Osasuna Valentzian ariko da, eta Athleticek Betis hartuko du

Nico Williams eta Ruben Peña, lehian, Sadarreko derbian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Elkarren aurka aritu eta hurrengo jardunaldian, Osasunak eta Athleticek tankera bereko helburuarekin jokatuko dute, nork bere aldetik. Bi taldeek sasoiko bigarren garaipena erdietsi nahi dute, ligan leku ona lortzeko eta goiko postuetara gerturatzeko. Txapelketari ondo ekiteak duen garrantziaz ohartuta ariko dira biak.

Osasunak garaipenaren bidera itzuli nahi du (19:30, DAZN). Hain justu ere, Athleticen aurka galdu egin zuen ligako azken jardunaldian (0-2), eta kolpea hartu zuen herenegun Konferentzia ligako kanporaketaren joanekoan (1-2). Irabaztea da suspertzeko sendagairik onena, eta garaipen batek hauspoa emango dio Europako itzulikoa prestatzeko.

Ez du lantegi erraza. Gorritxoek Valentzia izango dute parean; orain artean jokatu ahala irabazi duen taldea. Ruben Barajak prestatutako taldea da sasoi hasierako ustekabekoa. Chimy Avilak ez du jokatuko. Txartel gorria atera zioten iragan neurketan.

Athleticek, berriz, lanerako tarte handiagoa izan ostean helduko dio gaurko norgehiagokari. Zuri-gorriek Betis hartuko dute San mamesen (21:30, Movistar La Liga), eta Ernesto Valverdek aste osoa izan du taldea prestatzeko.

Aldarte onean ailegatuko dira zuri-gorriak, gainera. Sadarreko garaipena baliatu nahi dute bigarren garaipena kateatzeko eta aurrerako urratsa egiteko. Hala, zaleen babesa aprobetxatu nahi du hiru puntuak eskuratzeko.

Valverdek aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan, nahitaez. Oihan Sancetek partida bateko zigorra beteko du, aurreko jardunaldian bi txartel hori atera baitzizkioten. Bestalde, Yeray Alvarez eta Peru Nolaskoain min hartuta daude oraindik, eta ez dute jokatuko.

Alavesek argi ditu ideiak

Alavesek ere bigarren aldiz irabazi nahi du. Lehen jardunaldiko itxura eskasa nabarmen hobetu ondotik, Luis Garcia Plazaren taldeak erakutsi nahi du segituan hartu diola neurria Lehen Mailari, eta frogatu Sevillaren aurkako erakustaldia (4-3) ez zela kasualitatea izan.

Gasteiztarrek bihar jokatuko dute, Getaferen zelaian (19:30, DAZN). Etxetik kanpo ariko dira, zelai zail batean, eta mindutako kontrarioaren aurka. Espainiarrek ez dute irabazi oraindik, eta, gainera, kolpea hartu zuten azken partidan, Gironak aise azpiratu baitzituen.

Garcia Plazak beste jokalari bat izango du bere esanetara, Samu Omorodion aurrelaria Alavesen ariko baita sasoia amaitu arte, Atletico Madrilek utzita. 19 urte baino ez ditu, eta Espainiako taldeak Granadatik fitxatu berri du. Hain zuzen, gola sartu zion Atletico Madrili lehen partidan.

Bestalde, atzo geratu zen zehaztuta Euskal Herria Kopako finala. Athleticek eta Realak jokatuko dute, irailaren 3an, Guardian (Araba). Txuri-urdinak atzo sailkatu ziren, Guardian Alavesi 0-4 irabazi eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.