Arrauna. Eusko Label Liga

Oriok denboraldiko bederatzigarren bandera irabazi du Boiron

Galizian bitik bi irabazi ditu 'San Nikolas'-ek. Getaria hirugarren izan da bigarren txandatik.

Orioko trainerua, atzo. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Orioko trainerua, atzo. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Paulo Ostolaza.
2025eko abuztuaren 10a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bederatzigarren bandera poltsikoratu du Oriok. Iker Zabalaren mutilak ederki egokitu dira Galiziako baldintzetara ere, eta beste behin erakutsi dute eurena dela trainerurik indartsuena aurten. Boiron jokatu den estropadan Donostiarra izan da bigarren eta Getaria hirugarren, bigarren txandako garailea.

Eusko Label liga irabaztea bideratua du Oriok, eta bolada bikainean helduko da denboraldiko unerik garrantzitsuenera. Gaur, azken luzean hautsi du estropada. Ordura arte eutsi dio Donostiarrak, baina hirugarren ziabogaren ostean gehiago izan da San Nikolas. Zierbena eta Hondarribia ez dira horren fin ibili, eta seigarren eta zazpigarren amaitu dute, hurrenez hurren.

Bigarren txandan Getaria ibili da ondoen, Urdaibai azken txanpan garaituta. Ikusgarria izan da bien arteko buruz burukoa; pare-parean egin dute arraun, eta epaileak bandera zuria ere atera behar izan die bizkaitarrei, gipuzkoarren kalean sartzeagatik. Hirugarren eta laugarren izan dira azkenean. Kale egin dute txandako beste bi ontziek: azken-aurreko postuan amaitu du San Juanek, eta azkena Ondarroak.

Bosgarren postuan sartu da Isuntza, lehen txandako irabazlea. Aise irabazi du txanda, estropada bikaina eginda.

Sailkapen nagusian 24 puntuko tartea dago Orioren eta Donostiarraren artean; oriotarrek ia eskuetan dute liga. Donostiakoek aurrea hartu diote Zierbenari, Urdaibaik Hondarribiari bezala. Gaurko emaitzei esker, Isuntzak ere puntu bakarrera du orain San Juanen zazpigarren postua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.