OSASUNA 1-1 ATHLETIC

Osasunak eta Athleticek berdindu egin dute Sadarren, derbian

Zati bakoitzean talde bana nagusituta, puntuak ez du inor asebete urteko lehen derbian. Ruben Garciak sartu du etxekoen gola, lehen zatian, eta Guruzetak berdindu du, bigarrenean.

Ruben Garcia-Nico Williams. VILLAR LOPEZ / EFE
Ruben Garcia eta Nico Williams, lehian, gaur, Sadarren. VILLAR LOPEZ / EFE
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 3a
18:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zapore garratz samarrarekin amaitu dute urteko lehenengo derbia Osasunak eta Athleticek, Sadarren. Urtea garaipena lortuta abiatzeko ilusioz eta helburuz zelairatu dira bi taldeak, baina inork ez du meriturik egin hiru puntuak lortzeko. Zati bakoitzean talde bana nagusitu da, eta justua izan da berdinketa. Besteak beste, Osasunak nabarmen agindu du lehen zatian, eta merezita hartu du aurrea. Gol ikusgarria sartu du Ruben Garciak, falta jaurtiketa baten bidez. Ordea, Athleticek berdintzeko merituak egin ditu bigarrenean, eta orduan Guruzetak asmatu du ate aurrean. Hala, denboraldiaren lan erdiak igaro ondoren, 24 puntu bildu dituzte zuri-gorriek. Gorritxoei, berriz, partida bat falta zaie jokatzeko, Gironan (Herrialde Katalanak), urtarrilaren 10ean. Hemeretzi puntu dituzte.

Ohi bezala, derbiak intentsitate eta erritmo handia izan ditu lehen minutuetan. Errespetu handiz aritu dira bi taldeak aurrez aurre, baina minutuek aurrera egin ahala, nagusi izan da Osasuna. Agindu egin du disputetan, eta jokalari guztiak egoki kokatuta egon dira zelaian. Oso ongi ordenatuta eta kontzentratuta. Athleticek ez du gaitasunik izan zelaiaren hiru laurdenak igarotzeko ere. Sancet topatzeko zailtasunak izan dituzte zuri-gorriek. Konfiantza lagun, behetik gora egin du Alessio Lisciren taldeak, eta Budimirrek izan du partidako lehen gol aukera. Ez du asmatu Unai Simonen ate aurrean. Ondoren, Aimar Orozen eta Victor Muñozen jokaldi distiratsu bat baliatuta, Moncayolak oso gertu izan du arratsaldeko lehen gola, baina Unai Simonek geldiketa ederra egin dio. Bi aukera horiek nahikoa ez, eta Lucas Torrok hirugarren bat ere izan du. Buruz errematatu du kornerra, bakar-bakarrik, baina ez du asmatu.

Kezkagarria izan da Athleticek minutu luzez emandako irudia. Williams anaiak ez dira agertu ere egin, eta nahia eta ezina izan da nagusi zuri-gorrien artean. Erasoan ia ez du ezer egin taldeak. Albisterik onena zera izan du Valverdek: lehen ordu erdia beteta, hutsean zegoela markagailua. Dena den, gutxien espero zenean sartu du 1-0ekoa Osasunak. Ruben Garciak oso urrundik jaurti du falta bat, eta sareetan sartu du baloia. Sekulako abiadura eman dio baloiari, eta gol ikusgarria izan da, norabidea aldatuz joan baita baloia. Halere, Unai Simonek zerbait gehiago egin zezakeen. Buru gainetik pasatu zaio baloia. Kontuak okertu zaizkionean esnatu da Athletic. Atsedenaldira bitarte ordura arte egin ez duena egitea lortu du: baloia oinetan izatea. Guruzetak eta Nico Williamsek aukera bana izan dute gola sartzeko, baina alferrik.

Aldaketak, onerako

Bigarren zatiaren hasierak ildo beretik jo du. Kontrolik gabe joan da jokoa, eta Osasunak garbi izan ditu ideiak. Ez dio jokatzen utzi Athletici. Aulkian pazientzia galtzen hasi da Valverde, eta 56. minutuan hiru aldaketa egin ditu. Rego, Robert Navarro eta Berenguer sartu ditu zelaian. Aldaketek aldatu dute norgehiagoka. Freskotasuna irabazi du Athleticek, eta kalitatea ere bai. Hiru horietaz gain, Areso ere atera da zelaira jarraian, eta bilbotarren nagusitasuna erabatekoa izan da. Bada, 71. minutuan iritsi da banakoa. Robert Navarrok pase bikaina eman dio Guruzetari, eta aurrelariak ez du barkatu.

Golak erotu egin du partida, joan-etorrian ibili baitira bi taldeak. Orduan, Osasunak gol aukera hobeak izan ditu, baina bi taldeetako inork ez du beste golik sartu. Hala, errege opila erdi bana jan dute, baina puntuak ez du inor asebete.

OSASUNA-ATHLETIC
Osasuna. Herrera; Rosier (Arguibide, 85. min), Catena, Herrando, Javi Galan; Lucas Torro, Moncayola; Ruben Garcia (Kike Barja, 76. min), Aimar Oroz (Moi Gomez, 83. min), Victor Muñoz; eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 76. min).
Athletic. Unai Simon; Gorosabel (Areso, 69. min), Vivian, Paredes, Adama Boiro; Ruiz de Galarreta (Rego, 60. min), Jauregizar; Iñaki Williams (Berenguer, 60. min), Sancet (Robert Navarro, 60. min), Nico Williams (Nico Serrano, 89. min); eta Guruzeta.
Golak. 1-0: Ruben Garciak (34. min). 1-1: Guruzetak (71. min).

ALAVESEK OVIEDORI IRABAZIZ EKIN NAHI DIO URTEARI

Alavesek bihar jokatuko du urteko lehen partida, Mendizorrotzan, Oviedoren aurka (18:30, DAZN). Arabako taldeak irabaziz ekin nahi dio 2026ari. Beharra du, ligako azken sei partidetatik bost galdu baititu, eta bakarra irabazi. Horren ondorioz, azpiko postuetara gerturatu da. Gaur, aukera aproposa du suspertu, eta joera aldatzeko, Oviedo okerrago baitabil: azken-aurrena da, eta ligako azken hamar partidetatik ez du bakar bat ere irabazi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.