Osasuna arnasa hartuta doa etenera; Alaves, berriz, zalantzati

Osasuna nagusi izan da Alavesen aurkako derbian: 3-0. Hiru puntuak batuta, aldendu egin da jaitsiera postuetatik. Alavesek, aldiz, ez du ondo jokatu. Sasoi honetan lehen aldiz, bi gol baino gehiago sartu dizkiote.

Alaveseko jokalariak, burumakur, Budimirrek gola ospatzen duen bitartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Alaveseko jokalariak, burumakur, Budimirrek gola ospatzen duen bitartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 20a
22:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak merezita irabazi du gaur Alavesen aurkako derbia, Sadarren: 3-0. Jokoan nagusi izan da, batez ere bi zatien lehen minutuetan, eta Budimirren bi golek—bat penaltiz— eta Raul Garciaren beste batek eman diote garaipena. Horri esker, Alessio Lisciren taldea arnasa hartuta joango da Gabenetako etenera, jaitsiera postuetatik zertxobait gehiago aldenduta. Alavesek, berriz, sasoiko partidarik kaskarrena jokatu du, batez ere atzean. Lehen aldia izan da denboraldi honetan bi gol baino gehiago sartu dizkiotena. Erasoan, gainera, kamuts segitu du. Bi aukera baino ez ditu sortu. Antzeman egin du Lucas Boyeren falta. Horrenbestez, zalantzati amaitu du urtea Coudeten taldeak. 

Osasunak zuzen jokatuz ekin dio norgehiagokari, eta erdiraketak eginez bizpahiru aldiz gerturatu da Siveraren atera. Etxekoen lehen aukera zazpigarren minutuan izan da, Aimar Orozek area ertzetik egindako jaurtiketa bat tarteko. Siverak kornerra bidali du. Horrek suspertu egin du Alaves. Coudeten taldeak gehiagotan izan zuen baloia. Jokaldi luzeagoak landuz joan da, eta, horietako batean, Pablo Ibañez bere talde izandakoari gola sartzear egon zen. Baina Siverak aurretik egin bezala, Sergio Herrerak, Osasunaren atezainak, ondo erantzun du. Gorritxoek argi zituzten gauzak: zuzen jokatu behar zuten, eta ahalik eta pase gutxienekin Alavesen atera iritsi. 

Hortik aurrera, ordea, indarrak parekatu egin da. Partidak bizitasuna galdu du, eta bi taldeek geldoago jokatu du. Derbi baten ohiko tankera hartu du norgehiagokak: intentsitatea bai, baina jokoa apenas. Alavesek Lucas Boye antzeman du ez aritzea, golak sartzeaz gain, aurrelariak gaitasun handia baitu baloiari bizkarrez eusteko. Horri esker, baloi luzeak joka ditzake Alavesek, eta halako neurketa parekatuetan baliabide aproposa izan ohi da. Osasuna geldikako jokaldien bidez baino ez da gerturatu Siveraren atera. Azken minutuak ere bide beretik joan dira. Zelai erdian jokatu dute batez ere bi taldeek, eta hor Alaveseko hiru jokalariak, hau da, Blanco, Pablo Ibañez eta Denis Suarez hobeto aritu dira. Baina ez talde batek ez besteak ez dute aukerarik izan. 

Antzeko hasiera

Bigarren zatiaren hasierak lehenengoaren antza izan du. Osasuna bete-betean irten da, eta segidan bi aukera oso on izan ditu aurrea hartzeko. Lehena Ruben Garciak izan du; eskuinez egin zuen errematea, 52. minutuan, baina, beste behin, Siverak bikain aldendu du baloia. Hurrengo jokaldian ere asmatu egin du Alaveseko atezainak, ondo erantzun baitio Budimirrek buruz egindako erremate bati. 

Gorritxoen lehen oldarraldi hori igaro ostean, Alavesek partidaren kontrola berreskuratu du, eta 65. minutuan aukera argia izan du aurretik jartzeko. Ordu arteko argiena izan da. Denis Suarezek pase bikaina eman dio Toni Martinezi, eta aurrelaria bakarrik geratu da Herreraren aurrean. Baina Osasunako aurrelariak gelditu erabakigarria egin dio. Hortik aurrera, Alavesek behera egin du. Are gehiago lehen gola sartu diotenean. Budimirrek sartu du gol hori, eta ikusgarria izan zen. Erremate ederra egin du boleaz, Aimar Orozek pase bikaina eman eta gero. 

Atzean sartu beharrean, Osasuna beste gol bat sartzen ahalegindu da, ikusi baitu Alaves ezinean ari zela. Ahaleginak saria izan du, Budimirrek gola sartu baitu berriro ere. Oraingo honetan, 81. minutuan sartu du, penaltiz. Alaveseko Paradak eskuarekin jo du baloia. Hortik aurrera, festa nagusitu da Sadarren; are gehiago, 93. minutuan Raul Garcia de Arok hirugarrena sartu duenean. Tenagliak aldendutako baloi bat baliatu du aurrelariak horretarako. Etxekoek hala biribildu dute neurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.