Osasuna 1-1 Betis

Osasunak eta Betisek bana berdindu dute Sadarren

Abdek zazpigarren minutuan sartu du bisitarien gola, eta 40.ean berdindu du Budimirrek, penaltiz. Garaipena lortzeko aukerak izan ditu Osasunak.

Rozier baloiarekin, parean Abde duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Rozier baloiarekin, parean Abde duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 12a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berdinketa Sadarren. Osasunak Betis jaso du etxean, eta bana berdinduta amaitu dute partidua. Irabaziz gero Lehen Mailan beste urtebetez jarraitzea ziurtatuko zukeen Iruñeko taldeak, eta Europara begira jartzeko modua ere izango zukeen. Aukera horrek bizirik segitzen du, baina batek baino gehiagok sentituko du gaur bi puntuk ihes egin dutela Sadarretik.

Betisek ederki hasi du partida, eta aurretik jarri da zazpigarren minuturako. Kontraeraso ikusgarri batean heldu da gola: Bellerinek pase bikaina egin dio Abderi, eta Osasunako jokalari ohiak bikain amaitu du jokaldia, duen abiadura baliatuta. Hurrengo minutuetan beste abagune pare bat ere izan ditu aurrelariak, baina ondo aritu da Sergio Herrera.

Osasunaren 1980ko taldeari omenaldia, partida aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Osasunaren 1980ko taldeari omenaldia, partida aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Minutuak igaro ahala, hobera egin du Osasunak. Partidak sekulako erritmoa zuen, eta baloiak geroz eta gutxiago irauten zion Betisi. Geroz eta gehiago agertzen hasi da, berriz Victor Muñoz, Osasunako jokalaririk onena gaur. Taldekideek badakite sasoi betean dagoela, eta etengabe jokatzen dute harekin. 

Lisciren taldeari 38. minutuan heldu zaio saria. Budimirrek buruz errematatu du korner bat, Alvaro Valles atezainak geldiketa ona egin dio, baina aldaratzean penaltia egin diote Herrandori. Budimirrek berak sartu du gola, denboraldiko hamaseigarrena ligan. 

Ez da iritsi

Lehen zati amaierako olatuari segida emanda, Osasuna hobea izan da bigarren zatian. Victorrek behin eta berriz egin du min ezker hegaletik; aipatzekoa izan da 58. minutuan area kanpotik egin duen jaurtiketa bat, baina kornerrera bidali du Vallesek.

Azken minutuetan oso lehiatua izan da norgehiagoka; bietako edozeinen gola hel zitekeen, baina azkenean ez da inorena heldu.

Sailkapen nagusian 39 puntu ditu Osasunak, eta, behin behinean, bederatzigarren da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA