Osasuna 0-2 Espanyol

Osasunak akats larriak egin ditu berriro, eta zalantza gehiago piztu

Galdu egin du etxean Espanyolen aurka, eta txistuak entzun dira harmailetan, taldeak emandako irudi txarraren ondorioz. Gorritxoek bi gol jaso dituzte lehen ordu laurdenean, erraztasun handiak emanda, eta ez dira kolpe horietatik altxatzeko gai izan.

Partidako jokaldi baten irudia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Partidako jokaldi baten irudia. IDOIA ZABALETA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko irailaren 12a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunaren harresiak eztanda egin du. Luis Miguel Ramisen eskutik, Nafarroako taldeak adreilu ugari ipini zituen lehen hiru partidetan, baina erori egin zaizkio den-denak. Egiturak pitzadura ugari izan zituen Mendizorrotzan; hainbeste, ezen bost gol jaso baitzituzten gorritxoek. Eta gaur, Espanyolen aurka, defentsako akatsak galbide izan dituzte berriz ere. Hirugarren minutua betetzerako, markagailuan atzetik zen Osasuna, eta lehen ordu laurdena bete berritan, beste gol bat oparitu diote aurkariari. Hortik aurrera, tenteegia izan da aldapa. Tarteka bultza egin dute nafarrek, baina saririk jaso gabe. Nahi eta ezin. Taldearen jardun okerrak urduritu egin ditu Sadarren bildutako zaleak, eta txistuak entzun dira.

Alavesen kontrako ahuleziari irtenbidea eman nahian, Ramisek Rockson Yeboah eta Diego Rico txertatu ditu atzeko lerroan. Boyomo eta Bretones izan dira kaltetuak. Bada, Sadarren ahazteko moduko aurkezpena izan dute Yeboahk eta Ricok. Aurrenekoz jokatu dute etxean Osasunaren elastikoa jantzita, eta ardura zuzena izan dute Espanyolek sartu dituen bi goletan. Biak Roberto Fernandezek sareratu ditu. Lehenik, aise hartu dio aurrea Yeboahri area barruan, eta gero, Catenaren huts ulergaitza baliatu du; erdiraketa bat ez urruntzea erabaki du, atzean taldekideren bat zuelakoan. Bi jokaldietan ezker hegaletik barneratu da Espanyol; Ricoren hegaletik, alegia.

Hori horrela, bisitariek ia eginak zituzten egin beharrekoak ordu laurdenean. Etekin handia atera diote neurketaren hasiera frenetikoari. Osasunak ere, hasieran, arriskua sortu du aurkariaren arean; markagailuan eragin gabe, ordea. Espanyolek bigarrena sartu aurretik, Riedelek penalti garbia egin dio Raul Garcia de Harori: lurrera bota du aurrelari gorritxoa hura baloia jaurtitzear zela. Epailearen txisturik ez da entzun, ordea, eta VAR-ak ez du esku hartu. Kontrara, baliogabetu egin dute Ruben Garciak 18. minutuan sartu duen gola. Barja sukalderaino sartu da, baina hark erdiratzerako, baloiak hondoko marra igaro du. Kapitain gorritxoak pizgarri lana egin du lehen zatian, zorrotz eta temati.

Argitasunik gabe

Hasierako kolpe trukaketan galtzaile atera da Osasuna. Kristalezko matrailezurra izan du. Hortik aurrera, berea izan du neurketaren ekimena, baina sormen aldetik gabezia handiak dituela erakutsi du berriro ere. Bigarren zatian, lehenengoan bezala, ezkerretik sakondu du jokoa, baina jokaldi arriskutsuak oso bakanak izan dira. Eta nagusiki Raul Mororen sinadura izan dute. Ordezko gisa energia eman dio taldeari, azken neurketan bezala. Bukaera partean jokaldi ona egin du beste bi ordezkorekin, Bretones eta Dubasinekin; azken horren errematea kamutsa izan da, ordea.

Bigarren zatiko aukerarik argienetako bat izan da. Bestea Espanyolek izan du, Dolanen oinetan, Yeboahk beste huts handi bat egin ondoren. Haatik, gola eragotzi du Sergio Herrerak. Romain Del Castillok debut gozoagoa izan du. Lehen kalitate zertzeladak erakutsi ditu azken hogei minutuetan. Osasuna oldartu egin da amaieran, baina ezin izan du hasierako deskalabrua konpondu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA