Futbola

Osasuna: bat-batean, beldurrez dardarka

Iruñeko taldea kinka larrian iritsiko da ligako azken jardunaldira. Duela hilabete, ia ziurtzat jotzen zuen mailari eutsiko ziola; haatik, lau neurketa kateatu ditu punturik bildu gabe, eta azpikoen tropela asko hurbildu zaio. Ilusioa izu bihurtu da.

Alessio Lisci. MIGUEL TOÑA / EFE
Alessio Lisci, etsita, eta Jon Moncayola, burumakur, Athleticen aurka San Mamesen jokatutako partidan. MIGUEL TOÑA / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarri atximur egitea alferrik dute Osasunaren zaleek. Amesgaiztoa benetakoa da: liga finitzeko partida bakarraren faltan, Nafarroako taldea Bigarren Mailara jaisteko arriskuan da. Egoera horrek pentsaezina zirudien duela bost jardunaldi. Gorritxoek 2-1 irabazi zioten Sevillari, Catenak azken hatsean sartutako golari esker, eta salbazioa emantzat jo zuten. Hainbeste, ezen jokalariek ohorezko bira egin baitzuten Sadarreko berdegunean, teknikari eta kirol zuzendariekin batera. Orduan, Europak zirudien jomuga bakarra, eta azken esprint batek goiko bagoira igotzeko aukera eman ziezaiekeen. Ez da lasterraldirik izan, ordea. Eta are okerragoa dena: taldea amildu egin da. Aurrez lortutako errentak erorketa moteltzeko balio izan dio, baina Getaferen zelaian, azpian ez du sarerik izango.

Oso lehia estua

Osasuna lasai zegokeen beste edozein urtetan. 42 puntu ditu, eta azken hamalau denboraldietan kopuru hori nahikoa izan da mailari eusteko. Gainera, langa dezentez beherago egon da sailkapeneko azken hiru taldeak oso atzeratuta geratu direnean. Duela bi sasoi, adibidez, 34 puntu baino gutxiago lortu zuen Bigarren Mailara jaitsi zen hirukoteak. Alabaina, sasoi honetan oso garesti izango da onenen artean jarraitzea. Talde askok osatu dute putzutik gertu zeudenen tropela, eta paradoxikoki, handik ihes eginda ibili da Osasuna. Sasoiaren zatirik handiena sailkapenaren eremu epelean igaro du, harik eta azken asteetan guztiz makaldu den arte. Levante, kontrara, altxatu egin da, eta haren susperraldiak are gehiago gogortu du salbazioa lortzeko borroka. Azken jardunaldira begira, Oviedo da inolako aukerarik ez duen talde bakarra.

Usteak erdia ustel

Levanteren berpiztea, hain justu, Osasunaren aurka hasi zen, duela bi aste. Gorritxoei, berriz, min handia egin zien estropezu horrek. Bi goleko aldea hartu zuten hasierako minutuetan, eta hala, Europako postuetan sartu ziren behin-behinean. Hortik aurrera, baina, bilakaera etsigarria izan zuen partidak, eta 3-2 finitu zen, Levanteren alde. Sasoi bukaerara begira nafarrek izan zezaketen ilusioa nabarmen apaldu zuen neurketa horrek. Aitzitik, ez zen inondik ere espero salbazioa kolokan izango zenik. Nafarrek aspaldi jo zuten betetzat helburu hori; oso bideratuta utzi zuten 25. jardunaldian Real Madrili irabazi ondoren, eta, behin Sevilla azpiratuta, arriskua guztiz uxatu zutela iruditu zitzaien. Ustezko lasaitasun hori kaltegarria izan da, eta larrutik ordaindu dute gora begira aparteko goserik ez izatea. Ohartzerako, behera begira jarri behar izan dute.

Akats gehiegi

Hanka sartze indibidual eta kolektiboen bilduma izan dira Osasunaren azken partidak. Levanteren zelaian, oso deigarriak izan ziren Sergio Herreraren akatsak. Eragotz zitezkeen bi gol jaso zituen elkarren segidan, eta gero, huts inozo batek zelaitik kanpo utzi zuen. Inozoa izan zen, era berean, Galanek Atletico Madrilen aurka egin zuen penaltia. Atzeko lerroak fidagarri izateari utzi dio. Eta erasoan ere badira buruhausteak. Aimar Oroz argirik gabeko itsasargia da oraintxe bertan, eta Budimir, bolborarik gabeko kanoilaria. Kroaziarrak oso sasoi emankorra izan du oro har —hamazazpi gol sartu ditu—, baina baloia behin bakarrik sareratu du azken sei partidetan. Athleticen aurka penalti bat huts egin zuen, eta geroztik, ez dabil fin ate aurrean. Taldea haren golen mende dago, bigarren lerroko jokalarien ekarpena oso eskasa ari baita izaten eraginkortasun aldetik.

Arazo fisikoak

Azken txanpara indarrez justu iritsi da taldea. Denboraldia luze ari zaio egiten, eta, zangoetan zama pilatu ahala, itzali egin da jokalarien jarduna. Gainera, batzuek min hartu dute. Lesiorik kaltegarriena, ezbairik gabe, Victor Muñozena izan da. Kataluniarra ez zen agertu Bartzelona, Levante eta Atletico Madrilen aurkako partidetan, soleoan arazoak baitzituen. Hura gabe, Osasunak ez dauka gatzik. Ezustean, Espanyolen kontra itzuli zen Victor, eta ez hori bakarrik: hasi eta buka jokatu zuen partida, eta gola ere sartu zuen. Ahaleginak ordaina ekarri dio, ordea, eta ikusteko dago Getaferen aurka jokatzeko moduan den, eta zer baldintzatan. Arazo fisikoek hegalak erasan dituzte nagusiki, Atletico Madrilen kontra Raul Morok hartu baitzuen min.

Buruz ere, ahul

Osasunaren makaltasuna, ordea, ez da soilik fisikoa. Buruz ere kili-kolo daude gorritxoak. Patxada sentitu zuten Sevillari irabazi ostean, eta harrotasuna Bartzelonaren aurka duinki galtzean. Bada, Levanteren kontrako deskalabruaz geroztik, taldea ez da lehengo bera izan. Etxean oso sendo zebilen, baina aste berean esku hutsik geratu zen Atletico Madrilen eta Espanyolen kontra. Kataluniarren aurkakoa final bat zen ia, eta presioak ito egin zuen Osasuna. Sormena eta argitasuna blokeatu egin zitzaizkion, eta zaleek nortasun falta ere leporatu zioten taldeari, txistu egiteraino. Alessio Lisciren Osasunak, oro har, ez ditu ase. Behin denboraldia amaituta, analisi zorrotza egiteko tenorea izango da. Lehenago, baina, gorritxoek hondamendia saihestu behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA