Liga hasi zenetik Orio da lider, eta, asteburuak pasatu ahala, lidergoa sendotzen ari da. Irabazteko gosez daude, eta puntuak bildu eta bildu ari dira. Gaur beste hamabi zakuratu dituzte, azkarrenak izan baitira Galiziako uretan, Pobra do Caramiñalen. Ohi baino maniobra gehiago egin behar izan dituzte: bost ziaboga eta sei luze. Fin aritu dira San Nikolas ontzikoak, eta, Zierbenak zirikatu arren, kontrolpean izan dute estropada. Bizkaiko taldeak egin du bigarren, lau segundo pasatxora, eta Donostiarrak hirugarren, hogei segundora.
Eguneko bitxikeria, hauxe: Hondarribiak eta Urdaibaik denbora berbera egin dute: 19.58,70. Biak izan dira laugarren, eta epaileek bederatzina puntu eman dizkiete.
Eusko Label ligako traineruek zail izango dute Iker Zabalak zuzendutako traineruari lehen postua kentzea, oso zail. Zerbait arraroa gertatu ezean behintzat. Bigarren nork amaituko, berriz, badago saltsa, galipoek aurrerapausoa eman duten arren. Zierbenak bigarren postuan zela ekin dio gaurko estropadari, 97 punturekin; eta Donostiarrak hirugarren, 95 punturekin. Gaurkoa jokatuta, 128 puntu ditu Oriok, 108 Zierbenak, eta 105 Donostiarrak. Hala ere, Zierbena Torrekua II ontzikoak baino askoz hobeto aritu da Pobran.
Galizian jokatutako lehen estropadan, Urdaibairen denbora erreferentziatzat hartuta ekin diote ohorezko txandari Oriok, Zierbenak, Donostiarrak eta Hondarribiak: hogei minutu baino gutxiago. Aintzat hartzekoa zirudien, baina Oriok aise gainditu du, baita Zierbenak eta Donostiarrak ere, eta Hondarribiak berdindu.
Nolabait, estropadak iraun bitartean Zierbenak eutsi dio San Nikolas-i. Horiz jantzitakoak hiruzpalau segundo aurrerago zituen, baina borrokan segitu dute, tira eta tira. Tarte luzez, erritmo berean aritu dira. Ez dute lortu oriotarrak harrapatzea, baina, behintzat, ez diete utzi ihes egiten. Egon bada, haien artean egon da bandera irabazteko lehia. Donostiarra eta Hondarribia atzetik izan dira.
Azken horiek Urdaibairekin izan dute lehia, batez ere berdeek. Hondarribiak azken luze aparta egin du, eta Bou Bizkaia-ren denbora berdindu. Bigarren txandan, hain zuzen, Urdaibai izan da ontzirik bizkorrena. Maniobrak azkar egin, eta indartsu aritu da arraunean. Hark ezarri du erritmoa, eta bizi-bizi egin du aurrera. Saio exijentea zuten Pobran, eta ondo erantzun dute. «Bandera» nahi zuela esan die arraunlariei Iñigo Larrinaga patroiak. Azkenerako, baina, laugarren postuan Ama Guadalupekoa-rekin berdinduta konformatu behar izan dute.
Halere, bigarren txandan nagusi izan dira. Lan erdietarako, 11 segundo atereak zizkioten Getariari, eta hamahiru San Juani. Hortik aurrera, alde nabarmena egon da ontzi batetik bestera. Esperantza ontziak hamabi segundo gehiago behar izan ditu Urdaibaik baino, eta Erreka-k ia 22 gehiago.
Isuntza, berriz, ez da ondo aritu. Ahul hasi da, eta hustuta bukatu du. Ondarroak —lehen txandan— hobetu egin du haren denbora, eta Kaikuk ia-ia; ehunenen aldea izan da bi ontzien artean.
Cabo, gaizki; Kaiku, ondo
Emakumezkoetan ez bezala, gizonezkoetan nahiko finkatuta dago sailkapenaren azpialdea. Denboraldia zaila izan da orain arte Caborentzat. Sailkapenaren zuloan dago, eta gaur ere, etxean, azken postuan amaitu du. Ezinean ari da Galiziako taldea, eta mirari bat behar luke mailaz ez jaisteko. Dagoeneko bederatzi puntutara du Kaiku, 11. sailkatua. Gaur oso atzean geratu dira bigarren luzerako —ontzirik makalena izan da azkeneko lau estropadetan—.
Lehen txandako onena Ondarroa izan da. Buruan jarri, eta pixkanaka nagusituz joan da. Haren atzetik, Kaiku eta Ares pare-parean aritu dira tarte batez. Bizkaitarra ontzikoek estropada garrantzitsua zuten jokoan, eta, horren jakitun zirenez gero, gogor egin dute arraun. Ia-ia segurua da kanporaketak jokatu beharko dituztela, eta psikologikoki inportantea da lehiakor aritzea.
Halaxe egin dute. Laugarren luzean, gainera, atzean utzi dute Ares, eta tartea zabaldu. Bukaerarako, zazpi segundo atera dizkiote Aresi, eta 31 Cabori. Bada zerbait. Burumakur amaitu dute galiziarrek, eta burua tente bizkaitarrek.
Gertu izango dute bihar ere estropada. Boiron, Caboren etxean (12:20, ETB1). Cosme Sampedro Galiziako taldeko arraunlariak BERRIAri esan zionez, eremu «neutroa» da ustez, eta gogorra.