Orroa apaldu zaio

Athletic txiki geratu zitzaiolako joan zen Juventusera Fernando Llorente duela hiru urte, baina, Italian egin zuen lehen sasoian izan ezik, ez da gai izan talde zuri-gorrian eman zuen mailara iristeko. Aurrelaria Euskal Herrira itzul daiteke, Realera, Jonathas de Jesus ordezkatzeko.

JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
jon eskudero
2016ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Dagoeneko hiru urte pasatu dira Fernando Llorentek Athletic utzi zuela, besteak beste, ustez taldea txiki geratu zitzaiolako. Oraindik ere izar handiago bilakatzeko helburuarekin, Juventuserako bidea hartu zuen, baina gauzak ez zitzaizkion atera espero bezala. Ez orduan, ezta gerora ere. Lehen denboraldian, txukun; baina, bigarrenean, itzalpean egon zen Italia aldean, eta Sevillak fitxatu zuen. Ordea, han ere usteak erdia ustel. Sevillara joan, eta aulkia topatu zuen bakarrenetakoa izan zen. Horregatik, noraeza bideratu eta Athleticen izan zuen maila on hura berreskuratzeko xedez, Euskal Herrira itzul daiteke, Realera, Jonathas de Jesus ordezkatzeko.

Ez dirudi goizetik gauera gerta daitekeen baieztapena izango denik, baina Realeko zuzendaritzak begi onez ikusiko luke Llorente fitxatzea. Azken denboraldiotan aurrelariekin asmatu ezinda ibili da Jokin Aperribai buru duen lantaldea, eta baliteke arriskuak hartzea. Ez da harritzekoa. Jokalariak erakutsi izan baitu gaitasun aparta duela golak sartzeko garaian. 2005eko urtarrilean Lehen Mailan debuta egin geroztik, behetik gora egin zuen nabarmen, eta taldeko lehoi nagusia ere izan zen. Giltzarri izan zen, Joaquin Caparrosekin lehenbizi, eta Marcelo Bielsarekin gero, eta tituluren bat irabazteko zorian ere egon zen. Sasoirik onena 2011-12koan egin zuen, 29 gol sartuta.

Bilboko apaletara ez zen titulurik iritsi, baina, eta beste bide bat hartzea erabaki zuen aurrelariak. Erabaki hori ez zitzaion merke atera. Ez horixe. Josu Urrutia presidentearen burugogorkeria zela eta, lan hitzarmena amaitu arte Athleticen aritu behar izan zuen, beste sasoi batez alegia, eta ederki sufritu zuen. Bielsaren agindupean, lau partida soilik jokatu zituen hasieratik, eta beste horrenbeste gol sartu zituen. Oso gutxi. 2007az geroztik, denboraldirik eskasena izan zuen, eta zaleen txistu hotsak ere entzun zituen sarritan. Bada, orduan hasi zuen beherakada. 2013ko udan Juventusera joan zen, baina ezer ez zitzaion egin berdin.

Tituluak bai, baina...

Ilusioz gainezka hartu zuen Italiarako bidea, baina hasieratik okertu zitzaizkion gauzak. Carlos Tevez orduko Juventuseko aurrelariak zera esan zuen jendaurrean: inoiz izan zuen taldekiderik txarrena zela Llorente. Belarriak jaitsi, lanean jarraitu, eta lehenengo denboraldian txukun antzeko egin zituen lanak aurrelariak. Antonio Conteren esanetara hemezortzi gol sartu zituen. Bigarren sasoian protagonismo gutxiago izan zuen. Contek entrenatzaile kargua utzi zuen, Massimiliano Allegri ekarri zuten haren ordezko, eta konfiantzarik ez zion eman aurrelariari. Besteak beste, Alvaro Morata iritsi zelako taldera golak sartzeko xedearekin. Llorentek bederatzi gol besterik ez zuen sartu. Ondorioz, Sevillara joan zen, baina han ere lehengo lepotik burua. Unai Emeryk apenas eman zion aukerarik dohainak erakusteko.

Azken hiru urteetan tituluak poltsikoratu ditu Llorentek: Juventusekin, Italiako bi liga, bi Superkopa eta Kopa bat; eta Sevillarekin, Europa liga bat. Hori bai, garai bateko joko on hartatik urrun egon izan da beti, ez du ia protagonismorik lortu inon, eta Sevillak jakinarazi dio jada ez duela harekin ezer jakin nahi denboraldi honetan. Ateak zabalik topatuko ditu orain, eta Reala ageri zaio aukeren artean. Ez da erraza izango, halere, jokalaria txuri-urdinez janztea. Akordio asko egin beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.