Indartsuena irabazle. Oriok astindu du Chapelako bandera. San Nikolas ontzikoak nagusi izan dira Galiziako uretan, eta denboraldiko laugarren garaipena eskuratu dute. Gaur, gainera, erraz aritu dira. Estropada hasi orduko hartu du Oriok aginte makila, eta ez du askatu bukatu arte. Zierbena izan da bigarren, hamabi segundora. Hirugarren, berriz, bigarren txandako irabazleak egin du: Hondarribiak, hamasei segundora.
Lehen aldiz aritu dira Eusko Label ligako ontziak Redondelan. Galiziarrek ezagutzen zuten estropada eremua, baina gainerakoek ez. Hala ere, ez die askorako balio izan. Ez diote zukua atera etxean aritzeari, eta Galiziako bi taldeak izan dira ontzirik makalenak. Korapilatzen ari zaie denboraldia. Batez ere, Aresi. Azken postuan dago, 11 punturekin. Chapela du aurretik, hamabostekin, eta koska bat gorago daude Isuntza eta Santurtzi, 22rekin. Aresek esnatu egin beharko du datorren denboraldian gorenean segitu nahi badu.
Kontrara, gaur irabazita, lidergoa sendotu du Oriok. Lehen ziaboga ematerako, nahi zuen lekuan zuen estropada. Zierbenak eta Urdaibaik segitu diote atzetik, hiru eta bost segundora, hurrenez hurren. Baina bigarren luzean aldea zabaldu du San Nikolas ontziak. Lan erdietarako, argi zegoen nork astinduko zuen bandera.
Hortik behera zer, ordea, hori ez zegoen hain garbi. Bigarren ziabogan, segundo baten aldea zuten lau ontzik: ohorezko txandan lehiatu diren Zierbenak eta Urdaibaik, eta bigarren txandan aritu diren Hondarribiak eta Donostiarrak. Hirugarren luzean, ordea, Zierbenak aurrera egin du, indartsu, eta aldea atera die aurkariei. Urdaibaik baino zazpi segundo lehenago eman du azken ziaboga, eta bukatu arte eutsi dio erritmoari.
Aldiz, Bou Bizkaia ontziak ez du lortu Hondarribiaren denbora hobetzea, baina bai Donostiarrarena. Zierbenak baino lau segundo gehiago behar izan ditu Hondarribiak, zortzi gehiago Urdaibaik, eta hamar gehiago Donostiarrak.
Bestalde, ohorezko txandan, Getariak sufritu egin du lehen kaletik. Hari tokatu zaio inork nahi ez zuen kalea, eta, saiatu arren, berehala geratu da atzean. Hain zuzen, lehen kaleari ihes egiten saiatu dira ontzi guztiak, eta laugarrenera jo dute, babes bila. Denboretan antzeman da. Jo eta su aritu da Esperantza bukaerara arte, eta, azkenerako, zazpigarren izan da.
Hondarribia, bikain
Donostiarrak bizi-bizi hasi du bigarren txanda, eta aurrea hartu die aurkariei. Hala ere, gogor egin du arraun Hondarribiak, eta, laugarren kaletik, harrapatu bakarrik ez, pasatu ere egin du Torrekua II.a trainerua. Lehen ziaboga hiru segundo aurretik eman ditu Ama Guadalupekoa-k. Bitan hautsi da txanda: batetik, Donostiarra eta Hondarribia, txanda irabazi nahian. Bestetik, Ondarroa eta San Juan, nor baino nor gehiago.
Hirugarren luzea izan da erabakigarria. Ama Guadalupekoa eta Torrekua II.a ontziek lehia estua izan dute metro luzez, parez pare aritu dira, elkarri mokoka, baina, hirugarren luzean aurrea hartu du berriro Hondarribiak. Lau segundoren aldea zuen azken ziaboga egiterakoan, eta horri eutsi ez ezik, beste segundo bat ere jan dio bukaeran. Merezita irabazi du. Ohorezko txandan aritu nahi du borrokan Donostiarrak, baina uste baino apalago ari da.Â
Erreka ere atzean geratu da hirugarren luzean, eta ez dio buelta eman. Hura izan da bigarren txandako azkena, eta lehen txandako irabazleak —Santurtzik— baino denbora kaskarragoa egin du. Puntu garrantzitsuak bildu ditu, beraz, Sotera-k.
Lehen luzean apurtu du txanda Santurtzik, eta aldeari eutsi dio bukaerara arte. Beste hiru ontziak —Ares, Isuntza eta Chapela— estu hasi dira, baina, estropadak aurrera egin ahala, batzuek erritmoa bizitu dute, eta besteak ezinean aritu dira. Atzetik aurrera egin du Isuntzak, eta lana biribildu du azken luzean. Horiek horrela, bigarren izan da. Santurtzik baino bost segundo gehiago behar izan ditu lanak bukatzeko.
Chapela saiatu da Lekittarra ontziari lanak ematen, baina ezin izan du. Bukaeran, sufritu egin du etxeko taldeak, eta lehen txandako irabazleak baino ia 11 segundo gehiago behar izan du saioa bukatzeko. Zer esanik ez Aresek. Lehen luzean eutsi dio aurkarien erritmoari, baina kito: hortik aurrera, ihes egin diote, eta azkena izan da.
Bihar ere Galizian jokatuko dute estropada, Bueun (12:20, ETB1). Azken bi aldietan ligako irabazleak izan dira nagusi estropada eremu horretan: Urdaibai 2024an, eta Orio iaz. Berriro irabazi, eta bi banderak eskuratuta bueltatu nahiko du San Nikolas ontziak Galiziatik.
Deustu izan da bizkorrena KAE1 ligan
Garaipen garrantzitsua lortu du Deustuk KAE1en. Hura izan da azkarrena Erandion (Bizkaia) jokatu den estropadan. Zumaiak egin du bigarren, hiru segundora, eta Zarautzek hirugarren, hemeretzi segundora. Lehia estua dute sailkapen nagusian. Deustu dago lider, 80 punturekin; Zarautz bigarren, 77 punturekin; eta Zumaia hirugarren, 74 punturekin.Â
Â
KAE2 ligan, berriz, Castrok irabazi du bandera, aise. 31 segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Camargori, eta 46 hirugarrenari, Portugaleteri. Kantabriako (Espainia) bi taldeak nahieran ari dira gizonezkoen hirugarren mailan.
Â
Bihar, berriz, Portugaleten (Bizkaia) ariko dira ETE eta KAE2 ligetako ontziak. Emakumezkoen bigarren mailan, lehia estua dute Hondarribiak eta Zarautzek. Orain arte jokatutako sei estropadetatik lau irabazi ditu Hondarribiak, eta 46 puntu ditu orain. Beste bi banderak Zarautzek astindu ditu, eta 44 puntu ditu.