Osasunak beste hiru puntu poltsikoratu ditu Sadarren. Gorritxoek partida kaskarra jokatu dute, deseroso aritu dira, zalantza asko izan dituzte defentsan, eta huts asko egin dituzte paseetan. Sufritu egin dute, eta minutu askotan Getafek nahi zuen tokian izan du neurketa. Bisitariak aurretik ere jarri dira lehen zatian. Baina zati bakoitzaren azken txanpan sartutako gol banari esker, nafarrek partida iraultzea lortu dute. Bretonesek eta Catenak sartu dituzte Osasunaren golak. Biak ikusgarriak izan dira. Bigarrena, gainera, gorritxoek partidan jaurtitako korner bakarrean iritsi da. Hiru puntuak etxean geratzea lortu dute, horixe albisterik onena. Hamar ditu orain, eta lasai joango da etenera.
Betisen aurka galdu eta gero, gaurko hamaikakoan bi aldaketa egin ditu Alessio Liscik. Juan Cruzek eta Victor Muñozek hasieratik jokatu dute, eta aulkian geratu dira Herrando eta Raul Garcia de Haro. Lehen minutuak parekatuak izan dira, eta jokoa nahasia izan da. Ez talde batek, ez besteak ez dute lortu jokoaren ekimena izatea. Gorritxoek pare bat aldiz izan dute baloia Getaferen arean, baina arriskurik sortu gabe.
Getafe gustura zegoen partidaren bilakaerarekin, joko nahasia gustuko baitu, joan-etorrikoa. Hala, pare bat aldiz gerturatu da Sergio Herreraren atera; hirugarrenean, Jose Bordalasek zuzentzen duen taldeak gola sartu du. Gorritxoek huts egin dute baloia atzetik ateratzerakoan. Azken partidetan behin baino gehiagotan egin dute oker hori bera. Baloia Millak jaso du, eta erdiraketa ona egin du. Borja Mayoral ondo sartu da Catenaren eta Boyomoren artean, eta aurretik jarri du bere taldea (23. min). Osasunaren erdiko bi atzelariek ez dute ondo zaindu aurrelaria.
Gorritxoek ez zuten lortzen zelai erdian nagusi izatea, eta partidari komeni zitzaien erritmoa ezartzea: lasaiagoa. Golak, gainera, min egin die; eta pase errazetan huts egiten hasi dira. Hala, kosta egin zaie baloia edukitzea. Lan horretan nabaritzen ari da Aimar Orozen falta. Getafek, berriz, ondo jarrita jarraitu du zelaian, presioa ondo eginez. Norgehiagokari begira zuen plana gauzatu du.
37. minutuan are gehiago nahasi da partida. Mario Martinek falta gogorra egin dio Torrori, eta herrenka utzi du. Alberola Rojas epaileak, baina, txartel horia atera dio Getafeko jokalariari, gorria atera beharrean. Falta horretan, Budimir gola sartzear egon da, baina kanpora bidali du errematea, Mario Martinek berak bultzakada eman diolako. Osasunako jokalariek protesta egin dute, penaltia argia zelako. Baina, azkenerako, epaileak Budimir jokoz kanpo zegoela adierazi du.
Ondorengo minutuetan apenas jokatu den. Getafek hori nahi zuen. Baina luzapenean gola sartu du Osasunak. Bretonesek egin du. Falta jaurtiketa baten ostean, baloia iritsi zaio area ertzean; eta bitan pentsatu gabe, jaurtiketa bikaina egin du ezkerrez. Gol ikusgarria sartu du. Lisciren taldeak maldan gora zuen partida, baina apur bat leundu zaio. 1-1 amaitu da lehen zatia.
Sistemaren aldaketa
Bigarren zatia hasterako, Torro aldagelan geratu da min hartuta, eta Ruben Garcia irten da haren ordez. Osasunari hauspoa eman behar zion golak. Baina ez da horrela izan. Lehen zatian gertatu bezala, Getafe erosoago aritu da. Nafarrak ez dira gai izan zelai erdia kontrolatzeko, eta bigarren jokaldi gehienak ere Getaferentzat izan dira. Osasuna kostata ari zen.
Liscik zerbait aldatu beharra zuen, partidak ez baitzuen itxura ona bere taldearentzat. Hala egin du: Juan Cruz kendu, eta Raul Garcia de Haro atera. Aldaketa horrekin, marrazkia aldatu du Osasunaren prestatzaileak. Bosteko defentsarekin jokatu beharrean, laukoarekin jokatu du; gainera, bi aurrelari jarri ditu. Erasora begira egindako aldaketa izan da, eta Getaferen erdilariei buruhausteren bat gehiago ematekoa.
Aldaketek mesede egin diote Osasunari, eta apur bat hobeto jokatu du hurrengo minutuetan. Gainera, Getafek atzerapauso bat eman du, eta gorritxoek gehiago eduki dute baloia. Bordalasek garbi zuen plana: kontraerasoan eta hutsuneak sortuz bigarren gola sartzea. Horretarako, Coba eta Juanmi zelairatu ditu. Baina plana ez zaio ondo atera.
Azken txanpan, Osasuna hobeto aritu da, eta 75. minutuan aurretik jartzear egon da. Erdiraketa ona egin du Bretonsek, baina Budimirrek kanpora bidali du baloia, behartuta iritsi baita. 80. minutuan, Raul Garciak izan du abagunea. Baloia area ertzera iritsi zaio, eta ondo egin dio izkin Getafeko atzelari bati. Baina errematea atearen erdira joan zaio, eta Soriak baloia aldentzea lortu du. Getafe konforme zegoen berdinketarekin, eta Osasunak ez zen gol aukerarik sortzen, nahiz eta saiatu. Partida banakoarekin amaituko zela zirudien. Baina 90. minutuan gorritxoek lehen kornerra jaurti dute, eta hor iritsi da gola. Ruben Garciak bikain jaurti du, eta, Getafeko atzelariei aurrea hartuta, Catenak sarera bidali du baloia buruz. 2-1ekoarekin amaitu da partida, eta jokalariek eta zaleek gogotik ospatu dute garaipena.
Osasuna-Getafe
Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Juan Cruz (Raul Garcia de Haro, 66. min.), Bretones; Moncayola, Torro (Ruben García, 46. min.), Moi Gomez; Víctor Muñoz (Kike Barja, 84. min.) eta Budimir.
Getafe: Soria; Kiko Femenia, Iglesias, Duarte, Abqar (Djene, m. 46, min.), Rico; Milla, Arambarri, Mario Martín (Neyou, 66. min.); Alex (Da Costa, 74. min.), Mayoral (Juanmi, 75. min.).
Golak: 0-1: Mayoralek (23. min). 1-1: Bretonesek (49. min.). Catenak (90. min.).