Osasunak eta Athleticek etxetik urrun jokatuko dituzte gaur ligako partidak

Gorritxoak Vila-realen zelaian arituko dira; zuri-gorriek, berriz, Valentziari egingo diote bisita. Liscik eta Valverdek neurketa zailak espero dituzte.

Osasunako jokalariak aurreko jardunaldian sartutako goletako bat ospatzen. VILLAR LOPEZ / EFE
Osasunako jokalariak aurreko jardunaldian sartutako goletako bat ospatzen. VILLAR LOPEZ / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko irailaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak eta Athleticek puntuak batzen jarraitu nahi dute ligan. Gaur dute horretarako hurrengo aukera. Gorritxoek Vila-realen jokatu dute (18:30, La Liga); zuri-gorriek, berriz, Valentziari egingo diote bisita (21:00, La Liga). 

Alessio Liscik zuzentzen duen taldea sendo ari da etxeko partidetan. Irabazi egin ditu Sadarren jokatu dituen bi norgehiagokak. Baina kanpoan oso bestelakoa da joera, beste horrenbeste lehietan esku hutsik itzuli baita etxera. Gaur zelai gaizto batean arituko da: Ceramican. Vila-real Txapeldunen Liga jokatzen ari da, eta goiko postuetan egoteko taldea osatu du. Txapeldunen Ligan galdu egin du aste honetan Londresen, Tottenhamen kontra, 1-0. Ligan, berriz, jokoan izan diren hamabi puntuetatik zazpi batu ditu, Osasunak baino bat gehiago.

Lisci baikor mintzatu zen atzo, partidaren atariko prentsaurrekoan. «Taldea ondo ikusten dut. Ez dut horren urrun ikusten kanpoan punturen bat lortzea». Partida «zaila» espero du. «Vila-real talde oso arriskutsua da korrika egiteko aukera duenean. Adi egon beharko dugu». Aimar Oroz eta Moi Gomez ez dira osatu, eta deialditik kanpo geratu dira

Athleticek, berriz, Txapeldunen Ligako estreinakoa alde batera utzi, eta ligan jarri behar du berriro ere arreta. Aurreko jardunaldian Alavesen aurka galdu arren, emaitzei erreparatuta liga hasiera ona egin dute zuri-gorriek, lehen hiru neurketak irabazi egin baitzituzten. Nico Williams, Beñat Prados eta Unai Egiluz min hartuta daude, azken biak luzerako; Aymeric Laporte ere ez dago deialdian. Baliteke Alex Berenguerrek atseden izatea, eta litekeena da haren ordez Maroan Sannadi edo Gorka Guruzeta aritzea. Valverdek ligaren garrantzia azpimarratu zuen atzo. «Beti esan izan dugu guretzat txapelketarik garrantzitsuena dela. Txapeldunen Liga bertan egindako lan onaren saria baino ez da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.