Futbola

Osasuna: ihesaldi betean, malda tentea

Osasunak jaisteko postuetatik urruntzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, etxean Vila-reali irabazten saiatuko da. Bolada onean eta etxetik kanpoko arantza atera berritan iritsiko dira gorritxoak. Ligako laugarren sailkatua etorriko zaie bisitan.

Osasunako jokalariak Rayo Vallecanori sartutako goletako bat ospatzen. MARISCAL / EFE
Osasunako jokalariak Rayo Vallecanori sartutako goletako bat ospatzen. MARISCAL / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tropel handia osatu da jaisteko postuen inguruan, eta bertatik hanka egin nahian dabil Osasuna. Abenduaz geroztik, hobekuntza nabaria izan du, joko eta emaitza aldetik. Horrek, ezinbestean, eragina izan du sailkapenean: gorritxoek bederatzigarren amaitu zuten azken jardunaldia. Dena den, lasaitasun neurtuz dakusate egoera, jaisteko postuak lau puntu eskasera baitituzte. Ihesean jarraitzeko, garaipenak dira erregaia. Osasunak bi lortu ditu jarraian azken bi asteetan, baina hirugarrena kateatzea ez zaio erraza suertatuko: gaur Vila-real, ligako laugarren sailkatua hartuko du Sadarren (16:15, Movistar).

Aurreko partidan arindu handia hartu zuen Alessio Lisciren taldeak. Etxetik kanpo partida bat irabazteke zegoen oraindik; bada, Vallecasen atera zuen arantza, Rayoren aurka (1-3). Bederatzi hilabete luzeren ondoren, amaitu da Osasunaren lehortea Iruñetik urrun. Orain, erronka berri bat du esku artean: indartsuenei irabaztea. Izan ere, soilik sailkapeneko beheko aldeko taldeak garaitu ditu orain arte. Nafarrek zazpi bider irabazi dute 22 partidatan, baina garaipen bakar bat ere ez dute lortu jardunaldi hau 14. postuaren gainetik hasi duten taldeen kontra. Aurkari zuzenekin ez dute gupidarik izan: Rayo birritan hartu dute mendean, eta Valentzia, Getafe, Levante, Alaves eta Oviedo ere gainditu dituzte. Sailkapenean gainetik dituzten taldeen kontra, aldiz, ezin izan dute puntu bakar bat ere bildu. Zerikusia du neurketa gehienak bisitari gisa jokatu izanak.

Gaur, ordea, Vila-reali etxean egingo diote aurre. Sadarren jokatze hutsa baikor izateko arrazoi bat da, eta horri gorritxoen bolada gozoa gehitu behar zaio: Realaren aurka azaroan 1-3 galdu zutenetik, hamalau puntu bildu dituzte guztira —orain arte lorturiko puntuen erdiak baino gehiago—, eta etxean ez dute beste estropezurik izan. Emaitzez harago, gainera, garapen handia izan du Lisci buru duen taldeak. Adibidez, golak dezentez errazago egiten ditu orain: hiru gol sartu dituzte ligako azken bost partidetatik hirutan, Alaves, Oviedo eta Rayoren aurka. Gironaren aurka, ordea, joko onak ez zuen ondorio onik izan markagailuan. Salbuespentzat jo daiteke, azken asteetako joera zein izan den ikusita.

Ez da bakarrik zenbat, baizik eta noiz: gorritxoak espezialista bihurtu dira amaiera dramatikoetan gol erabakigarriak sartzen. Horren erakusgarri izan dira azken bi lehiak, Oviedori eta Rayori luzapenean irabazi baitzien Iruñeko taldeak. Lehenago, Getaferi ere hondarreko minutuetan gailendu zitzaion, eta Mallorcaren zelaian, puntu bat urratu zuen bukaeran. Horrek ondo islatzen du taldearen jarrera kementsu eta konformagaitza. Gaur ere ezaugarri horiek taularatzen saiatuko da, Vila-real mendean hartzen saiatzeko.

Geldikako jokaldiei arreta handia ipiniko die: ahul defendatu ditu azkenaldian, baina aldi berean, erasoan ederki baliatu ditu. Abantaila handia da Ruben Garcia jaurtitzaile gisa edukitzea. Aste honetan 2027ra arte berritu du kontratua, eta haren erdiraketei beste behin ere etekina atera nahiko diete taldekideek. Budimir, adibidez, hortzak zorroztuta dabil: bost gol sartu ditu azken bost jardunaldietan. Victor Muñozek ere erabakigarri izan nahiko du berriro. Aimarren sormena ere funtsezkoa da, baina ikusteko dago gaur hamaikakoan den; astea kili-kolo igaro du Rayoren aurka jasotako kolpe baten ondorioz. Litekeena da Catena titular gisa aritzea, iragan asteburuan zigorra bete eta gero, eta ziurrenik debuta egiteko aukera izango du Raul Morok, Osasunaren azken fitxaketak.  

Amets egiteari utzi dio

Vila-realek indar betean abiatu zuen denboraldia; hainbeste, ezen bete-betean sartu baitzen lidergoa eskuratzeko borrokan. Bigarren zegoen 15. jardunaldiaren ostean, Bartzelonak baino bi puntu gutxiagorekin, eta Real Madrilek baino bi gehiagorekin. Alabaina, bien kontra galdu egin du azken asteetan, eta Betisen kontra ere esku hutsik geratu zen. Hori horrela, ligako tituluarekin amets egiteari utzi dio. Hori bai, laugarren dago sailkapenean, eta Txapeldunen Liga jokatzea ez da nolanahiko saria. Sari hori, dena den, probestu egin behar da gero, eta aurten bederen, Vila-realek zaborretara bota du: puntu bakarra eskuratu du Europako txapelketa nagusiaren multzoen fasean. Hori aski ez, eta Kopan ere ibilbide laburregia izan du. Hots, joera ezkorrean iritsiko da Sadarrera. «Jokalari oso onak dituzte, baina prest gaude», adierazi zuen atzo Alessio Lisci Osasunako entrenatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.