Zaila izango da, baina ez da ezinezkoa. Osasunak Europarako sailkatzeko postuen borrokan segitu nahi du, eta, horretarako, irabazi egin nahi du gaur. Levanteren zelaian jokatuko du (21:00), eta hiru puntuak ditu helburu. Neurketa garrantzitsua dela azpimarratu zuen atzo Alessio Lisci gorritxoen entrenatzaileak: «Kale edo bale egiteko partida izan daiteke. Ez dakigu azkenean Europarako toki bat gehiago egongo ote den, baina horrek ezin du pelikula aldatu, eta ezin dugu espekulatu: ez dago B planik». Victor Muñoz min hartuta dago, eta ezingo du jokatu. Hura da hutsune bakarra.
Dena den, ez da partida erraza izango nafarrentzat, Levante izango baitute parean, eta puntuen beharra baitu hark. Oraintxe, azken-aurreko postuan dago. «Emozio handiko neurketa izango da. Gure partida egin behar dugu, eta pazientzia izan behar dugu sufritzen ari garenean», azaldu zuen Liscik. Poltsikoa beteta itzuli nahi du Osasunak.