Osasunak Europan izateko aukerari eutsi nahi dio

Gorritxoek Bartzelona hartuko dute gaur, Sadarren. Victor Muñoz min hartuta dago, eta baliteke haren ordez Raul Morok jokatzea. Alessio Liscik uste du «oldarkor baina zentzuz» jokatu behar dutela.

Alejandro Catena Sevillari azken unean sartutako gola ospatzen, duela bi jardunaldi, Sadarren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Alejandro Catena Sevillari azken unean sartutako gola ospatzen, duela bi jardunaldi, Sadarren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko maiatzaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak garaipen handia lortu zuen aurreko denboraldian Bartzelonaren aurka, Sadarren: 4-2. Bada, gaur ere (21:00, Movistar+) hiru puntuak eskuratu nahi ditu, eta bigarren garaipena segidan kateatu —aurreko jardunaldian 2-1 irabazi zion Sevillari—. Hori lortuz gero, eutsi egingo dio Europarako sailkatzeko aukerari. Bete-betean jarraituko du lehia horretan Alessio Liscik zuzentzen duen taldeak. Hansi Flickena, berriz, irabazten badu, bihar txapeldun izan daiteke Real Madrilek Espanyolen aurka irabazten ez badu. 

Iker Benito da deialdiko berritasun nagusia. Benitok lesio larria izan zuen belaunean, eta sei hilabete eman ditu jokatu ezinda. Aste osoan kili-kolo ibili ostean, Aimar Oroz osatu da. Victor Muñozek, berriz, ezingo du jokatu. Giharretako lesioa du soleoan. Ezusterik ezean, Raul Moro arituko da haren tokian: «Hegaleko petorik gabe jokatzeko aukera ere hor dago», esan zuen atzo Liscik. 

Gorritxoen prestatzaileak argi du nola heldu behar dioten gaurko partidari: «Oldarkor aritu behar dugu, baina, aldi berean, zentzuz jokatu behar dugu. Bigarren jokaldiak eta buruz buruko lehiak erabakigarriak izango dira. Aurkariak jokoz kanpo uzten trebeak dira haiek, defentsa oso ondo aurreratzen baitute. Aldagai asko hartu beharko ditugu kontuan irabazteko».

Europarako sailkatzeko aukeraren inguruan hauxe esan zuen: «Hor gaude, bi puntura. Baina bihar [gaur] izango dugun aurkaria kontuan hartuta, nahiago dut horretan ez pentsatu. Arreta partidan jarri behar dugu. Espero dugu giroa Real Madrilen aurkako partidaren parekoa izatea».

Bartzelonan, min hartuta daude Lamine Yamal eta Christensen. Raphinha eta Marc Bernal deialdian dira, baina, ezusterik ezean, aulkian hasiko dute norgehiagoka. Kounde, berriz, zigortuta dago txartelak pilatu zaizkiolako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA