Bartzelona 2-0 Osasuna

Osasunak aurpegia emanda galdu du Bartzelonaren zelaian

Talde gorritxoa oso duin aritu da ligako liderraren zelaian. 70 minutuz eutsi dio husnako berdinketari, sendo. Era berean, mehatxatzaile agertu da kontraerasoetan. Azkenean, ordea, Bartzelonak eskuratu ditu puntuak, Raphinharen bi goli esker.

Osasunako bi jokalari baloiaren atzetik, ezinean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Osasunako bi jokalari baloiaren atzetik, ezinean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko abenduaren 13a
21:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontrako bi boladak talka egin dute gaur Camp Noun. Bartzelona etxean jokatu dituen ligako partida guztiak irabazita iritsi da; Osasuna, aldiz, gailendu gabea zen oraindik bisitari moduan. Hori horrela, logikotzat jo daiteke garaipena etxean geratu izana. Nolanahi ere, modu asko dago txapelketako kolosoen zelaian galtzeko, eta talde gorritxoa aurpegia ari da ematen bisitarik zailenetan. Estu hartu zituen Real Madril eta Atletico Madril, eta gaur Bartzelonari ere arazoak sortu dizkio. Emaitzen perspektibatik, ezin izan dio jarraipena eman Levanteren kontrako garaipenari, baina sentipenei dagokienez, hazten jarraitzeko aukera emango dio kataluniarren zelaian emandako itxura sendoak.

Osasuna atezuan zegoen, Gironak bezperan Realari irabazi izanak gauzak are gehiago estutu baititu sailkapenaren beheko aldean. Eta gorritxoentzat, jardunaldi txarra zen jaisteko postuetatik aldentzeko. Dena den, sinetsia zuten posible zela liderraren aurka punturen bat lortzea, eta ordubete baino gehiagoan tinko eutsi diote hasierako emaitzari. Hori gutxi ez, eta zizt egin dute Victorren abiada baliatuz. Bartzelonak, ordea, gaitasun ia mugagabea du erasoan, eta gaur Raphinhari esker gailendu da. Ez da brasildarraren lehiarik distiratsuena izan, eta, halere, saririk gabe utzi du Osasuna.

Levanteren aurka gol bat sartu eta asistentzia bat eman arren, Ruben Garcia hamaikakotik kanpo geratu da. Liscik bost atzelariko sistema hobetsi izanaren albo kaltea izan da. Herrandori mesede egin dio teknikariaren apustuak. Argibidek, berriz, bigarrenez jokatu du jarraian titular gisa, eta, hala, Moncayola erdilari aritu da berriro.

Talde handiek albait azkarren irentsi nahi izaten dituzte arrain txikiak, baina Osasunak ondo eutsi die Bartzelonaren lehen haginkadei. Saihetsezina zen kataluniarrek arriskua sortzea, eta gola gertu izan dute lehen zatiko zenbait jokalditan. Edonola ere, gorritxoek itxura sendoa eman dute, jokalari gehienak bi lerrotan ipinita, 5-4-1 sistema defentsiboaren baitan.

Osasunaren harresiak zirrikitua izan du 23. minutuan, korner batetik abiatu den jokaldian. Budimir iltzatuta gelditu da taldea irteten ari zela, eta, hala, Ferran Torresek jokoz kanpo egon gabe sareratu du baloia, burukada zehatz batekin. Haatik, Raphinha aurreratuta zegoen Laminek kornerreko pase laburra itzuli dionean. VAReko epaileek begirada zorrotza izan dute, eta gola ez da markagailura igo.

Laminek, ahal izan duenean, dantzan ipini ditu atzelari gorritxoak. Baina Osasunak tinko iraun du, eta setioari eusteaz gain, Bartzelonari apenas eman dion aukerarik trantsizioan aritzeko. Eta ez hori bakarrik: segada antolatzen saiatu da hainbatetan, Victor Muñozen abiadari esker. Zehaztasun apur bat falta izan zaie pase sakonetan, kontraerasoak are arriskutsuagoak izan zitezen. Halere, Budimirrek bizpahiru aldiz mehatxatu du Joan Garcia atezaina.

Korrikaldi zitala

Liscik Torro aulkian utzi du atsedenean, eta Iker Muñoz zelairatu du. Flickek, berriz, bere jokalariak xaxatu egin ditu ziurrenik aldagelan, Bartzelona beste erritmo eta erabakimen batekin itzuli baita. Sufrimendu handiko minutuak izan ditu Osasunak, eta Sergio Herrerari pilatu egin zaio lana. Etxekoek barneraldi sakonak egin dituzte hegaletatik. Victor Muñozek, berriz, beste kontraeraso bizi bat gauzatu du, baina kanpora joan zaio errematea. Gerora, erregaia agortu zaio.

Taldearen energia berritu nahian, Sheraldo, Raul, Ruben Garcia eta Rosier zelairatu ditu. Bada, berandu gabe iritsi da partida apurtu duen jokaldia. Bartzelonak, behingoz, espazioekin korrika egiteko aukera izan du: Pedrik kontraerasoa gidatu, eta Raphinhak biribildu du. Bartzelonaren bigarrena ere brasildarrak sartu du, 85. minutuan, Catenaren urruntze txar baten ostean. Espero bezala, galdu egin du Osasunak, baina aurpegia eman du behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.