Beste asteburu borobil bat egin du Oriok: Getariako Bandera ere eskuratu du. Eusko Label ligako sailkapen orokorrean alde are handiagoa du orain —26 puntukoa—, hamabigarren bandera ere irabazia.
Iaz, estropada eremu horretan Zierbenak irabazi zuen, Getaria izan zen bigarren, eta Orio hirugarren. Horregatik mintzatu da Jon Urresti, Orioko arraunlari getariarra, horren harro: «Iazko arantza kentzea lortu dugu».
Getaria hamabi segundo atzetik zihoan estropada erdia egiterako, bigarren. Bazirudien liderraren atzetik helduko zela, baina etxeko trainerua ika-mika ibili da Zierbenarekin, eta bizkaitarrek aurrea hartu dute amaierarako. Are, bigarren txandako Hondarribia ere sartu da Orioren eta Zierbenaren artean; beraz, Esperantza ontziak laugarren egin du. Denborarik onenetan hurrengoa Donostiarrak egin du, bigarren txandatik, Urdaibairi aurrea hartuta. Bou Bizkaia erritmoari eutsi ezinik geratu da lehen txandan.
Bigarren txandako bi, beraz, azkarrenen artean sailkatu dira, eta Ondarroak Isuntzak baino hobeto egin du estropada, nabarmen. Urdaibairen atzetik lehen txandako Ares izan da azkarrena, Ondarroak egin du hurrengo denbora onena, eta Chapelak egin du bederatzigarren.
San Juanek estropada on baten beharra zuen, eta gaurkoan ez da azken postuan geratu, behintzat. Atzean utzi ditu Isuntza eta Santurtzi, hori izan baita gaur apalena.
Hurrengo asteburuan Zarautzen ikusiko dute elkar arraunlariek, herri horretako bandera preziatuaren lehian.