Osasunak defendatu egin du aseguru bat kontratatu izana mailaz jaisteko arriskua zela eta

Klub gorritxoak azaldu du «ohikoa» dela kirol erakunde eta klubek halako erremintak erabiltzea, «haien jardueraren arrisku ekonomikoak arintzeko».

Osasunako Aimar Oroz, Getafeko Juan Iglesiasi aurrea hartzen, ligako azken partidan. KIKO HUESCA / EFE
Osasunako Aimar Oroz, Getafeko Juan Iglesiasi aurrea hartzen, ligako azken partidan. KIKO HUESCA / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 8a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak ozta-ozta lortu zuen Lehen Mailan segitzea. Gironak Elxi beste gol bat sartu izan balio, talde gorritxoa Bigarren Mailan egongo zen. Kluba arrisku horren jakitun zegoen, eta aurretik aseguru bat kontratatu zuen, mailaz jaisteak eragin ziezazkiokeen kalteak arintzeko. 1,2 milioi euro ordaindu zituen, eta, jaitsi izan balitz, 6 milioi euroko kalte ordaina jasoko zuen. Klub gorritxoak hori egin izana defendatu du ohar batean: «Ohikoa da kirol erakunde eta klubek halako erremintak erabiltzea, haien jardueraren arrisku ekonomikoak arintzeko».

Osasunak nabarmendu du asegurua sinatu zuen konpainiak urteak daramatzala Espainiako Ligako klubekin lan egiten. «Gainera, nazioartean ezaguna da, eta eskarmentua du kirolaren alorrean». Halaber, gaineratu du Espainiako Futbol Liga profesionalari jakinarazi zitzaiola. «Prozesuan ere hainbat kontsulta egin genizkion». Klubeko kontrol batzordeak eta auditoreek ere horren berri bazutela azaldu du: «Kontrol Batzordeak txosten bat argitaratuko du, eta bertan, besteak beste, horri buruzko argibideak emango dira». Hala, Osasunak argi esan du: «Guk aseguru bat kontratatu besterik ez genuen egin. Horren atzean ez dago beste ezer, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu klubaren interesei eta izen onari kalte egiten dieten informazioen kontra».

Klubak ez zuen jakinarazi aseguru kontratua sinatu zuela. Apustu etxe batean Getafe-Osasuna partidaren inguruan egin zen apustu baten harira jakin zen. Apustu egile batek 600.000 euro jokatu zituen talde gorritxoa jaitsi egingo zela. Asmatu izan balu, 3,5 milioi jasoko zituen. Horrek arreta eragin zuen AEBetan, eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zion. Espainiako Kontsumo Ministerioak blokeatu egin zuen apustu etxearen plataforma, ez zuelako Espainian jarduteko baimen administratiborik. Osasunaren partida maiatzaren 23an jokatu zen, eta plataforma 26an blokeatu zuten. Horri lotuta jakin da Osasunak asegurua kontratatu zuela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE