren karga ez dute guk adina nabaritzen. Beraz, guk baino lehenago heltzen diote baloiari... Autokritika egiten gu gara lehenengoak. Inork baino lehen, guk hobetu nahi dugu irudia, baina gezurra da jarrera falta zaigula. Futbolari bat beti ateratzen da zelaira irabaztera.

jardunaren karga daukazuela aipatu duzu. Atsedenaldia momentu onean heldu al zaizue?

Oso onean. Kasik hiru egunetik behin jokatu behar izan ditugu zazpi partida, eta, ohitu gabe gaudela aintzat hartuta, gogorra egiten da. Gainera, azken bi partidak Manchester United eta Real Madrilen aurka izan dira. Beraz, kontuak atera. Ligako aurreko atsedenalditik hona aurrerapauso handia eman du taldeak, asko hobetu dugu. Oraingo Reala ez dago iragan sasoikotik hain urrun. Lehen atsedenaldian 17. postuan geunden, eta, orain, zazpigarrenean.

Halere, ematen du sasoi kaskarra osatzen ari zaretela. Ordea, 2002ko denboralditik hau da onena.

Objektiboki begiratuta, nik uste denboraldi txukuna egiten ari garela. Iragan sasoian bikain ibili ginen, eta sasoi honetan guztia hala joatea nahi genuen denok. Baina ez da erraza. Ligari begiratuta, Europan sartzea da helburu nagusia, eta, hori aintzat harturik, postu egokian kokatuta gaude oraingoz. Txapeldunen Ligak utzi du akaso itzalpean ligako lan ona, baina dena ez da iluna. Nik balorazio ona egiten dut orain artekoaren inguruan.

Helburua Europa duzuela aipatzean, zeri egiten diozu erreferentzia: Europako Ligari ala Txapeldunen Ligari?

[Barreak] Helburua Europa da, eta gero ikusiko dugu noraino iristeko gai garen. Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril ziurrak dira lehen hiru postuetarako, eta laugarren hori dago hutsik edo. Lauzpabost talde egongo gara horretarako lehian, eta gure aukera izango dugu. Pentsatzen dut gure onena emanez gero dezenteko aukera dugula, baina oso zaila da. Erregulartasun handia eduki behar da, eta, hiru txapelketa jokatuta, kosta egiten da.

Datorren Txapeldunen Ligari begira egon gabe, aurtengoan baduzue oraindik aukerarik hurrengo faserako sailkatzeko.

Multzoen zozketa egin zenean, hurrengo fasera igarotzea zen gure xedea. Gauzak ez dira nahi bezala joan, baina mirariren bat gertatzeko oraindik ere bada aukerarik. Geratzen zaizkigun bi partidak irabaztea besterik ez dugu buruan, eta, hala izaten bada, gertatuko da gertatu beharrekoa. Noski, hobea da Europako Ligarako sailkatzea etxerako bidea hartzea baino. Azken hori tokatzen bazaigu, bizipenekin eta lortutako esperientziarekin geratu beharko dugu. Talde ona dugu, eta iritsiko zaigu onenekin aritzeko beste aukerarik ere.

Old Trafforden jokatzea esaten duten bezain zoragarria al da?

Porrotaren pena horrekin geratu ginen, baina ikaragarria da zelaia. Futbolari orok amesten du han jokatzea. Gainera, zale mordoa joan zen, eta gau polita izan zen guztiontzat. Irabazi izan bagenu...

Liga, Txapeldunen Liga, eta laster Espainiako Kopa. Lehiaketa horri gustua hartzeko ordua izango da, ezta?

Ea hala den. Nire ustez, oraingoan sekula baino hobeto joango zaigu. Jardun handiagoa izango dugu, baina ohituta gaude aste barruan ere jokatzera, eta ongi moldatuko gara. Lehen kanporaketa arriskutsua tokatu zaigu: Algecirasen kontra. Gu gara faboritoak, baina halako kanporaketak arriskutsuak izaten dira. Ea urrun samar iristeko gai garen.

Esteban Granero eta Gorka Elustondo min hartuta, zu zara Realaren zelai erdiari oreka emateko arduradun nagusia.

Badaude jokalari gehiago: Pardo, Zurutuza, Prieto. Gehienak iragan sasoian baino gehiago jokatzen ari dira, eta bikain ari dira. Horietako edozeinekin ongi moldatzea erraza da. Ni, pertsonalki, oso gustura nago. Lesioek errespetatzen naute, eta gozatzen ari naiz. Hanketatik ere ongi nago, nahiz eta partida amaiera batzuetan nekea sumatu.

Asier Illarramendiren hutsunea asko igartzen al duzue?

Garbi dago jokalari aparta dela. Ordaindu zuten prezioari begiratu besterik ez dago. Baina Realaren helburua inoiz ez da izan jokalari bat beste batekin ordezkatzea, bloke bat sortzea baizik. Eta guk lan hori egina daukagu.

Azkenik, zer moduz ikusten duzu Jagoba Arrasate?

Oso ondo. Aurretik ere ezagutzen genuen haren joko sistema, eta hori abantaila da. Jokalariok izugarri kontentu gaude berarekin. Lan ona egiten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.