Futbola

Osasunak Diego Rico eta Rockson Yeboah atzelariak fitxatu ditu

Rico ezker hegaleko atzelaria da, eta talderik gabe zegoen, azken hiru denboraldietan Getafen jokatu eta gero. Urtebeterako fitxatu du. Yeboah fitxatzeko, berriz, talde gorritxoak hiru milioi euro ordaindu dizkio Goteborgi. Bost sasoirako fitxatu du.

Diego Rico. OSASUNA
Diego Rico, Osasunaren elastikoarekin, gaur, Sadarren. OSASUNA
Julen Etxeberria.
2026ko abuztuaren 12a
21:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunako bulegoetan jo eta su ibili dira gaur, bi jokalari fitxatu baitituzte: Diego Rico espainiarra eta Rockson Yeboah ghanarra. Atzelariak dira biak ala biak: Rico ezker hegaleko atzelaria da, eta, Yeboah, erdiko atzelaria. Talde gorritxoak ez dio beste talde bati ezer ordaindu behar izan Rico fitxatzeko, jokalaria talderik gabe baitzegoen, Getaferekin zuen kontratua amaitu eta gero. Azken hiru denboraldietan aritu da Espainiako talde horretan. Aurretik, Zaragozan, Leganesen, Bournemouthen eta Realean jokatu zuen. Urtebeterako kontratua eta hamar milioi euroko etete klausula adostu du Osasunarekin. Jokalari eskarmentuduna da: 33 urte ditu, eta 185 partida jokatu ditu Espainiako Lehen Mailan, eta 39 Ingalaterrakoan.

Yeboah, ordea, jokalari gaztea da, 22 urte bete baititu. Bi denboraldi besterik ez daramatza gorenean jokatzen, Suediako Goteborg taldean. 44 partida jokatu ditu klub horretan, eta bi gol sartu. Aurretik Ghanako harrobiko taldeetan eta AEK Atenasen bigarren taldean aritu zen. Osasunak apustu sendoa egin du harengatik, hiru milioi ordaindu baitizkio Goteborgi, eta bost denboraldirako kontratuarekin lotu. 30 milioi euroko etete klausula jarri dio, eta talderen batek hura fitxatzen badu, Osasunak salmentaren %30 jasoko luke. Atzelari garaia da (1,90 metro da luze), eta horri esker, abila da aireko jokoan. Garaia izan arren, azkarra ere bada. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA