Alaves 1-1 Osasuna

Osasunak ez du Europan jokatuko datorren sasoian

Bana berdindu du Mendizorrotzan, eta irabazi beharra zuen. Azken minutuetan estutu egin dute, baina Siverarekin egin dute topo. Alaveseko atezainak gelditu bikainak egin ditu.

Osasunako jokalariak aukera bat huts egin ostean. L. RICO / EFE
Osasunako jokalariak aukera bat huts egin ostean. L. RICO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko maiatzaren 24a
23:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez Europa Liga, ez Konferentzia Liga. Osasunak ez du Europan jokatuko datorren sasoian. Gorritxoek irabazi egin behar zioten gaur Alavesi, eta Rayoren eta Celtaren emaitzen zain egon. Bain ez dituzte etxeko lanak egin, nahiz eta esku-eskura izan duten. Gol bakarrera izan dute sailkapena, Rayok ez baititu hiru puntuak lortu. Azkenean bana berdindu dute, eta agur esan diote Europari.

Partida bizi hasi da. Neurketako lehen abagunea nafarrek izan dute, 14.minutuan. Budimirrek bikain errematatu du Bryanen erdiraketa bat, eta Siverak esku ona atera du. Baina hurrengo jokaldian etxekoak egon dira aurretik jartzear. Alabaina, Herrerak geratu egin du Alañak area ertzetik egin duen jaurtiketa. 

Minutuak aurrera joan ahala Alaves lasaiago aritu da, ez baitzuen hiru puntuen beharra. Osasunak, berriz, nahi zuen aukerak sortu, baina argitasuna falta izan zaio. Carlos Vicente gola sartzear egon da 22. minutuan, baina baloia gora joan zaio. Herrerak, berriz, beste gelditu on bat du. Oraingo honetan Benavidezen jaurtiketa bat geratu du. 

Osasunak argitasuna gehiago behar zuen jokoan, eta horretarako Aimar Orozek azaldu behar zuen. Arazurikoa baloia eskatzen hasi da, eta gorritxoek bi abagune on izan dituzte aurretik jartzeko. Catena indartsu sartu da atzetik buruz, baina bakar-bakarrik zegoela kanpora bidali du errematea. Budimirri, berriz, zutoinetik gertu joan zaio jaurtiketa hurrengo jokaldian. 35. minutuan zen, eta hortik atsedenaldira bitarte parekatu egin zen neurketa.

Bigarren zati hasieran Osasunak minutu onenak jokatu ditu. Jokoaren ekimena izan du, eta hainbat aukera izan ditu gola egiteko, tartean bat oso argia Budimirrek. Baina Siverarekin egin du topo berriz. Gorritxoak ondo zeuden, baina ez dituzte aukerak baliatu. Hala, beste behin futbolaren patua azaldu da: Alavesek gol sartu du, 54. minutuan. Juan Cruzek penalti inozoa egin zion Tenagliari, baloia kontrolatzera zihoanean. Carlos Vicenten jaurti du eta baloia sareetara bidali du. Kolpea izan da gola Osasunarentzat, zelai erdiaren kontrola galdu du, eta hurrengo minutuetan Alaves hobea izan da.  Benavidez aldea handitzear egon zen. 88. minutuan, ordea, Raul Garciak gola egin du Osasunarentzat. Catenak buruz jo du Aimar Orozen erdiraketa bat, baloia aurrelariari iritsi zaio, eta neurketa berdindu du.

Hortik aurrerakoak agoniaren minutuak izan dira Osasunarentzat eta bere zaleentzat. Gorritxoek estutu egin zuten luzapenean, eta aukera ugari izan zituzten gola egiteko. Baina Sivera azaldu da berriro ere, gorritxoek Europarako sailkatzeko zuten ametsa zapuztuta. 

Athletic, bihar

Athleticek izango da denboraldia agurtzen azkena, San Mamesen, Bartzelonaren aurka (21:00, Movistar). Oscar de Marcos agurtzeko eta Txapeldunen Ligarako sailkapena ospatzeko partida izango da. Klub zuri-gorriak atzo jakinarazi zuen kontratua berritu diela Iñigo Ruiz de Galarretari eta Iñigo Lekueri. Galarretari 2027 arte luzatu diote, eta Lekueri 2026 arte. 

Alaves-Osasuna

Alaves: Sivera; Tenaglia, Sedlar (Pica, 79. min), Garces, Manu Sanchez; Benavídez (Carlos Martin, 79. min.), Blanco; Guridi (Conechny, 63. min), Aleña, Carlos Vicente; eta Kike Garcia (Toni Martinez, 63. min.).

Osasuna: Herrera; Juan Cruz (Bretones, 59. min.), Boyomo, Catena, Areso; Ibañez (Raul Garcia, 59. min.), Torro (Iker Muñoz, 46. min.); Ruben Garcia (Unai Garcia, 93. min), Oroz, Bryan (Arnaiz, 82. min.) eta Budimir.

Golak: 1-0: Carlos Vicentek, de penaltiz, 56. min.). 1-1: Raul García de Harok (88. min.).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.