Oriok irabaziz ahaztu nahi du Gipuzkoako Txapelketako atsekabea

Camargon jokatuko dute gaur KAE 1 ligako laugarren estropada, eta oriotarrak dira faborito nagusi

Aitor Manterola Garate.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Oriok irabazi beharra dauka aurten. Astea joan eta astea etorri. Datorren urtean San Miguel izan nahi du berriz. KAE 1 ligako ibilia dotore ari da osatzen, hiru estropada jokatu eta hirurak irabazi dituelako. Alde horretatik, ondo ari da betetzen eskatzen zaiona. Baina ligatik at, gozokietako bat zuena, Gipuzkoako Txapelketa, ahotik atera zaio, edo kontrako eztarritik sartu. Joan zen asteazkenean, kale egin zuen, eta etxean izango den Euskadiko Txapelketatik kanpo geratu da.

Mingostasuna kentzeko, gaur du aukera, Camargon (Espainia). Ligako laugarren estropada izango da jokoan, eta bera da faborito argia. Irabazteko ez luke arazorik izan behar, eta horregatik, bere buruarekin berriro ere bat egin beharrean da, aurreko estropadetako gorputzaldi ona sentitu, ahalik eta gehien gozatu. Lehia estua bere atzekoek izango dute. Elantxobek puntu alea baino ez dio ateratzen Santurtziri bigarren posturako lehian. Atzealdean ere, azkeneko lekuari ihes egiteko larri dabiltza Deustu, Hondarribia eta Santoña.

KAE 2 ligakoak, Pasaian

Eguneko lehen estropada Pasaian jokatuko dute (12:00). KAE 2 ligakoa izango da, bosgarren jardunaldia. Erlojuaren aurka ariko dira traineruak, banaka. Trintxerpe eta Orio B berdinduta daude sailkapenean, eta bina bandera irabazi dituzte. Bietako batek behar luke garaile Hibaikak antolatzen duen estropadan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.