Arrauna. Eusko Label Liga

Oriok liga irabazteko pauso handia eman du

Denboraldiko seigarren bandera irabazi du 'San Nikolas'-ek. Zierbena bederatzigarren izan da, eta jada hamasei punturena da bien arteko tartea. San Juan izan da hirugarren.

Orio ziaboga bat hartzen, atzo, Getxon. MIGUEL TOÑA / EFE
Orio ziaboga bat hartzen, atzo, Getxon. MIGUEL TOÑA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 27a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Bigarren sailkatuarekiko tarte ikaragarria zabaldu du Oriok Eusko Label ligan. San Nikolas-ek sasoiko seigarren bandera astindu du Castro Urdialesen (Espainia), eta jada hamasei punturen aldea ateratzen dio Zierbenari sailkapen nagusian. Bizkaitarrek bederatzigarren egin dute gaur.

Estropada ikusgarria izan da: baldintzak ez dira txarrak izan, baina haizeak dezente astindu du, geroz eta oldarkorrago estropadak aurrera egin ahala. Horrek ere ez du eten, ordea, Orioren bolada ona. 

Oriokoek lehia estua izan dute Donostiarrarekin. Lehen ziabogan Donostiarra zen aurretik; bigarrenean, Orio; hirugarrenean, berriro ere, Donostiarra. Azken luzean erabaki da estropada. Oriok hirugarren kalea zuen, Donostiarrak bigarrena, eta Gorka Aranberri patroiak bere kaleari eustea erabaki du itzulerako luzean. Baborrera jo nahi izan du Arkaitz Diazek, baina ez dio utzi Aranberrik, eta metro gehiago egitera behartu du Torrekua II. Horrela zabaldu du tartea San Nikolas-ek, eta ontzi bateko abantaila izan du helmugan.

Ohorezko txandan Donostiarra izan da Orioren joari eutsi dion bakarra. Haizeak kalte gehiago egin die Urdaibairi eta Zierbenari, eta azkenean zortzigarren eta bederatzigarren amaitu dute estropada, hurrenez hurren.

Ondarroaren eta San Juanen jauzia

Emaitza bikaina San Juanek eskuratu du. Hirugarren izan da, bigarren txanda ikusgarria irabazita. Lehia estua izan dute Pasai Donibanekoek, Hondarribiak eta Getariak, eta bi segundoko tartean amaitu dituzte lanak hiru traineruek. Azken ziabogan San Juani sei segundoko abantaila ateratzen zion Hondarribiak, baina, euren kalea baliatuta, laugarren luze zoragarria egin dute Joseba Fernandezen mutilek, eta denboraldiko emaitzarik onena eskuratu dute. Laugarren amaitu du Hondarribiak, eta bosgarren Getariak.

Seigarren, berriz, Ondarroa izan da, lehen txandako garailea. Bigarren luzean hartu du aurrea Antiguako Ama-k; azkenera arte lehia bizia izan du Aresekin, baina lortu du lehen postuari eustea. Sailkapen nagusiari begiratuta ere emaitza ederra da bizkaitarrentzat.

Orio liderrak 93 puntu ditu orain. Zierbenak 77 ditu, eta gertu du Donostiarra, 75rekin. Hondarribiak osatzen du ohorezko txanda, 70 punturekin. San Juanek jauzi handia egin du, eta zazpigarren da, 42 punturekin: Aresek baino bi gehiago ditu, eta Isuntzak baino hiru gehiago. Azkenik, jaitsiera postuetarako lehian, Ondarroak hamabost puntuko errenta ateratzen dio Kaikuri, eta hemezortzikoa Cabori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.