Orio nagusitu da Zierbenan (Bizkaia), Eusko Label ligan. Bigarren luzean erakustaldia emanda lortu dute beste bandera bat astintzea. Zierbena izan da bigarren, eta Hondarribia hirugarren, bigarren txanda irabazi ostean. Orain, lau punturen aldea dago sailkapen nagusian oriotarren eta Zierbenaren artean.
Arraun Lagunak-ek ordubete lehenago egin duen gauza bera egin du Oriok Zierbenako uretan: Denboraldiko hirugarren bandera irabazi. Iker Zabalaren taldeak bigarren luzean hautsi du estropada: Zierbenak baino zortzi segundo bizkorrago amaitu dute luze hori. Bizkaitarrak erasokor aritu dira estropada hasieran, baina, pixkanaka-pixkanaka, atzean gelditu dira. Hortik aurrera, bakarrik aritu dira arraunean estropadaren buruan.
Zierbenak bigarren txandako Hondarribiarekin izan du lehia, eta galipoek segundo bat bizkorrago amaitu dituzte lanak azkenean. Hondarribia aise nagusitu da bigarren txandan. Mikel Orbañanosen arraunlariak fin aritu dira hasieratik, eta, luzez luze, aldea areagotu dute beren txandako ontziekin. Lehen ziabogatik irtetean, olatua hartu du Joseba Amunarrizek, eta sei segundoren aldea lortu du. Getariak eutsi egin die estropadaren lehen erdian, baina hirugarren luzetik aurrera atzean gelditu da. Azkenerako, Ama Guadalupekoa ontziak hamaika segundo bizkorrago amaitu ditu lanak.
Urdaibai ez da nahi bezala hasi ohorezko txandan, baina, amaierarako, estu hartu du etxeko taldea. Laugarren izan da sailkapenean, baina Jon Salsamendiren taldeak lehian aritzeko moduan dagoela erakutsi du lehen lau estropadetan.
Donostiarrak egun itzela izan zuen larunbatean, baina gaur atzean gelditu da estropada hasi eta berehala. 29 segundo galdu ditu azkenerako, eta Getariak ere aurrea hartu die —Getaria bigarren txandan aritu da—. Laugarren kalea egokitu zaie, eta hartan arraun egin duten hiru ontziek txandako azken postuan amaitu dute.
San Juanek eta Aresek lehia estuagoa izan dute bigarren txandan. Elkarren ondoan egin dute estropada, eta Erreka nagusitu da sailkapenaren erdialdean egonkortzeko lehian. Lau segundoren aldea atera dio Galiziako ontziari. Hala ere, Ondarroa eta Isuntza aurretik izan dituzte, hau da, lehen txandako garailea eta bigarrena.
Ondarroak egun txarra izan zuen atzo, eta Zierbenara «amorratuta» joan direla nabarmendu du Xanet Gimeno patroiak. Hasieratik ikusi da atzo baino gehiago lehiatzeko zegoela taldea, eta lortu dute arantza kentzea; zazpigarren amaitu dute sailkapenean.
Cabo eta Kaiku, berriz, urruti gelditu dira. Orain arte jokatu diren lau estropadetan ez dira nahi bezala aritu, eta asko hobetu beharko dute ez badute azken bi postuetako batean gelditu nahi. Gaur Cabo izan da hamaikagarrena, eta Kaiku azkena.