Osasuna ilusioa berriro piztu nahian dabil

Garaipenen bidera itzultzen saiatuko da gaur etxean, Gironaren aurka, hartara goiko postuetara hurbiltzeko. Azken partidetako irudia hobetu nahi du, eta Sadarren sendo jarraitu. Ruben Garcia eta Raul Garcia de Haro jokatzeko moduan dira, zigorra beteta.

Ante Budimir Osasunako jokalaria erremate bat egiten Mallorcaren aurkako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ante Budimir Osasunako jokalaria erremate bat egiten Mallorcaren aurkako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko martxoaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken txanpan sartzen hasia da Espainiako Lehen Mailako liga. Hamar jardunaldi geratzen dira, eta Osasunak oraindik ez daki zehazki zer helburu izango duen sasoi amaieran. Mailari eusteko lana bideratua du, baina xedea ez du guztiz segurtatua. Era berean, Europako postuetan sartzeko hautagai izan daiteke, betiere azken hiru partidetako ezina alde batera uzten badu. Horiek horrela, baliteke gorritxoek gaur Gironaren aurka jokatuko duten partida argigarria izatea (18:30, Movistar). Irabaziz gero, jaitsiera postuez ahazteko moduan egongo da Alessio Liscik zuzentzen duen taldea, eta gora begiratu ahal izango du, anbizioz. Estropezu eginez gero, ordea, bekokia ilundu egingo zaio.

Izan ere, Real Madrili irabazi ondoren hiru partida txar kateatu dituzte gorritxoek, eta kezkagarria litzateke segida horri beste neurketa bat gehitzea. Igandean, Realaren mende egon ziren Anoetan, eta epailearen hutsegiteak gorabehera, txuri-urdinak merezimendu osoz gailendu zitzaizkien (3-1). Osasuna ez zen gai izan aurkariaren energia eta bizitasuna berdintzeko, eta gaur txinparta berreskuratzen saiatuko da. Sadar toki ona da horretarako, zaleen hauspoa beti alde baitu Nafarroako taldeak.

Hori bai, gaur hamabi minutuz ez da burrunbarik izango harmailetan, Indar Gorri zale taldeak isilunea egingo baitu Real Madrilen aurkako partidaren ondoren estadioan izan ziren istiluen harira. Poliziak beste lau lagun atxilotu zituen asteazkenean —bi atxiloketa egin zituen neurketaren egunean—, eta Indar Gorrik Osasunako zaleen aurkako «errepresioa» eta «polizia azpijokoak» salatu ditu.

Bederen, orain arte Sadarren ikusi duten horrek pozik dauzka zaleak. Izan ere, Osasunak azaroaren 22an galdu zuen azkenekoz bertan, Realaren aurka. Geroztik, zazpi neurketa jokatu ditu Iruñean, eta bakar bat ere galdu ez —lau irabazi ditu, eta hiru berdindu—. Gainera, deigarria da zenbat gol sartu dituen Iruñean: 24 aldiz zulatu du aurkarien atea etxeko lehen hamahiru partidetan. Horrekin batera, ez du partidarik amaitu golik sartu gabe etxean aritu den azken 34 aldietan. Bolada harrigarria da; estatistika horri dagokionez, soilik PSG dago Osasunaren gainetik Europako liga nagusietan. Gorritxoak 2024ko maiatzaren 5ean geratu ziren azkenekoz Sadarren golik sartu gabe.

Girona, behetik gora

Kontrara, Gironak hamalau neurketa jokatu ditu orain arte etxetik at, eta behin bakarrik utzi du atea hutsean. Hori bai, bisitari gisa ez da aurkari samurra izan: azken zazpi partidetatik bakarra galdu du. Denboraldi hasieran oso larri ibili zen Michel Sanchezek zuzentzen duen taldea —garaipen bakarra lortu zuen lehen 11 partidetan—, baina bere onera etorri da geroztik, eta Europako postuen lehian sartzeko itxaropenez da orain. 34 puntu ditu, Osasunak bezalaxe.

Liscik eskuragarri izango ditu Ruben Garcia eta Raul Garcia de Haro. Biek zigorra bete behar izan zuten Donostian, baina gaurko lehia jokatzeko moduan dira. Moro, bestalde, kili-kolo ibili da aste barruan, baina deialdian sartu du Liscik. Osasunako entrenatzaileak uste du «urrats garrantzitsua» egin dezaketela gaur. «Ez da partida erabakigarria izango, oraindik puntu asko egongo baitira jokoan, baina, gora begiratzeko, funtsezkoa da gaur irabaztea, sailkapenean gure parean dagoen aurkari baten kontra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!