Futbola

Osasunak eta Alavesek lasai egon nahi dute Gabonetan

Osasuna eta Alaves puntu premian lehiatuko dira gaur Sadarren, denboraldiko azken derbian. Jokalari garrantzitsuak faltako dituzte bi taldeek, eta entrenatzaileek uste dute neurketa gogorra eta fisikoa izango dela.

Alaves-Osasuna. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Enzo Boyomo eta Toni Martinez, lehian, aurreko sasoian Alavesek eta Osasunak Mendizorrotzan jokatutako derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2025eko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak eta Alavesek urteko azken derbia jokatuko dute gaur, Sadarren (18:30, DAZN). Garaipen premian helduko dira bi taldeak; batez ere, gorritxoak. Sailkapenean hamabost puntu baino ez ditu Alessio Lisciren taldeak, eta Girona hemezortzigarren sailkatuarekin berdinduta dago. Hortaz, galtzeak alarma guztiak piztea ekarriko lioke taldeari. Apur bat lasaiago dago Alaves, hemezortzi puntu baititu poltsikoan. Osasunari irabaziz gero, jauzi bat gora egingo luke Eduardo Coudeten taldeak, baina, galduz gero, zulotik gertu igaroko lituzke Gabonak. Hortaz, oso partida garrantzitsua izango da bi taldeentzat. Gutxienez, aldarte onean iritsiko dira, Espainiako Kopako final-zortzirenetara sailkatzea lortu baitute aste honetan. Osasunak luzapenean gainditu zuen Huesca (2-4), eta Alavesek 1-0 menderatu zuen Sevilla.

Kopak ilusioa eragin arren, bi entrenatzaileek garbi dute ligak duela lehentasuna. Ligak ematen die jaten, eta garaipenaren bidera itzuli nahi dute nola Osasunak hala Alavesek. Ligako bi erraldoien kontra galdu ostean datoz biak. Osasunak 2-0 galdu zuen iragan jardunaldian Bartzelonaren zelaian, eta Alavesek ezin izan zuen Real Madril garaitu etxean: 1-2. Aurreikuspenen artean egon zitekeen neurketa horietan punturik ez batzea, baina, azkenaldiko boladari begiratuta, ez daude boladarik gozoenean bi taldeak. Osasunari dagokionez, jokatu dituen azken bost partidetatik bakarra irabazi du. Bost gol sartu ditu, eta zortzi jaso. Alavesek, berriz, azken lau partidetatik bakarra irabazi du. Hiru gol sartu ditu, eta zazpi jaso.

Datu kezkagarriak dituzte bi taldeek, baina are egoera krudelagoa bizi du Osasunak. Lisci buru duen proiektua oso urrun dago oraindik bikaintasunetik, eta emaitza txarrek ez diote utzi taldeari bururik altxatzen. Lesioekin ere ez du zorterik izan; besteak beste, Aimar Oroz jokatu ezinda egon baitzen ia bi hilabetez. Gaurko partidari begira, bi jokalari faltako dituzte gorritxoek: Iker Benito eta Enzo Boyomo. Min hartuta dago lehena, eta Afrikako Kopan dabil bigarrena, Kamerunekin. Gutxienez, Victor Rosier jokatzeko moduan izango du teknikari italiarrak.

Gabeziak gabezia, «urteko partidarik garrantzitsuena» jokatuko du Osasunak, Lisciren esanetan. Gauza bera esan zuen duela bi aste, Levanteren aurka jokatu bezperan, eta taldeak 2-0 irabazi zuen. «Garaipen batek lasaitu ederra ekarriko liguke. Urtean zehar jokaturiko partida batzuek liga batean edo bestean koka zaitzakete, eta Alavesen aurkakoa horietako bat da». Galduz gero, baliteke gorritxoek Gabonak jaisteko postuetan igarotzea. «Nola edo hala irabazi beharra daukagu. Denboraldi hasierarekin alderatuta, taldea hobeto ari dela nabari dut, baina oraindik eman dezakegun horretatik oso urrun gaude». Alavesi irabazteko, gauzak oso ongi egin beharko ditu etxeko taldeak. «Alavesek oso bizi jokatzen ditu partidak, eta euren erritmoa berdindu beharko dugu. Partidan atal ezberdinak izango ditugu, eta gure uneak baliatzen saiatu behar dugu. Presioan indartsu eta defentsan zorrotz aritu beharko dugu».

Lucas Boye gabe

Alaves, berriz, sasoi gorabeheratsua osatzen ari da. Partida distiratsuak izan ditu, baina eskas aritu da behin baino gehiagotan. Azaroa hilabete zaila izan zuen, baina abendu hasieran Realari irabazi izanak hauspotu egin zuen taldea. Coudeten ustez, merezi baino puntu gutxiago ditu taldeak, baina gaur irabazteak zera ekarriko lioke: hogei punturen langa gainditzea. Hortaz, lehen itzulia amaitzeko beste bi partida falta direla, mailari eusteko bidean urrats garrantzitsua egingo luke Alavesek. Coudetek jokalari garrantzitsu bat faltako du: Lucas Boye min hartuta dago, eta ez dago deialdian. Bai, ordea, Jonny Otto. Coudetek irabazi egin nahi du. «Irabazteko prestatzen ditugu partida guztiak. Oso ona litzateke partida hau irabaztea, baina, Osasuna indartsua da etxean. Aurkari zaila da; partida gogorra izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.