Osasuna-Athletic

Osasunak eta Athleticek dinamika aldatu nahi dute urte berriarekin batera

Nafarroako taldeak irabazi egin zuen jokatutako azken partida, Alavesen aurkakoa, eta garaipen horrek hauspoa eman zion. Athleticek, berriz, kolpea hartu zuen etxean. Laporte eta Boyomo ez daude deialdian.

Athleticeko Andoni Gorosabel eta Osasunako Aimar Oroz nor baino nor gehiago, Barakaldon jokatutako Euskal Herria Txapelarko finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Athleticeko Andoni Gorosabel eta Osasunako Aimar Oroz nor baino nor gehiago, Barakaldon jokatutako Euskal Herria Txapelaren finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2026ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gabonetako oporraldiaren ostean, bueltan da gizonezkoen Espainiako Lehen Maila. Derbi batekin itzuliko da; izan ere, Osasunak eta Athleticek gaur jokatuko dute, Sadarren, hemezortzigarren jardunaldiko norgehiagoka (16:15, Movistar Plus). Alessio Lisciren taldeak egoerari bestela begiratzeko moduko garaipena eskuratu zuen Alavesen aurka, eta, ondorioz, hamabigarren da, hemezortzi punturekin. Sailkapenean goraxeago dago Athletic, zortzigarren postuan baitago, 23 punturekin, baina Espainiako Superkopa dela eta, partida bat gehiago jokatu dute zuri-gorriek. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak galdu egin ditu ligako azken bi norgehiagokak, eta azkena bereziki mingarria izan zen: 2-3 galdu zuen Espanyolen aurka, San Mamesen.

Argi dago, beraz, zer eskatu dioten Osasunako kideek zein Athleticekoek urte berriari: emaitzak hobetzea, eta sailkapenean gora egitea. Athleticen urtarrileko aldapa Tourmalet igotzearen modukoa izango da; izan ere, Bizkaiko taldeak Osasunaren aurka ekingo dio 2026ari, baina, ligaz gain, beste zenbait konpromiso ere baditu Valverderen taldeak. Sadarren jokatu eta egun batzuetara, Arabiara joango dira, Espainiako Superkopa jokatuko baitute ligako lider Bartzelonaren aurka. Irabaziz gero, hilaren 11n jokatuko lukete finala. Bestalde, bi norgehiagoka falta dira Txapeldunen Ligako ligaxka amaitzeko, eta Athleticek oraindik badu aukera kanporaketetarako sailkatzeko. Hori lortzeko, Atalantari irabazi beharko dio Bergamon (Italia), eta Portugalgo Sportingi San Mamesen.

Badirudi Osasuna etxean gero eta sendoago aritzeko bidean dela. Izan ere, Realaren aurkako derbia galdu osteko bi partidak irabazi ditu: bi neurketa horietan bost gol sartu ditu, eta gorritxoei ez diete bakar bat ere sartu. Bi taldeak, dena dela, zalantzaz ibili dira denboraldiaren zenbait partetan, eta sasoi hasieran ezarritako helburuak ez dira betetzen ari. Osasunak erakutsi du Lisciren alde egindako apustua sendoa dela; izan ere, emaitzek lagundu ez badiote ere, kirol zuzendaritzak une oro babestu du Italiako entrenatzailea. Athleticen denboraldia, berriz, orain arte oso bestelakoa da aurrekoaren aldean: ezinbestekoak dira Nico Williams eta Oihan Sancet, baina norgehiagoka garrantzitsuetan ezin izan dira aritu, eta hutsune horiek agerian geratu dira.

Yuri Berchichek min hartu zuen Celtaren aurka jokatzen ari zela, eta, klubak hurrengo egunean argitaratutako mediku txostenaren arabera, eskuin hankako gihar iskiosuralean du lesioa. Oraindik osatu ez denez, gaur ez du jokatzerik izango. Zarata handia sortu zuen Aymeric Laporteren fitxaketak, eta, bulegoetan sortutako buruhausteak gainditu ostean, Bizkaiko taldeak erdiko atzelaria fitxatzea lortu zuen. Laporteren errendimendua, baina, ez da espero bezalakoa izan orain arte, eta badirudi hil hau amaitu arte ez duela jokatzerik izango.

Honelaxe esan zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak: «Osasunaren aurkakoa partida zaila izango da. Sadarren talde indartsua da: hemezortzi puntuetatik hamasei etxean lortu ditu. Bidean utzi ditugun puntuak berreskuratu nahi ditugu, eta horretarako borrokatu behar dugu». Liscik ere uste du partida zaila izango dela zuri-gorrien aurkakoa, eta adi egon beharko dutela adierazi zuen atzo: «Gogotsu gaude. Partidan ditugun momentu onak aprobetxatu behar ditugu, eta dena eman. Eta sufritzea tokatzen zaigunean, sufritzen jakin».

Boyomo, Kamerunekin

Oraintxe selekzioak Afrikako Kopa ari dira jokatzen, eta, taldeek denboraldi hasieratik bazekiten ere, batzuk ezustean harrapatu ditu txapelketak. Osasuna ez da salbuespena; izan ere, Enzo Boyomo erdiko atzelaria Kamerungo selekzioarekin ari da. Kamerun, gainera, final-zortzirenetan izango da, F multzoan bigarren postuan amaituta. Klubak, noski, ez du taldeko jokalari batentzat txarrena desioko, baina ziur poztuko direla erdiko atzelaria lehenbailen taldeko dinamikan sartzen bada. Abel Bretones ezker hegalekoari bosgarren txartel horia atera zioten Alavesen aurkako norgehiagokan, eta hark ere gaur ezingo du jokatu. Javi Galan ezker hegaleko jokalaria, berriz —neguko merkatuan fitxatutakoa—, deialdian dago lehen aldiz.

Nafarroako taldeak ateak zabalik egin zuen atzo goizean lan saioa, eta, zaleek entrenamenduaz gozatzeaz gain, seguru jokalarientzat babes garrantzitsua izan dela gaurko norgehiagoka garrantzitsuari begira. Bi taldeek behar eta nahi dituzte hiru puntuak, eta urtea ondo hasi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.