Futbola

Osasuna eta Alaves Espainiako Kopako final-zortzirenetarako sailkatu dira

Nafarrek luzapenean irabazi dute Huescan: 2-4. Arabarrek, berriz, 1-0 hartu dute mendean Sevilla Mendizorrotzan.

Huesca-Osasuna. JAVIER BLASCO / EFE
Osasunako jokalariak eta zaleak, hirugarren gola ospatzen. JAVIER BLASCO / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko abenduaren 17a
22:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek eta Osasunak derbia jokatuko dute larunbatean, Mendizorrotzan. Biak Espainiako Kopan etxeko lanak eginda iritsiko dira partida horretara: biak sailkatu dira gaur gauean final-zortzirenetarako. Nafarrek 2-4 irabazi dute Huescan (Espainia), etxeko taldearen aurka. Gogotik sufritu dute hori egiteko, luzapenean nagusitu baitira, arauzko denboran bana berdindu eta gero. Alavesek, berriz, ez du luzapena jokatu behar izan Sevilla kanporatzeko, eta, 1-0 irabazi dio Mendizorrotzan. Nafarrak eta arabarrak, beraz, urtarrilaren 7an egingo duten final-zortzirenen zozketan izango dira. 

Alessio Lisci Osasunako entrenatzaileak bezperan esan zuen ez zela «traba» Kopako partida jokatzea, baina «asteko lehentasuna» larunbateko derbia zela. Igarri da hori, Liscik hasierako hamaikako ia osoa aldatu baitu azken neurketarekin alderatuz: gutxiago jokatzen dutenen alde egin du. Hala ere, Huescarenak baino jokalari hobeak dira horiek. Baina hori ez da sumatu minutu gehienetan, etxekoak bisitariak baino gogotsuago aritu baitira. Horri esker, Huesca gai izan da koska bat gorago dagoen talde batekin nor baino nor gehiago aritzeko; horrenbeste, ezen hark sartu baitu lehen gola, Daniel Lunak, 35. minutuan. Gorritxoen zorionerako, Raul Garcia de Harok banakoa sartu du lehen zatia amaitzear zela.

Bigarren zatian parez pare aritu dira bi taldeak. Osasunak izan ditu aukera argienak gola sartzeko, baina ez du asmatu. Horren ondorioz, luzapena jokatu behar izan dute. Bikain ekin dio Osasunak luzapenari, 96. minutuan Raul Garcia de Harok bigarren gola sartu baitu, bere bigarrena. Baina Huesca ez zegoen amore emateko prest, eta Iker Kortajarenak binakoa sartu du luzapenaren lehen zatia amaitzear zela. Nekea pilatzen ari ziren bi taldeetako jokalariek, baina, etxekoei erasan die gehien, eta hori aprobetxatu dute gorritxoek bi gol egin eta partida erabakita uzteko: Osanbelak sartu du hirugarren gola, 111. minutuan, eta, zelaira irten berri zen Budimirrek laugarrena, 118. minutuan. Nahi baino gehiago sufrituta, baina Osasunak egin ditu etxeko lanak. Orain, konfiantzaz eta bete-betean prestatuko du Alavesen aurkako derbia.

Alavesek ere gogotsu ekingo dio derbia prestatzeari Kopan aurrera egin eta gero. Eduardo Coudetek ere larunbateko partida izan du buruan gaur, baina, hark ez ditu Liscik bezainbeste aldaketa egin: gehien eta gutxien jokatzen duten jokalarien arteko nahasketa bat egin du hasierako hamaikakoa osatzeko. Bi berrikuntza nagusi izan dira: Raul Fernandez aritu da atean, eta, Aitor Mañas Alaves B taldeko aurrelaria, erasoan. 

Partida oso lehiatua izan da, eta, borroka gailendu zaio distirari. Alaves, etxeko taldea izanik, gehiago saiatu da. Sevilla, ordea, zain egotera mugatu da. Halakoetan, jokaldi bakartu batek erabaki ohi du norgehiagoka, eta, gaur hori bete da. 78. minutuan, falta egin diote Lucas Boyeri Sevillaren area barruan, eta, epaileak penaltia adierazi du. Carlos Vicentek ez du huts egin, eta, gola sartu du: 1-0. Ez da beste golik egon. Ezer gutxi gertatu da, bakarra, Lucas Boyek min hartu duela. Aurrelariak hogei minutu eskas egin ditu zelaian. Hori izan da neurketako albiste txar bakarra. Beste guztia ona izan da. 

Athletic, Ourensen

Espainiako Superkopa jokatuko duenez, Athleticek ez ditu jokatu Kopako lehen bi kanporaketak. Bada, zuri-gorriek bihar jokatuko dute lehen kanporaketa. Ourensen (Galizia) arituko dira, hango taldearen kontra (19:00, Movistar).  Ernesto Valverde zuhur mintzatu da: «Kopan beti izaten dira ezustekoak. Bartzelonak, Realak... sufritu egin dute aurrera egiteko. Halako neurketak ez dira erraz irabazten».

Ourense Espainiako Federazioko Lehen Mailan ari da, baina Lehen Mailako bi talde hartu ditu mendean aurreko bi kanporaketetan: Oviedo (4-2) eta Girona (2-1). «Ondo jokatzen du, eta indartsua da buruz buruko jokaldietan. Irabazi dituen kanporaketetan jokatu dituen partidak irekiak izan dira. Beraz, adi egon beherko dugu», esan du Valverdek. Zuri-gorrien prestatzaileak aurreratu du, ezusterik ezean, txandakatzeak egingo dituela. «Ziurrenik atzealdean aldaketak egingo ditugu. Taldea ondo ikusten dut, gure onenetik gertu. Baina bete-betean aritu beharko dugu irabazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.