Oriok asteburu biribila egin du beste behin ere. Atzo Ondarroan irabazi ostean, Hondarribian (Gipuzkoa) nagusitu da gaur San Nikolas ontzia. Haize ufada bortitzek baldintzatu dute estropada, eta Orio gehien estutu duen trainerua etxekoa izan da, Hondarribia. Bigarren txanda irabazi du Ama Guadalupekoa-k, eta hirugarren ziabogan Oriokoengandik segundo bakarrera zen. Azkenean, ordea, bederatzi segundokoa izan da tartea, Oriok azken luzean egindako lan bikaina tarteko.
Emakumeen estropadan ez bezala, haizea zertxobait leunduz joan da txandek aurrera egin ahala. Ohorezko txandan, Oriok lehen luzean utzi ditu atzean aurkariak: lehen ziabogarako bi ontzi ateratzen zizkion Zierbenari, hiru Donostiarrari, eta ia lau Ondarroari. Hondarribiari, ordea, bi segundo soilik. Horren jakitun, erlojupeko baten gisakoa izan da estropada Oriorentzat, eta bikain neurtu ditu indarrak Iker Zabalak prestatutako taldeak. Azken luzean erakutsi du indartsuenak zirela gaur ere.
Hondarribiak bigarren postu ederra eskuratu du etxeko estropadan; hirugarren izan da Zierbena, laugarren Getaria —lehen txandan aritu da—. eta bosgarren Isuntza. Eguna ez da horren pozgarria izan, berriz, Bermeorentzat, seigarren postuarekin konformatu behar izan baitu. Lekittarra eta Bou Bizkaia nor baino nor gehiago aritu dira bigarren txandan, eta azkenean Lekeitiokoek lortu dute aurretik helmugaratzea, sei ehuneneko eskasengatik.
Sailkapen nagusiaren behealdean, Ares izan da eguneko garaile nagusia. Galiziarrak bigarren izan dira lehen txandan, eta, gainera, Ondarroa eta Santurtzi Chapelaren eta bien artean sartzea lortu dute. Horri esker, sailkapenean 37na punturekin berdinduta daude Galiziako bi taldeak, eta badirudi ez jaisteko lehian aritu beharko dutela sasoi amaierara arte.