Azkenaldian, Sadar ez da toki aproposa emozio bortitzak gustuko ez dituztenentzat. Harmailetan dardara handia izan zen Oviedoren aurkako lehian, Victor Muñozek luzapenean sartu zuen golaren eraginez; eta Osasunaren estadioak eztanda egin zuen Raul Garcia de Harok Real Madrilen aurka azken uneko artelana egin zuenean. Bi partida horiek irabazi egin zituzten gorritxoek. Bada, gaur ihes egin die garaipenak, Mallorcaren aurka, baina harmailetan burrunba itzela eragin du Budimirrek 94. minutuan sartu duen golak. Osasuna 0-2 ari zen galtzen luzapenaren atarian, ordura arte partida eskasa osatuta. Alabaina, ez da etsiak jota geratu. Barjak itxaropena hauspotu du lehen gola sartuta, eta Budimir salbatzaile gisa agertu da luzapenean, markagailua orekatuta.
Bigarren jardunaldiz jarraian, Osasuna bere bertsio onenetik urrun aritu da. Real Madrilen aurka garaipen historikoa lortu zuen, baina oroitzapenek ez dute partidarik irabazten. Gaur gorritxoek eman duten irudiak ez du zerikusirik izan Sadarreko azken lehian eman zutenarekin. Joko elektriko eta oldarkorra eginez azpiratu zuten Real Madril; gaur, ordea, ez dira erritmo bizian jokatzeko gai izan. Gorritxoak txinpartarik gabe aritu dira, eta hori gutxi balitz bezala, opari handiak egin dizkiote Mallorcari. Bisitariek ez dute erakustaldirik egin Martin Demichelisen agindupean jokatu duten partidan; aski izan dute Osasunaren akats larriak zigortzea markagailuan bi goleko errenta lortzeko. Sergio Herrerak zirkuitu laburra izan du lehen zatian, eta bisitarien garaipena oso bideratuta geratu da gorritxoek oso gaizki defendatu duten trantsizio azkar batean.
Halako erraztasunak ematea bekatua da aurrean Muriqi bezalako aurrelari zital bat izanik. Kosovokoak sartu ditu Mallorcaren bi golak, biak ere nahieran. Lehen itzulian ere bi aldiz zulatu zuen Osasunaren atea. Eta egun hartan ere, Mallorca ez zen neurketa irabazteko gai izan. Gorritxoek bazekiten zer zen bi goleko desabantaila azken unean deuseztatzea, eta epikaren formula hautatu dute gaurkoan ere. Itxuraldatu egin dira azken 11 minutuetan, bi taldeak jada jokalari bat gutxiagorekin zirela. Jan Virgili 73. minutuan egotzi du epaileak, eta Raul Garcia de Harok 82.ean utzi behar izan du zelaia. Partida amaierara bidean zihoan, eta ez zirudien Osasuna suspertzeko gai izango zenik. Alabaina, Barja berriz ere grinatsu atera da aulkitik, eta haren golak hegoak eman dizkio taldeari. Behin luzapenean sartuta, goi mailako aurrelaria dela erakutsi du berriz ere Budimirrek: area ertzean atzelari bat atzean utzi, eta zehaztasun osoz gainditu du Leo Roman.
Minutu luzez, etsigarri
Amaierako frenesiaren aurretik, oso makal aritu da Osasuna. Lehen zatian ez du modurik izan Mallorca estu hartzeko, eta, area ingurura behin baino gehiagotan iritsi den arren, fintasuna eta erabakimena falta izan zaizkio azken metroetan. Mallorcak ere ez du distirarik egin, baina zenbait abisu bidali ditu minutuen joanean, eta 0-1ekoa sartu du 35. minutuan. Sergio Herrerak dena zuen alde baloia urruntzeko, baina horren ordez, Muriqiri oparitu dio, buruz pasea ematen saiatzean. Golak ez dio onik egin Osasunari, eta Pablo Torrek errenta handitzeko saiakera egin du atsedenaren aurretik, burukada indartsu baten bidez. Orduan bai, asmatu egin du Herrerak.
Bigarren zatiaren hasieran, lehengo lepotik zuten burua gorritxoek, eta Liscik ohi baino lehenago mugitu behar izan du aulkia. Halere, Raul Garcia de Haro eta Raul Moro zelaian sartu izanak ez du aldatu partidaren gidoia. Areago, taldea desegituratu egin da, eta horren erakusgarri izan da 61. minutuan Muriqik biribildu duen jokaldia. Hortik aurrera, zenbait aukera pilatu ditu Osasunak berriz ere neurketan sartzeko, eta esperantza iturri izan zitekeen Virgiliri atera dioten txartel gorria. Haatik, gorritxoak ere berandu gabe geratu dira hamar jokalarirekin. Dena ez zegoen galdua, ordea. Mallorca sendo aritu da ia partida osoan, baina zerraldo erori da Osasunaren azken uneko bultzadaren ondorioz. Gorritxoak markagailua guztiz iraultzeko zorian izan dira, baina konforme egoteko moduan dira lortu duten puntuarekin. Jaitsiera postuetatik bederatzi puntura jarraituko du.