Arrauna

Oriok irabazi du bandera Pasai Donibanen, iaz Zierbenak egindako denbora hobetuta

Denboraldiko 11. bandera astindu dute 'San Nikolas' ontzikoek. Zierbenak egin du bigarren, eta Urdaibaik hirugarren. Bestalde, etxean ezinean aritu da San Juan, eta azken postuan bukatu du. Chapelak, berriz, puntu garrantzitsuak lortu ditu.

'San Nikolas' ontzia, arraunean, Pasai Donibanen. ANDONI CANELLADA / FOKU
'San Nikolas' ontzia, arraunean, Pasai Donibanen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 15a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esperotakoa gertatu da Pasai Donibanen. Orio da Eusko Label ligako talderik indartsuena, eta San Nikolas ontziak irabazi du erlojupekoa. Horiek horrela, denboraldiko 11. bandera irabazi dute oriotarrek, eta urrats bat gehiago egin dute liga irabazteko bidean.

Ohorezko txandako lau taldeek egin dituzte denborarik onenak. Zierbenak egin du bigarren, zortzi segundora, Urdaibaik hirugarren, hamabost segundora, eta Getariak laugarren, hogei segundora. Gainera, Zierbenak iaz eremu horretan ezarritako marka hobetu du Oriok: 19.39,58. Txanponaren beste aldea San Juanentzat izan da. Zaleen hauspoa ez dute nahikoa izan, eta azkenak izan dira.

Ezohikoa da Pasai Donibaneko eremua; ontziek erlojupekoa jokatu dute, eta eremuak badu badiatik eta badu itsasotik. Hain zuzen, itsasoan zegoen buia, eta traineruek bokaletik atera behar izan dute ziaboga emateko. Itsaso nahasia zuten zain hor. Hala esan du Ugaitz Astigarraga Orioko arraunlariak: «Gure arraunkeran konfiantza izan dugu. Ziaboga egindakoan, apur bat kostatu zaigu, baina barrurago pare bat olatu hartu ditugu, eta ondo bukatu dugu. Burugogor segitu dugu».

Hasieran, Zierbenak eutsi egin dio Oriori. Ziabogan bi segundoren aldea baino ez zegoen ontzi batetik bestera. Baina, Astigarragak esan bezala, Oriok olatu on bat hartu du, eta aldea zazpi segundoraino zabaldu du. Ondo eutsi dio horri bukaerara arte.

Zierbena, berriz, bigarren geratu da beste behin. Sailkapen nagusian ere bigarren doaz galipoak, baina oraindik ez dute lortu bandera bakar bat irabaztea. Gorabeheratsuago ari da sailkapenean hirugarren dagoen Urdaibai, baina Bou Bizkaia traineruak hiru bandera behintzat baditu irabaziak.

Chapela, ondo

Bigarren txandan, berriz, Donostiarra izan da azkarrena. Bazirudien lehia izango zuela Hondarribiarekin, baina ez da hala izan. Itzulerakoan, olatuak aprobetxatu dituzte, eta aldea zabaldu dute. Isuntzak ere lan ona egin du, eta, behin erritmoa hartuta, Hondarribia harrapatu bakarrik ez, aurreratu ere egin du. Ondo dabil azkenaldian Lekittarra. Ondarroak, berriz, egun kaskarra izan du.

Eta are kaskarragoa San Juanek. Burumakur bukatu du eguna. Etxean egin du arraun, baina nahi eta ezin aritu da, eta azken postuan bukatu du. Leher eginda bukatu dute arraunlariek, arnasestuka, baina esfortzua ez da emaitzan islatu. Sailkapen nagusian, azken bi postuekiko tarte esanguratsua du, eta eskerrak. Izan ere, Erreka ontzia izan da makalena azken bi estropadetan.

Zuloan dauden bi ontzi galiziarrak, berriz, atzetik aurrera ari dira. Gaurko lehen txandan, horiek izan dira ontzirik azkarrenak. Chapelak egin du lanik onena, eta zazpi segundoren aldea atera dio Aresi. Gainera, bigarren txandan arraun egin duen Ondarroa baino denbora hobea egin du, eta, hortaz, zortzigarren postuan bukatu.

Ez Aresek. Itzulerako luzean gehiago sufritu du, baina, hala ere, lortu du Santurtzi baino lehenago amaitzea. Hamargarren postuan amaitu du, beraz. Oraintxe, 40 puntu ditu Aresek, azken postuan denak, eta 42 Chapelak, azken-aurrekoak. Gora begira, San Juan eta Santurtzi dituzte, 51 eta 56 punturekin, hurrenez hurren.

Sotera traineruak arazoak izan ditu gaur ziabogan. Maniobra egiteko prestatzen ari zela, pala puskatu zaio aurrekalariari. Olatuak tarteko, palak traineruaren aurka jo du, eta apurtu egin da. Ziaboga bakarra egin behar zuten traineruek, eta eskertu egin dute bizkaitarrek. 11. egin dute, San Juanen aurretik.

Bihar, berriz, Getarian ariko dira (12:20, ETB1). Getariarentzat estropada berezia izango da, 50 urte bete baititu aurten klubak. Gainera, ohorezko txandan egingo dute arraun. Uretan eguna biribiltzen saiatuko dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA