Osasuna 2-3 Celta

Osasunak Celtaren aurka galdu du Sadarren

Gorritxoek neurketa ona jokatu dute, baina gehiago asmatu du Celtak. Budimirrek bi gol sartu ditu, baina penalti bat ere huts egin du.

Sergio Herrera, gaur, Sadarren. IÑAKI PORTO / EFE
Sergio Herrera, gaur, Sadarren. IÑAKI PORTO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 26a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futbolean ez du beti ondoen jokatzen duenak irabazten. Osasunak partida ona jokatu du Celtaren kontra Sadarren, baina Galiziako taldeak baliatu ditu izan dituen gol aukera apurrak, eta punturik gabe utzi du penalti bat ere huts egin duen Osasuna.

Denetarik izan du partidak. Lehen zatian nagusi izan da etxeko taldea. Alessio Lisciren taldeak lan bikaina egin du presioan, eta Celta baloia jokatuta atera ezinda ibili da. Horri esker, baloi ugari berreskuratu dituzte toki arriskutsuetan, eta jaurtiketa mordoxka egin dituzte area ertzetik. 

Asmatu, ordea, Galiziako taldeak egin du okerren zegoenean. Borja Iglesiasek baloi bat berreskuratu du, Ferran Jutglari eman dio pasea aurrera, eta kataluniarrak zoragarri amaitu du jokaldia, jaurtiketa Sergio Herreraren gainetik loratuta.

(ID_15459038) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-10-26, Iruñea. Futbola, Lehen Mailako Ligako partida Osasuna eta Celta
Budimir gol bat ospatzen, gaur, Sadarren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Golaren ostean berdin segitu du Osasunak. Min egiten ari zen hegaletatik, eta erdiraketa horietako batean defentsak penaltia egin dio saltsa guztietan zebilen Ante Budimirri. Aurrelari kroaziarrak berak sartu du penaltia, eta hamar minutu geroago ere bai bigarren gola, korner batean.

Atsedenaldira 2-1 irabazten iritsi da etxeko taldea, baina gehiago ere merezi zuen agian. Lehen zati oso eskasa egin du Celtak. Baina futbolean golak sartzea da kontua, ez ondo jokatzea soilik, eta bigarren zatian, gauza gutxi gertatzen ari zenean, Galiziako taldeak ere korner bat baliatu du berdinketa lortzeko. Jutgla izan da golegilea berriz ere, 68. minutuan.

Kolpe bikoitza

Ez du etsi Osasunak. Raul Garcia de Harok abagune ona izan du, eta bi minutu geroago, bigarren penalti bat izan du Osasunak alde. Budimirrek eskura zuen hat-tricka egin eta gaueko heroi bilakatzea, baina panenka erara bota duen penaltia zutoinean jo eta kanpora joan da.

Kolpea izan da hori, baina ez 87. minutukoaren parekoa: Iago Aspasen pase zoragarri bat baliatuta Celtaren hirugarrena sartu du Pablo Duranek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.