Sailkapenari erreparatuta, gauzak estu daude Espainiako Lehen Mailan, ez da komeni lo hartzea. Beraz, bete-betean jokatu beharko dituzte gaur beren neurketak Osasunak eta Athleticek. Gorritxoek arnasa hartu zuten aurreko asteburuan, etxean Oviedori irabazita. Baina puntuak biltzen jarraitu behar dute. Izan ere, hiru puntu eskasera dituzte jaitsiera postuak. Vallecasen izango dute horretarako aukera, Rayoren kontra neurtuko baitituzte indarrak (14:00, Movistar+). Zuri-gorriak lasaiago daude puntuen aldeari erreparatuta, bostera baitituzte arrisku postuak. Baina urtea hasi zenetik ez dute garaipenik lortu ligan. Berdindu egin zuten Osasunaren zelaian, eta galdu egin zuten aurreko jardunaldian Mallorcan. Gaur, berriz ere kanpoan arituko dira, Sevillaren zelaian (18:30, Movistar+).
Osasuna, berriz, etxetik urrun daukan bolada aldatzeko helburuz zelairatuko da. Kanpoan punturik gutxien bildu dituen taldea da. 30 puntu izan ditu jokoan, eta soilik bi eskuratu ditu. Gaur sasoiko lehen garaipena lortzen ahaleginduko da, Oviedoren aurkako garaipenari segida emateko hala. Alessio Liscik deialdian sartu du Raul Moro, taldearen fitxaketa berria. «Jokatzeko moduan da. Buruz buruko jokaldietan jokalari trebea da, eta zuzen jokatzen du. Egokitu egin behar du, baina asko eman diezaguke». Partidaz, berriz, honako hau espero du gorritxoen entrenatzaileak: «Rayo talde oldarkorra da, eta uste dut merezi baino puntu gutxiago dituela. Joan eta etorriko partida bat izango da, eta hausten denean oso adi egon beharko dugu».
Athleticek Txapeldunen Ligan Bergamon lortutako garaipenak hauspotuta helduko dio Sevillaren kontrako neurketari. Aldi berean, ahaztu egin beharko du txapelketa horretan segitzeko jokatuko duen kale edo baleko neurketa, eta arreta gaurkoan jarri: «Txapeldunen Ligarekin eta Koparekin ilusioa daukagu, baina benetako betebeharra ligan daukagu», adierazi zuen atzo Ernesto Valverdek. Sevilla gorabeheratsu ari da, eta Athleticek baino hiru puntu gutxiago ditu. Baina talde zuri-gorriaren prestatzailea ez da fio: «Talde asko gaude puntu kopuru antzekoa dutenak, eta horrek esan nahi du denok izan ditugula gorabeherak. Bigarren itzulian gaude, eta bi taldeentzat da partida garrantzitsua. Sevilla lehiakor arituko da, ziur nago. Azken neurketan hori erakutsi zuen». Iñaki Williams eta Aymeric Laporte ez dira osatu.