Osasunak azken unean irabazio dio Oviedori

Gorritxoak 3-2 gailendu dira. Victor Muñozek sartu du garaipenaren gola, 92. minutuan. Ante Budimirrek bi sartu ditu.

Victor Muñoz garaipenaren gola ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Victor Muñoz garaipenaren gola ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko urtarrilaren 17a
22:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak nekez topatuko du Ante Budimir baino golegile hobeagorik. Gaur bi gol sartu zituen, eta hirugarrena ere sareratu du. Epaileak, ordea, bertan behera utzi du, baloiari besaurrearekin jo diola iritzita. Hori aski ez, eta beste burukada bat ere langara bota du. Kroaziako aurrelariak sartutako bi golei eta Victor Muñozek azken unean sartutakoari esker, Osasunak arnasa hartu du. Beste behin, erakutsi du etxean otso izaten jarraitzen duela, nahiz eta gogotik sufritu duten nafarrek Oviedo 3-2 mendean hartzeko. Partida amaitzear zela, Catenak txartel gorria ikusi du.

Gorritxoek izan dituzte neurketako lehen aukera garbiak, bat Victor Muñozek eta bestea Aimar Orozek. Baina ezerezean geratu dira. Partidaren erritmoa nahiko makala izan da lehen zatian. Bi taldeek ezer gutxi egin dute atezainak kikildu zitezen. Aukera bakanetakoa Ilyas Chairak izan du, Oviedoko jokalariak. Gorritxoei kosta egin zaie min egitea joko posizionalean, zelaian aurrerapausoa eman duten arren. Etxekoak hobekien zeuden unean iritsi da, hain zuzen, bisitarien kolpea, lehen zatia amaitzeko bost minutu falta zirela. Oviedok motzean atera du korner bat, baina segituan erdiratu dute baloia Osasunaren areara, eta Fede Viñasek penalti puntutik sartu du gola buruz. Errematea ikusgarria izan da, eta Sergio Herrera ez da iritsi ere egin. 

Nafarren erantzuna, baina, segituan iritsi da. Kontraeraso azkar batean, Ruben Garciak eskuin hegaletik erdiraketa itxia egin du ezker oinarekin, eta Budimirrek sareetara errematatu du. Epaileak, ordea, jokoz kanpo adierazi du, besaurrearekin jo diolako baloia. Kroaziako aurrelaria haserre zegoen epailearen erabakiarekin, nonbait aurkariak heldu egin diolako rrematea egiteko garaian. Nolanahi ere, hurrengo jokaldian hustu du Budimirrek barruan zuen amorrua. Javi Galanen erdiraketa bikaina ez du alferrik galdu, eta markagailua berdintzea lortu du hobekien egiten dakien moduan: buruz. 

Bigarren zati zoroa

Lehen zatia ez bezala, bigarren zatia zoramena izan da, joan-etorri askokoa. 64. minutuan, Osasunako entrenatzaileak, Alessio Liscik, Raul Garcia zelairatu du, Moi Gomezen ordez. Bi aurrelariekin jokatzeko apustua egin du, eta ezin hobeto atera zaio, nahiz eta 67. minutuan Oviedok gola sartu duen. Beste behin ere, motzean atera dute kornerra espainiarrek, eta Alberto Reina azkar ibili da, erdiraketaren osteko aldaratzea sarera botaz.  Aurretik Budimirrek aukera bikaina izan du, baina langara bidali du baloia. Kolpea gorritxoentzat. 

Kroaziako aurrelariak, baina, segituan berdindu du berriro ere partida. Falta baten bitartez, Boyomori bigarren zutoinean iritsi zaio baloia. Hark buruz atzera pasa, eta hortxe zegoen Budimir prest, baloia sareratzeko, zale gorritxoen gozamenerako. Hirugarren golaren bila joan dira nafarrak. Baina horretan ari zirela sustoa hartu dute. Izan ere, Oviedoko jokalari batek egindako erdiraketa batean, baloiak Boyomoren eskuan jo du. Epaileak VAR-ean begiratu du, baina azkenerako ez du penaltia adierazi. 

Neurketa osoan Osasuna markagailua irauli ezinda egon ondotik, partidaren luzapenean sartu du garaipenaren gola Victor Muñozek, 92. minutuan, ezustean aldaratze bat jaso eta gero. Oraindik sufritu egin dute gorritxoek, Catenak txartel gorria ikusi baitu. Nolanahi ere, azkenerako, etxean geratu dira hiru puntuak, eta arnasa hartu du sailkapenean Lisciren taldeak.

Osasuna-Oviedo

Osasuna: Herrera; Rosier (Boyomo,73. min.), Catena, Herrando (Barja, 73. min.), Galan; Moi Gomez, Torro (Muñoz, 73.min.), Aimar (Osambela, 94. min.); Ruben García; Budimir eta Víctor Muñoz.

Oviedo: Escandell, Ahijado (Borbas, 94. min.), Luengo, Costas, Alhassane, Hassan (Ilic, 86. min.), Sibo (Dendoncker, 71. min.), Colombatto (Foseca, 71. min.), Chaira, Reina eta Viñasek.

Golak: 0-1: Viñasek (40. min.). 1-1: Budimirrek, (45. min.). 1-2: Reinak, (71. min). 2-2: Budimirek, (75. min.). 3-2: Víctor Muñozek, (92. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.