Arrauna

Oriok Zarauzko Bandera lortzeko lehen urratsa egin du

Txandako hirugarren hasi dute estropada Iker Zabalaren mutilek, baina, azkenerako, hamabi segundoren aldea lortu dute Zarauzko bandera lortzeko bigarren jardunaldirako. Getaria ohorezko txandan arituko da bihar.

Orioko arraunlariak garaipen bat ospatzen, artxiboko irudi batean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Orioko arraunlariak garaipen bat ospatzen, artxiboko irudi batean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 16a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasi ez bezala amaitu da Zarauzko (Gipuzkoa) Banderako lehen jardunaldia. Atzetik aurrerako estropada egin du Oriok: hasieran, bazirudien lehen postua galduko zutela, sei segundo atzetik ibili eta gero, baina errekuperatu egin dute aldea, eta, azkenerako, Urdaibairi aise irabazi diote.

Ohorezko txandan, Zierbena airean atera da, eta pare bat segundo atzerago utzi du Donostiarra, eta baita Orio ere, bandera etxeratzeko faboritoa. Halere, tarteak ez dira zabalak izan lehen luzeetan: lau ontziak bost segundoko tartean ibili dira. 

Lehia aurrera joan ahala, itxura zuen Zierbenak bideratuko zuela Zarauzko Bandera lehen jardunaldian. Baina estropada erdia geratzen zen oraindik, eta Oriok eta Urdaibaik ondo baino hobeto baliatu dituzte azken hamar minutuak egoera hori iraultzeko.

Estropadaren erdia heldu baino lehen, bazirudien horiak atzean geratuko zirela, baina galdutako tartea errekuperatu egin dute, eta lehen postuan jarri dira lehia erdira heltzerako. Azken luzean, helmugarako metro batzuk falta zirela, are gehiago zabaldu ahal izan dute tartea San Nikolas ontzikoek. 

Gorka Aranbarri patroiak ez du ezer irabazitzat eman, halere: «Iazko Zarauzko Bandera ikusi besterik ez dago: aldea atera genien, baina bigarren jardunaldian irabazi zigun Donostiarrak», azaldu du. Irabazitako puntuei eman die balio handiagoa, beraz, eta ez horrenbeste atera duten tarteari. 

Urdaibaik oriotarren antzeko zerbait egin du: atzetik hasi du estropada, baina azken ziaboga Donostiarrarekin batera eman du, eta amaierarako bigarren bukatu. Hori bai, oriotarrengandik hamabi segundora heldu dira Jon Salsamendiren mutilak.

GPSaren irudiak ikusita, lehen eta laugarren kaleak hutsik geratu dira hirugarren luzean, ontzi guztiak tarteko bi kaleetatik aritu baitira. Are, luze horretan epaileak abisua eman dio Zierbenari, Donostiarraren kalean sartu delako, baina azkenean ez du zigorrik jaso.

Zierbena, beraz, hirugarren heldu da helmugara. Ez da Bou Bizkaia ontzia baino askoz geroago iritsi, hark 50 ehunenen aldea atera baitio, baina hirugarren izan da. Donostiarra azkena sartu da bere txandan, eta guztira bosgarrena izan da, aurretik sartu baitzaio bigarren txandako Getaria —bihar ohorezko txandan arituko da—. Izan ere, azken luze oso azkarra egin dute Esperantza ontzikoek.

Aldaketak sailkapenean

Sailkapen orokorrean, Donostiarrak eta Zierbenak puntu bakarraren aldea zuten, donostiarrak aurretik zirela. Gaurkoaren ondoren, baina, bizkaitarrek puntu baten aldea dute gipuzkoarren gainetik. 

Bigarren txandaren hasieran, joanekoan, batera joan dira Hondarribia eta Getaria; apur bat atzerago joan dira San Juan eta Isuntza. Bi multzoetan aldakorrak izan dira postuak: txandaka jarri dira aurrean. Olatu gehiago ere nabaritu dira.

Ama Guadalupekoa hasi da aurretik, baina Esperantza ontziak aurrea hartu dio zenbaitetan. Nor baino nor azkarrago ibili dira, eta horrelaxe heldu dira ziabogara ere, denbora berean. Estropadaren bigarren luzean berdin segitu dute: segundo bat bera ere ez zegoen bien artean. 

Amaierarako, baina, Esperantza ontziak bueltako luze oso azkarra egin du. Unax Eizagirre Getariako patroiak onartu du badakitela geldoago egiten dutela irteera, baina arraunlariei sinesteko eskatu die, tartea errekuperatu zezaketela sinesteko. Burugogorrenak izan dira, eta ondokoen denbora hobetu dute. Bederatzi segundo aurretik heldu dira helmugara. 

San Juani denbora tartea handitu zaio estropada aurrera joan ahala. Halere, txandako hirugarren postua bermatu du, Isuntza nabarmen geratu baita atzean; hamabost segundora geratu da estropada erdirako. Lehen txandako Kaiku sartu zaio aurretik estropadako amaierako sailkapenean.

Izan ere, Kaiku aurretik joan da lehen txandako estropada guztian zehar, eta atzean utzi ditu gainerakoak. Ares ibili da gertuen, hasieran. Ondarroa apal hasi da; lehen ziabogara jada bederatzi segundo galduta heldu da. Baina lortu du zertxobait errekuperatzea: hamabi segundo atzetik ibili ondoren, Aresen parean ibili da azken luzean, eta galiziarrak aurreratu ere bai. 

Orain arte, Cabo azken postuan ailegatu da estropada gehienetan, eta hasi ere azkena hasi da ia beti. Gaur, baina, bigarren ibili da hasieran, Kaikuren atzetik, eta hirugarren gero, Aresekin lehian. Halere, estropada aurrera joan ahala, segundoak galduz joan da, eta azken postuan bukatu du gaur ere; hori bai, inoiz baino gertuago izan da, galiziarrak baino segundo bat atzerago soilik. 

Estropada kontatu bezalakoa izan bada ere, ez dago ezer itxita: traineruek lana bideratu dute, baina bihar erabakiko da benetan garaikurra nork lortuko duen. Etxera joan, indarrak bildu, eta leku berean egingo dute topo arraunlariek bihar, saioa borobiltzeko. Berriro ere arituko dira itsas zabalean, Zarauzko estropada izanagatik ere ia Getarian dagoen estropada eremuan. 

SAILKAPENAK

Zarauzko Banderako lehen jardunaldia

1. Orio 20.01,82

2. Urdaibai 12,04ra

3. Zierbena 12,54ra

4. Getaria 15,72ra

5. Donostiarra 22,40ra

6. Hondarribia 24,36ra

7. San Juan 30,64ra

8. Kaiku 44,72ra

9. Isuntza 45,82ra

10. Ondarroa 49,30era

11. Ares 51,02ra

12. Cabo 52,26ra

Sailkapen orokorra

1. Orio 152 pt.

2. Zierbena 125 pt.

3. Donostiarra 124 pt.

4. Urdaibai 113 pt.

5. Hondarribia 108 pt.

6. Getaria 93 pt.

7. San Juan 68 pt.

8. Isuntza 65 pt.

9. Ares 56 pt.

10. Ondarroa 51 pt.

11. Kaiku 37 pt.

12. Cabo 23 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.