Osasuna eta Reala, behar duten bultzadaren bila

Bi taldeek zalantzekin hasi dituzte proiektu berriak, eta elkarren aurka ariko dira gaur, Sadarren. Gorritxoak sasoiko unerik okerrenean helduko dira; txuri-urdinak gora doaz pixkanaka, eta etxetik kanpo lehen garaipena lortu nahi dute.

Jon Mikel Aramburu eta Kike Barja lehian, aurreko sasoiko derbian. VILLAR LOPEZ / EFE
Jon Mikel Aramburu eta Kike Barja lehian, aurreko sasoiko derbian. VILLAR LOPEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko azaroaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paretsu dabiltza Osasuna eta Reala. Bi taldeek ziklo berria abiatu dute, teknikariz aldatuta, eta gorabeheratsu aritu dira orain arteko hamabi jardunaldietan, ziurtasun baino zalantza gehiagorekin. Halaber, erizaindegia mukuru bete zaie asteek aurrera egin ahala, eta etxetik kanpo ezinean aritu dira. Bada, bi taldeen bide paraleloak gurutzatu egingo dira gaur, Sadarren jokatuko duten derbian. Osasunak etxean lortu ditu orain arteko garaipen guztiak, eta bildumari beste ale bat gehitu nahiko dio. Realak ere oraindik ez daki zer den bisitari gisa irabaztea, eta bolada txarra apurtzeko helburua izango du Iruñean.

Sailkapenaren beheko aldean daude bi taldeak, eta gaur irabazteak bultzada handia emango lieke, baita patxada handiagoz lan egiteko aukera ere. Premia handiena Osasunak izango du: Realak baino bi puntu gutxiago ditu (11), eta kezka gehiago. Izan ere, azken bi geldialdien artean, hiru partida galdu zituen, eta bat berdindu. Denboraldia hainbestean hasi zuen, baina okerrera egin du asteen joanean. Egitura pitzatu egin zaio, erasoan arazo handiak izan ditu irtenbideak topatzeko, eta, aldarte aldetik, galdu egin du konfiantza. Etxetik kanpoko datuak burumakur egoteko modukoak dira: Iruñetik at puntu bakarra lortu dute gorritxoek, eta gol bakarra sartu —penaltiz, gainera—. 

Sadarren bestelakoak izan dira gauzak, etxeko azken partidak oso zapore mikatza utzi bazuen ere. Mingarria izan zen Celtaren aurka hartutako kolpea (2-3). Zernahi ere, emaitza alde batera utzita, galiziarren aurka nahiko txukun aritu zen Osasuna. Gustuko duten jokoa eskaini zien zaleei, erdiraketa eta jaurtiketa askorekin. Taldeak jokabide kalkulatzailea izan du batzuetan, baina Sadarrek elektrizitatea eskatzen du. Horiek horrela, ikusteko dago zein izango den nafarrek gaur eskainiko duten bertsioa.

Eskaera bat egin zaio Alessio Lisciri hainbat astez, taldeak bizitasuna berreskura zezan: sistema aldatu eta lau atzelariko lerroa erabiltzea. Bada, eskema hori erabilita ere, ilunpean jarraitu du Osasunak azken neurketetan. Buruari eragiten jarraitu behar du Liscik. Lesioak ere buruhaustea dira italiarrarentzat. Adibidez, Aimar Orozek hilabete eta erdi igaro behar izan zuen zelaietatik urrun. Aratzurikoak ordezko gisa jokatu ditu azken bi partidak, eta baliteke hamaikakora itzultzea gaur, azken bi asteetan sasoia fintzeko aukera izan baitu. Torrok eta Budimirrek, berriz, ezin izan zuten jokatu Sevillaren zelaian. Zulorik handiena, dena den, defentsako eskuin hegalean du Nafarroako taldeak. Rosierren eta Iker Benitoren lesioak gutxi ez, eta joan zen astean Moncayolak hartu zuen min. Harrobiko Iñigo Argibideren garaia izan liteke. Dena den, Liscik gaur emango du deialdiaren berri, eta orduan argituko du Torro, Moncayola eta Budimir jokatzeko moduan diren: «Zalantzak ditugu, eta bihar [gaur] arte ez dugu argituko jokatzeko moduan diren»

Realaren erizaindegia ere gainezka dago. Yangel Herrera osatzeko bidean zen, baina berritu egin zaio soleoko lesioa. Aurreikuspenen arabera, urtea amaitu aurretik ezingo du partidarik jokatu. Deialditik kanpo geratu dira oraingoan Igor Zubeldia eta Mikel Goti ere. Izan ere, aste barruan minez egon dira. Garaiz osatu dira, berriz, Jon Aramburu eta Barrenetxea. Sergio Franciscok Luken Beitia sartu du, Reala B taldeko erdiko atzelaria. 

Hobekuntza Realean

Bi taldeak ere antzera dabiltza etxetik kanpo: puntu gutxi bildu dituzte. Realak, Osasunak bezala, oraindik ez du irabazi bisitari moduan. Haatik, txuri-urdinek hobekuntza orokorra izan dute azken jardunaldietan, baina gorritxoek ezin dute gauza bera esan. Sergio Francisco ataka estuan izan zen urri hasieran, taldea jaisteko postuetan egon baitzen. Ordea, Reala suspertu egin da geroztik, batez ere Anoetan kateaturiko bi garaipenei esker. Sevilla mendean hartu, eta, segidan, modu epikoan irabazi zion Athletici. Etxetik kanpo irabazi ezinik jarraitzen du, baina, bere txarrean, puntu bana lortu du Donostiatik at jokaturiko azken bi partidetan, Celtaren eta Elxen aurka.

Irabazteko moduan izan zen Reala partida horietan, baina berriz ere, barkabera jokatu zuen ate aurrean. Golak sartzeko aukera asko sortu beharra du, eta Oiartzabalen eraginkortasunaren menpe dago. Harekin batera, Brais Mendez da gol bat baino gehiago sartu duen txuri-urdin bakarra —bost egin ditu kapitainak, eta bi galiziarrak—. Era berean, orain arte, behin lortu du bakarrik atea hutsean uztea: Mallorcaren aurka izan zen, seigarren jardunaldian.

Dena den, okerrak zuzentzen hasia da Reala, eta joera aldaketa indartzen saiatuko da gaur, Osasunari gailenduta. Hori bai, kontuz ibili beharko du, galdu egin baititu gorritxoen aurka ligan jokaturiko azken hiru derbiak.  

Liscik honela aztertu du gaurko partida: «Esnatu beharra daukagu. Realak talde oso ona dauka, eta lehiakorrago aritu behar dugu, eta orain arte baino maltzurrago jokatu». Sergio Franciscok, berriz, nabarmendu du hasieratik bete-betean aritu beharko dutela. «Osasunak estu hartzen du aurkaria hasiera-hasieratik, eta adi egon behar dugu. Horrekin batera, jokoaren ekimena izaten saiatuko gara, eta oldarkor izaten».

Osasuna-Reala

Osasuna. Herrera; Argibide, Boyomo, Catena, Bretones; Torro, Moi Gomez; Ruben Garcia, Aimar Oroz, Victor Muñoz; eta Raul Garcia.

Reala. Remiro; Aramburu, Caleta-Car, Jon Martin, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Brais, Carlos Soler; Kubo, Guedes eta Oiartzabal.

Epailea. Mateo Busquets

Zelaia. Sadar.

Ordua. 18:30 (La Liga).

AlAVESEK SENDO JARRAITU NAHI DU ETXEAN, CELTAREN AURKA

Alaves gotorleku bihurtzen ari da denboraldi honetan Mendizorrotza. Orain arte lortu dituen 15 puntuetatik 11 zaleen babesean lortu ditu. Gaur bide beretik jarraitu nahi du Celtaren aurka (14:00, La Liga).  «Taldea konfiantzaz ikusten dut, eta lortu behar dugu gure jokoaren esentziari eustea», esan zuen partidaren atariko prentsaurrekoan Eduardo Coudetek. 

Pacheco osatu da, eta hasierako hamaikakora itzul daiteke. Coudetek zelai erdiko hegaletan ditu zalantzak: eskuinetik Calebe edo Carlos Vicente arituko dira, eta ezkerretik Aleña edo Rebbach. Celtaz hau nabarmendu zuen: «Aurrelari onak ditu, eta zelai erditik jokalari asko iristen dira areara. Gainera, ideiak argi dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.