Osasunak partida serioa jokatu du, baina 1-2 galdu du Bartzelonaren kontra

Gorritxoak ondo kokatua egon dira zelaian, eta baloiaren jabe izan arren, Bartzelonari kostatu egin zaio gol aukerak sortzea. Baina nafarrek bi akats egin dituzte atzean partidaren azken txanpan, eta garesti ordaindu dute.

Osasunako Javi Galan baloia mozten, aurrean Bartzelonako Rashford duela. IÑAKI PORTO / EFE
Osasunako Javi Galan baloia mozten, aurrean Bartzelonako Rashford duela. IÑAKI PORTO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko maiatzaren 2a
23:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak partida ona eta serioa jokatu du gaur Sadarren, Bartzelonaren kontra. Ondo egon da kokatuta zelaian, eta Hansi Flicken taldeari ez dio eroso jokatzen utzi. Une batzuetan gehiago izan da. Baina garesti ordaindu ditu bigarren zatiaren azken txanpan atzean egindako bi akatsak. Lewandoskik eta Ferranek ederki baliatu dituzte, eta Raul Garciaren gol batek aldea murriztu arren, gorritxoek esku hutsik amaitu dute neurketa: 1-2. Hala, bihar aurkari zuzenek egiten dutenaren arabera, gehiago aldenduko zaizkie datorren denboraldian Europan aritzeko postuak. Bartzelona, berriz, ligako txapeldun izango da bihar, Real Madrilek Espanyoli irabazten ez badio. 

Osasunaren hamaikakoan Victor Muñozen tokia nork hartu zuen zen zalantza. Espero bezala, Raul Mororen alde egin du Alessio Liscik. Aste osoa kilo-kolo ibili eta gero, halaber, aulkian geratu da Aimar Oroz. Bertan izan da baita ere Iker Benito. Harrobiko jokalariak lesio larria izan zuen belaunean, eta gaurko partidarako itzuli da deialdira. Esperotako gidoia izan du norgehiagokak hasieran. Minutuak aurrera joan ahala, Bartzelonak izan du baloia, eta pixkanaka atzean sartu du Osasuna. Baloia berreskuratu duenean gutxi iraun dio. 

Baina gero ondo egin dio aurre Hansi Flickek zuzentzen duen taldeari. Zelaian ondo egon da ipinita, eta Torrok, Moncayolak eta Moi Gomezek ondo eutsi diote zelai erdian. Pedriren bidez saiatu da Bartzelona etxekoen atzealdean zuloak topatzen. Baina ez du lortu; ezta hegaletatik ere. Kataluniarrek antzeman egin dute Lamine Yamalen falta. Pixkanaka, gainera, Osasuna arrera egitera ausartu da. Hain zuzen ere, lehen zati horretan gorritxoek izan dituzte aurretik jartzeko bi aukera argienak, biak Budimirrek. 36. minutuan Kroaziako aurrelariak areatik nahiko urruti jaso du baloia, eta bizi egin du aurrera. Cancelo eta Cubarsi hura oztopatzen saiatu dira, baina errematea egin ahal izan du. Baloiak, ordea, zutoinean jo du. Segidan iritsi da bigarren abagunea, 38. minutuan.Baloia ondo jo du, zutoinetik gertu, baina Joan Garcia ondo luzatu du eskua, eta aldendu egin du  baloia. Bartzelonan Marc Bernalek eta Lewandoskik pare bat erremate egin dituzte. Baina ez dute asmatu. Bestela Osasunak ez du aparteko estutasunik pasatu lehen zati horretan. 

Bi akats atzean

Bigarren zati hasieran Pedri gehiago azaldu da, eta 50. minutuan Olmok aukera argia izan du gola sartu eta bere taldea aurretik jartzeko. Eric Garciak ondo utzi dio baloia buruz erdilariari. Bitan pentsatu gabe egin du hark errematea, eta baloia kornerrera joan da, Catenari jo ostean. Osasunak ondo kokatuta egoten segitzen zuen, eta presioan ere fin. Gainera, baloia galdu duenean, ez du leku arriskutsuan egin.Halaber, 69 minutuan Ruben Garciak sustoa eman dio Joan Garciari. Erremate bikaina egin du, baina atezainak ondo erantzun du.

Etxekoek hauspoa eta burua behar zituen azken txanparako. Hala, Liscic bi aldaketa egin ditu. Budimir eta Moi Gomez kendu ditu, eta Raul Garcia de Haro eta Aimar Oroz zelairatu. Osasuna gutxienez puntu bat lortzeko moduko partida egiten ari zen. Zaleak ere sinetsita zeuden hala izango zela. Izan ere, lehen zatian bezala, Bartzelona ez zen aparteko arriskurik sortzen ari. Baina Hansi Flicken taldeak gutxi behar du gola egiteko. Are gehiago aurkariak akatsak egiten baditu. Ia segidan bi egin dituzte gorritxoek, eta ordaindu egin dute. Aurrena, 81. minutuan, Rashfordek baloia jaso du area ertzean. Erdiratzeko aukera izan du, eta Boyomori aurrea hartuta gola sartu du buruz Lewandoskik. Bigun aritu da Osasuna jokaldi horretan defentsako lanean. Ondoren, 85, minutuan, Ferran izan da baloia sareetara bidali duena. Ferminek eman dio baloia, eta Sergio Herrerarekin geratu da buruz buru; ez du barkatu. Berriro ere Osasunak huts egin du atzean. 

Bi akats horiek hankaz gora jarri dute ordu arte etxekoek egindako lan ona. Baina handik gutxira 2-1ekoa sartu dute. Buruz sartu du Raul Garcia de Harok, Bretonesen erdiraketa bat errematatu. 90. minutua zen, eta epaileak zortzi minutu luzatu du neurketa. Osasuna saiatu da, eta bultzatu du, aurreko astean Sevillaren aurka egin zuen moduan, azken unean gola sortzeko. Baina ez da posible izan. 2-1 amaitu da neurketa. 

Osasuna-Bartzelona

Osasuna: Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Javi Galan; Torro (Barja, 85. min.) Moncayola (Osambela, 86. min.), Moi Gomez (Aimar, 69. min.); Ruben García (Bretones,  86. min.), Budimir (Raul Garcia de Haro, 69. min.) eta Moro.

Bartzelona: Joan Garcia; Eric Garcia (Araujo, 82. min), Cubarsi, Gerard Martin, Cancelo; Gavi (Ferran Torres, 61. min.), Pedri (Bernal, 88. min.); Olmo (De Jong, 61. min.); Bardghji (Rashford, 61. min.), Fermin eta Lewandowski.

Golak: 0-1: Lewandowskik (81. min.). 0-2: Ferran Torresek (86: min.). 1-2: Raul Garcia de Harok (90. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA