Osasuna eta Athletic datorren denboraldian Europan aritzeko postuetan egoteko lehian daude, eta, haietatik gehiago ez aldentzeko, garaipena behar dute gaur. Biak etxean arituko dira, eta sailkapenean gorago dauden bi talderen kontra jokatuko dute. Osasunak Betis hartuko du (14:00, Movistar), eta Athleticek, Vila-real (21:00, Movistar).
Betis aurkari gaiztoa da. 2014tik behin bakarrik galdu du Sadarren, eta Europako postuetan finkatuta dago. Baina Manuel Pellegrinik zuzentzen duen taldea bolada txarrean dago. Ligako azken sei partidetan ez du garaipenik lortu. Gainera, ostegunean partida garrantzitsua du, Europa ligako final-laurdenetako itzulerako partida jokatuko baitu Bragaren aurka. Hori baliatu nahi du Osasunak. Alessio Liscik honela aztertu zuen atzo neurketa: «Oso partida ona egin beharko dugu irabazteko, Betis goi mailako taldea baita, eta etxetik kanpo aurkari gaiztoa baita. Ez dut uste Europan jokatu behar duten neurketak eragingo dienik, jokalari multzo handia baitute». Liscik bi jokalari faltako ditu: Boyomo eta Osanbela, biak zigortuta baitaude txartelak pilatu dituztelako.
Athleticen aurkariak, Vila-realek, denboraldi kaskarra egin du Txapeldunen Ligan eta Espainiako Kopan. Baina ligan bikain ari da, eta borroka estua du Atletico Madrilekin hirugarren izateko. Beraz, zuri gorriek, aurreko asteburuan baino hobeto aritu beharko dute punturen bat eskuratzeko. Nico Williams, Yeray Alvarez eta Maroan Sannadi taldera itzuli ziren Getaferen aurka, denbora luzez kanpoan egon eta gero. Yeray titular izan zen, eta ikusteko dago Williams anaietan gazteenak gaur hasieratik aritzeko aukera duen. Zuri-gorriek beharrezkoak dituzte haren abiadura eta buruz buruko jokaldiak. Ernesto Valverde honela mintzatu zen gaurko partidaz: «Europa? Ez ditugu nahikoa puntu lasai egoteko. Biharko [gaurko] partidan asko dugu jokoan».